
Udan Lea Ibilbidea inauguratzeko moduan egongo dela uste dute
Gizartea
Obrak hile biko epean amaituko dituztela aurreratu du Iker Belaustegik; Munitibar eta Gizaburuagan hiru zati daude egin barik.
irati urberuaga
Hilabete biko epean Lea Ibilbidea osotasunean amaituta egongo dela esan du Lea Ibarreko lehendakari Iker Belaustegik. «Lehenengo fasea amaitu genuenean bigarrena amaitzeko ipini genuen data beteko dugula uste dut», esan du. Ekainerako edo uztailerako falta diren «hiru bat kilometroak» eginda egongo dira, beraz.
Gizaburuagako eta Munitibarko hiru zati daude egin barik. Gizaburuagan, Bizkaiko Foru Aldundia egiten dabilen saneamendu obrengatik behin-behineko bidea dago eginda. Munitibarren, bi lekutan falta da bidea egitea: Ingleseneko errebuelta inguruan eta Susaetako parajean.
Ibilbideak, guztira, 25 kilometro ditu, eta kostaldetik barrualderako bidea egiten du; Mendexatik Oizko magalera, Gerrikaitzera. Udan inauguratzeko asmoa agertu du Belaustegik.
«Hasieratik konplexua»
Laster amaitzekotan badira ere, obra hasieratik gaitza izan dela aitortu du. «Lehengo sorbideak aprobetxatu nahi izan ditugu, baina beti ez da izan posible». Horretan, partikularrek eta Eusko Jaurlaritzaren Uren Zuzendaritzak eduki dutela zer ikusia jakinarazi du Belaustegik. «Gainean eduki dugu Jaurlaritza, eta eurekin gestionatu behar izan ditugu hainbat kontu, erreken landaredia eta ingurua zaindu behar direlako».
Ingleseneko errebueltan, adibidez, ibilbidearen nondik norakoak aldatu egin dira. Lehen, zubi bat egitekoak ziren Lea errekaren gainetik, baina Iker Belaustegiren arabera ¬Munitibarko alkatea ere bada¬, Eusko Jaurlaritzako funtzionarioak galarazi zuen hori «errekaren kontserbazioa kontuan hartuta».
Turismoa bultzatu nahian
Ibilbidearen helburuetako bat turismoa bultzatzea dela argi dauka Mankomunazgoko lehendakariak. «Ez gara eskala handiko turismoaz ari, ez dugu nahi Benidorm bat. Turismo jasangarri baten aldeko apustua egiten dugu», zehaztu nahi izan du.
Eta obrak amaitu aurretik ere, bidearen zati batzuk eginda daudenez, jende asko hasi da ibilbidea egiten, batez ere, udaberritik udazkenera bitartean. Ibilbideak berak berez daukan erakargarritasuna alde batera utzita, herri bakoitzak daukana ere aprobetxatu beharrekoa dela uste du. Hortik abiatu ei zen proiektua bera. «Konturatu ginen herriak batuta sinergiak aprobetxatu behar direla. Horiek, orain arte, ez ditugu jakin aprobetxatzen». Bost herrietan dauden kobazulo, parke, gastronomia ohitura, errota eta bestelakoez ari da. «Azken batean, aitzakia bat da ibilbidea», esan du.
Oraingoz, batez ere, ahoz aho zabaldu da ibilbidearen berri. Asteburuetan-eta ibilalditxoa egitera etortzen den jendeak lagunei, familiari... aholkatuta, askotan. «Oso erraz saltzeko produktua da. Jendea gero eta gehiago ibiltzen da oinez. Gainera, antza, Bizkaiko Diputazioak hainbat ibilbide-eta zerrendatzen dituen liburuxkan aterako ote duen kontua entzun dut», esan du.
Hori dela eta, udal bakoitzak herriko zer nabarmendu behar duen pentsatu behar duela uste du Belaustegik, eta partikularrek, ostera, turismo negozioak zabaltzeko aukera daukatela. «Partikularrei ezin diegu ekonomikoki lagundu, baina gestio mailan lagun diezaiekegu».
Bizikletentzat debekatuta
Ibilbidea «bakar-bakarrik» oinezkoentzat dela azpimarratu nahi izan du Lea Ibarra Mankomunazgoko lehendakariak. «Asegurua ere oinezkoentzako dago eginda», esan du. «Ulertzekoa da mendi bizikletan-eta ibiltzea. Modu batera edo bestera, bideak horretara tentatzen dituelako bizikletazaleak. Baina ezin da ibili». Modu berean, motoagaz ibiltzea ere galazota dagoela gogoratu du Belaustegik.
inkesta
«Herrigune inguruko zatian ibiltzen naiz»
Jose Maria Basterretxea
munitibar
«Amuluagatik parkera artekoa polita da»
Jon Solozabal
aulesti
«Batez ere, korrika egiteko erabiltzen dut»
Paula Leniz
gizaburuaga
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ANTZERKIA
Jardunaldiak
MUTRIKU, Anaiarte Biltokian - 2008-09-05
HITZALDIA
Jardunaldiak
LEA-ARTIBAI, Anaiarte Biltokia - 2008-09-09
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.