
Aireportuan senideekin elkartu ostean, etxean daude marinelak
Ekonomia
Ailegatzean, «poza» eta «urduritasuna» sentitu dituela azaldu du Iñaki Lopezek; nekatuta heldu dira.
edurne burgaña
Iñaki Lopez eta Juan Pedro Sesma etxean daude. Atzo iritsi ziren Loiuko aireportura gainontzeko hiru arrantzale euskaldunekin batera. Iñaki Lopezek azaldu duenez, aireportura ailegatzean poza sentitu zuen senitartekoak ikusita, eta urduritasuna «hainbeste kazetariren artean.
Playa de Bakio ontziko arrantzaleak atzo, 12:40an, ailegatu ziren Loiuko aireportura. Seychelleetatik Madrilera (Espainia) 07:15ean ailegatu ziren, eta handik Loiura abiatu ziren. «Oso nekatuta» iritsi zirela azaldu zuten astebetez bahituta egon ostean. Ontziko gainerako beste hamahiru arrantzale afrikarrak Seychelleetan geratu dira, oraingoz.
Euskal arrantzaleek Madrilen adierazitakoaren arabera, «tentsio handia» bizi izan dute, eta orain, senideekin egon nahi dute. «Lasai uzteko» eskatu diete gainerakoei.
«Bizitza normala»
Iñaki Lopezek, etxera heldu bezain pronto, LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZArentzako berba egin du: «Aireportura iritsi naizenean, senideak ikusi eta asko poztu naiz. Gero, hedabideetako hainbeste jende ikusi dudanean, urduri jarri naiz», azaldu du.
Lekeitiora ailegatu eta egin duen lehenengo gauza zein izan den ere adierazi du: «Ama ikustera joan nahi izan dut». Astebetez bahituta egonda, komunikabide guztietan azaldu da albistea, baina orain, «bizitza normala» egin nahi duela azpimarratu du Lopezek. «Lasai egoten ahaleginduko naiz, eta ahal den neurrian, bizitza normala egin nahi dut».
Marinel euskaldunak Loiura heldu zirenean, senideengana bideratu zituzten. «Beste gela baten egon gara gu, hedabideetatik kanpo», azaldu dute Lopezen senideek. Familiako kideekin batera zeuden, besteak beste, Paulino Luesma Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkaria, Gonzalo Saez de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburua eta Pevasa enpresa ontzijabeko arduradunak.
Playa de Bakio atun ontziko marinelek aireportuan Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak egindako beharra eskertu nahi izan dute, baina ez dute gehiagorik esan.
Madrilen, Elena Espinosa Espainiako Gobernuko Itsas misitroak egin zien harrera marinelei, eta Playa de bakio ontziko armadore Borja Soroa ere han zegoen.
Amadeo Alvarez patroiak Seycheleetan azaldu zuen ez zituztela jo, baina «tratu iraingarria» jaso zutela bahitzaileengandik.
Babesik barik
Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arranza sailburua pozik azaldu da 26 marinelak aske daudelako. Baina kezka azaldu du Indiako Ozeanoan arrantzan dauden Bizkaiko eta Gipuzkoako 22 arrantzontzien segurtasunagatik: «Beldur gara ostera ere ez ote diren babesik barik egongo». Gogorarazi du 2006an Indiako Ozeanora babes talde bat bidaltzea onartu zuela Espainiako Kongresuak, baina Espainiako Gobernuak ez duela bidali, «neurri garestia» dela argudiatuta.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
HITZALDIA
Euskara: iragana, oraina eta geroa; kontseiluak 10 urte
ETXEBARRIA, Udaletxean. Hizlaria: ARITZ ZUBIATE - 2008-11-21
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.