
Gipuzkoako lehenengo BTT zentroa eskualdean irekiko dute, uztailean
Aisialdia
Kirola egiteko eskaintza berri bat izateaz gain, turismoa bultzatzea dute helburu; 397,7 km pista prestatuko dituzte.
garbiñe garagarza
«Eskualdea industriagatik ezaguna izan den arren, naturak eskaintzen dizkigun baliabideak balorean jartzea ahalbideratu du BTT zentroaren proiektuak». Horrenbestez azaldu zuen, atzo, Debegesako lehendakari Irune Berasaluzek uztailean irekiko den Gipuzkoako lehen BTT zentroak eskualdeari egingo dion ekarpena.
BTT zentroen proiektua atzo aukeztu zen Debegesan. Funtsean, mendiko bizikletei zuzendutako ibilbide sarea da, baina kirola egiteaz gain, «turismoa bultatzea» du helburua. Elgoibarko Mintxetan izango du harrera puntua, eta 397,7 kilometro pista prestatuko dituzte haien erabilerarako. Euskadiko BTT zentroen sarearen baitan irekiko den hirugarren zentroa izango da eskualdekoa.
Berasaluzerekin batera, Elgoibarko alkate Alfredo Etxebarriak, Debegesako zuzendari Juan Angel Balbasek eta Jaurlaritzaren Turismoaren Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari Mercedes Rodriguezek egin zuten proiektuaren aurkezpena. «Mintxetako gunean hainbat zerbitzu topatuko dituzte erabiltzaileek; besteak beste, alokairua, aldagelak, pistei buruzko datuak, kanpinak eta bizikletak konpondu eta garbitzeko gunea. Baina horrekin batera, eskualdeko azpiegiturei buruzko informazio zabala ere edukiko dute. Horrela, kirola eginez eskualdea ezagutzea da sustatu nahi duguna», azaldu zuen Rodriguezek. «Sare hau natur turismo eskaintzaren dibertsifikazioa, landaguneen dinamizazio turistikoa eta euskal landa guneen ondare eta natur aberastasuna ahalbideratzen duen produktu berri bat da», gaineratu zuen.
Proiektuaren gauzatzea hitzartu aurretik, guztiak bat etorri ziren eskualdeko eragileek BTT zentroaren garapenean izan duten garrantzia azpimarratzean. Balbasek, herriz herri parte hartu duten guztiak izendatu zituen, «haien lanari aitorpena emate aldera». Mutrikuren kasuan, Burumendi Mendi Taldeko presidente Pedro Basterretxea, Atxukale Txirrindu Taldeko ordezkari Benito Romero eta Ameikutz Taldeko Ander Peña izan ziren izendatuak.
fitxa teknikoa
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.