
Habixi sortu da, etxebizitza eskubidea defendatuko duen talde berria
Berriatua
Bihar, «etxebizitzaren egoeraren erantzuleak» markatuko ditu; hilaren 10ean, manifestazioa egingo dute.
asier alkorta
Berriatuko Gazte Asanbladak (BGA) etxebizitza eskubidearen aldeko taldea sortu du: Habixi. Taldeak «beste herri eredu bat lortzeko» etxebizitza politika berriztatu beharra dagoela azpimarratu nahi izan du sortu bezain pronto. Horrela, Berriatuko Udalari bere lehen eskakizuna egin dio: herritarren parte-hartzeagaz, herriko egoera islatuko duen azterketa bat egin dezala.
Joan den astean egin zuten Habixiren aurkezpena Berriatuko frontoian. «Etxebizitzarako sarbidea euskal gizartearen arazo larrienetako bat bilakatu da, eta soka gero eta estuago daukagu», azaldu zuten taldekideek aurkezpenean. Euskal Herriko gazteek bizitza independente bat edukitzeko duten «zailtasuna» azpimarratzeaz gainera, Berriatua ere «zementuaren negozioan» ez dela kanpoan geratu esan zuten Habixikoek. «Etxebizitza bat izateko eskubidea daukagu, eta ez diogu inori eskubide horren kontura aberasten utziko; ez gara bankuen txotxongiloak». Izan ere, gaur egun gazteriak lan munduan bizi duen «egoera prekarioaren» eta etxebizitzen prezioen gorakadaren aurrean ezin direla besoak gurutzatuta gelditu esan dute Habixikoek. «Egoera larri horrek erantzuleak ditu: bankuak eta eraikuntza enpresak, besteak beste», zehaztu nahi izan dute.
Aurrera begira, «eginbehar asko»
Sortu berri bada ere, Habixik argi dauka egiteko asko daudela Berriatuko eta, orokorrean, Euskal Herri osoko etxebizitzaren egoera hobetzeko. «Aurrera begira, erronka handiak dauzkagu. Lehenengo, Berriatuko etxebizitza politikagaz inor gehiago ez aberastea lortu behar dugu; beharrizana dutenen eskubideak bermatzen ahaleginduko gara». Hori lortzeko, «sasi alternatibak alboratu» eta «benetako beharrizana» dutenentzako proiektuak gauzatzeko proposatu du taldeak.
Datozen egunetan, herriko jaiak direla eta, sangregorioak, mobilizazioak iragarri dituzte taldekideek. Bihar bertan, «etxebizitzaren egoeraren erantzuleak markatzeko» hitzordua jarri dute, 11:00etan, herriko plazan. Maiatzaren 10ean, ostera, rock kontzertuaren egunean, 22:00etan egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herriko gazte guztiei.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
IRTEERAK
Desanexioaren urteurreneko II. Mendi Martxa
ZIORTZA-BOLIBAR, Ziortza-Bolibarren - 2008-11-14
HITZALDIA
HITZALDI ZIKLOA
LEA-ARTIBAI, - 2008-11-21
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.