Edukira joan

juan bidegain ð- Zinemagilea

«Espielloko sari nagusia familiagaz partekatzea zirraragarria izan da»

Kultura

'Kardala'-k Espiello Sari Nagusia eskuratu du aurreko asteburuan, Boltañan; Pirineotako herri txikiak sustraituta dauka zinemaldia, eta hori igarri da antolaketan.

larraitz ibaibarriaga

Sariak pilatzen doazkio Juan Bidegaini (Ondarroa, 1964) laneko bulegoan. Azkena Boltañako (Huesca, Espainia) zinemaldi etnografikotik ekarri du. Plaza ezaguna du, etxean lantxerik sentitu arazten dizuten horietakoa.

Boltañan lehen ere egonda zaude.

Lehenenengo dokumentalagaz, Urtebete itsasoan, arrantzan amugaz irten nuen lehen zinemaldia izan zen. Publikoaren saria lortu genuen. Harrez gero, Rockall-egaz joan gara. Orduan, aipamen berezia eman ziguten. Gero, Eskola Publikoko umeek egindako egitasmoagaz joan ginen, eta irabazi egin genuen. Orain, Kardala-gaz joan gara, eta sari nagusia eskuratu du.

Zuen beharrek, orduan, harrera on-ona eduki dute han?

Bai, bai. Gainera, oraingoan oso zirraragarria izan da. Familia guztiagaz joan naiz, umeekin eta andreagaz. Lau sari ematen dituzte denetara, eta eman ahala, umeak-eta han zebiltzan, gero eta urduriago.

Sari nagusiaren faltan, eta besteak banatuta zeudela, pasa zitzaizun burutik irabaztea?

Ez. Irabaztea ez zaizu ezta burutik ere pasatzen. Saria bakarra da, eta ez da erraza irabaztea. Publikoaren saria, esate baterako, izan zen Pirineoen gaia zeukana, beste bat ematen zitzaion 30 urtetik beherako ekoizleari.

Eta zu haietatik guztietatik kanpo geratzen zinen...

Bai, eta aitatu ditudan beharrak sari nagusirako lehian sartzen dira. Pirineotako saria eroan zuenak, adibidez, publikoarena ere eroan zuen, eta eroan zezakeen beharrik onenarena ere bai.

Sariagaz batera, Boltañak zer edo zer gehiago ere eman dizu, ezta?

Boltañan inon baino hobeto dakite geure izate guztia. Nire dokumentalen bitartez, itsasoaren ikuspuntuak ezagutzen dituzte. Gure herria mapan sartuta daukate. Geuk ere eduki egin beharko genuke Boltaña geure mapan. Leku zoragarria da.

Eta anaia Eugenio joan zen Boltañara?

Ez zen joan. Emaztea eta laurok izan ginen. Izan da leku egokiena, eta saririk egokiena. Familiagaz partekatzea beste gauza bat da. Eurek ikusi dute egin duzun ahalegin guztia, momentu txar guztiak. Umeen aurrean saria jasotzea, eurak zeugaz egotea, ezin da berbekin adierazi.

Umeak harro-harro egongo ziren aitak irabazi zuelako.

Ni baino urduriago zeuden. Oholtza gainetik jaitsi nintzenean, begiak bete-bete eginda zeuzkaten.

Eta oholtzara bueltatuta, diskurtsoren bat botako zenuen, ezta?

Ez neukan ahalmenik ere. Ez dakit lau berba ganoraz esatera ailegatu nintzen. Badakit altxatu nintzela, saria eman zidatela, eta «arnasa hartu behar dut» esan eta «bat, bi, hiru» zenbatu nituela. Justu-justu eurei andreei eskaini nien saria, andreei orokorrean, Ondarroako herria eta gainerakoak aurrera ateratzeagatik.

Publikoak zelan hartu zuen Kardala?

Zapatuan eman zuten, han daukaten areto batean. 260 lagunentzako lekua dauka, eta 180 bat egongo ziren, erraz, pelikula ikusten. Saria eman aurretik, pare bat lagun etorri zitzaizkidan, bai eta epaimahaiko bat ere. Filma nahi den beste gustatu zitzaiola esan zidan epaileak. Gero, saria eman ostean etorri zitzaidan berriro, «ene, pentsatzen nuen konturatuko zinela saria zeurea zela» esaten.

Gehiegitxo esan zizulakoan?

Bai. Baina saria eman zidatenean ipini nuen aurpegiak argi laga zion, ezetz, ez nintzela konturatu. Lehen esan modura, ez zaizu burutuk pasatzen irabaztean.

Gainerakoen beharrak ikusteko aukera eduki zenuten. Zelakoak iruditu zitzaizkizun?

Etnografia mailan egiten den zinemaldi bakarra da Boltañakoa, eta ikusten dituzu behar batzuk beste inon ikusiko ez dituzunak. Beharbada ez dira oso ikusgarriak, baina kalitatea ona izaten dute. Lehian Television Españolako bost behar egon dira, bai eta Documentamadriden aukeratuta dagoen beste bat ere. Batzuetan, irabazi boto bakarrarengatik egiten da. Aukeratzea bera ere ez da erraza.

Gaitza izango da.

Jendea ez da konturatzen zinemaldi batean parte hartzeko zelako iragazkia dagoen. Boltañakora 66 aurkeztu ziren, eta 22 bakarrik aukeratu dituzte. Nik lanak aurkeztu egiten ditut, eta aukeratzea guztiz garrantzitsua da. Jendeak irabaztea eskatzen du. Futbolean ere 22 taldek jokatzen dute liga, eta batek irabazten du.

Kardala ekainean Kataluniako Nazioarteko Ingurumen Zinenaldian egotekoa ere bada...

Ikaratuta nago zelan aukeratu duten. Bartzelonatik deitu zidatenean, harrituta geratu nintzen. Ez nuen ezertarako ere esperoten. Arraroa egin zait, eta izugarri baloratzen dut. Hara bai joango naizela lasai-lasai.

Eta behar berri bat ere badaukazu besopean, Nun izenburupean.

14 minutuko lana da. Maiatzaren 10ean erakutsiko diet protagonistei, Kofradia Zaharrean. Ez dauka hizkuntzarik, eta mundu guztira nabil bidaltzen.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Finala
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU, BECen - 2008-11-12

HITZALDIA

HITZALDI ZIKLOA
LEA-ARTIBAI, - 2008-11-21

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.