
Mitemeleteko kooperatibari lagunduko dio Mundu Zabalek
Markina-Xemein
Gobernuz kanpoko erakundeak 50.000 euro bideratu zituen, iaz, Mozambikera.
e. mugartegi
Mundu Zabal hirugarren munduarentzako elkarteak, Gineako, Mitemeleteko CIPA kooperatibari lagunduko dio aurten. 50.000 euroko diru laguntza lortzeko konpromisoa hartu du.
Urtero moduan, bazkideen Batzar Nagusia egin du apirilean Mundu Zabal gobernuz kanpoko erakundeak. Bertan, joan den urteko balorazioa egiteagaz gainera, 2008an lagunduko duten proiektua erabaki dute. Horrela, hegazti eta arrautzen produkzioan behar egiten duen Gineako Mitemeleteko CIPA kooperatibari eskua ematea erabaki dute.
Joan den urtean ere, kopuru berdina, 50.000euro, lortu zuen erakundeak Mozambikeko errepide sarea hobetzeko, eta aurreko urteetan legez, hainbat ekimen eroango dituzte aurrera helburua lortzeko.
Sarrerak eta gastuak
Erakundeak, bazkideen eta laguntzaileen kuotetatik, norbanako eta erakundeen diru laguntzetatik eta dendatik lortzen du dirua batez ere. 2007an, 48.128,35 euroko sarrerak izan zituen: bazkide eta laguntzaileen bitartez 7.565,59 euro lortu zituzten, 19.714,03 euro diru laguntzen bidez, dendatik 10.121,50 euro lortu zituzten, eta Baraibarko merkatuan 10.400 euro. Horretaz gainera, bankuko interes eta beste salmenta batzuen bidez 327,23 euro bereganatu zituen Mundu Zabalek.
Bestalde, sarrerak proiektuetara izaten dira bakarrik, beraz, 50.000 euro Mozambikeko errepideetara bideratu zituzten, eta 855,31 euro Comercio Justora. Guztira, 50.855,31 euroko laguntza eman zuen erakundeak.
Besta alde batetik, zuzendaritza batzordea ere berritu egin du Mundu Zabalek. Orain arte zuzendaritzan egon diren Keltxe Altuna, Arantza Gogenola, eta Ricardo Lanzen ordez, Maria Nieves Berezibar, Inmaculada Maiztegi eta Pili Serrano aukeratu dituzte bozketa bidez.
Hainbat proiektu
2000 urtean hasi zen Mundu Zabal proiektuak laguntzen. Madagaskar, Mozambike, India, Ekuador, Kongo, Peru, Bolivia, Ghana, Kolonbia eta Ginean aurrera eroan diren era guztietako proiektuak bultzatu dituzte. Beti ere, proiektuak zer edo zer eraiki edo hobetzeko izan dira, eta gainera, proiektuen jarraipena egiten dute. Iaz, Mozambikeko proiektuaren arduradunek errepidearen egoera azaldu zuten, eta azken bileran, jakin ahal izan dute, 2009ko hasieran amaituko dituztela errepide sareko 190 kilometroak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
DEIALDIAK
PODOLOGO ZERBITZUA
MARKINA-XEMEIN, - 2008-09-01
ERAKUSKETA
Erakusketa
ONDARROA, Udaleko Erakusketa Aretoa - 2008-09-08
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.