Edukira joan

'Berria'-k bost urtez kioskoetan dagoela ospatu du herritarrekin

Komunikabideak

Herritarrek egindako ekarpena eskertu nahi izan dute euskarazko kazetaren arduradunek.

erredakzioa

2003ko ekainaren 21ean kaleratu zutenetik hona, euskara hutsezko egunkari nazional bakarrak bost urte bete ditu aurten. Urteurrena herritarrekin ospatu nahi izan du Berriak, eta hartara, egunkariko arduradunak eskualdez eskualde ekitaldiak egiten dabiltza Luzatu bostekoa lelopean. Atzo, Ondarroako Kafe Antzokian egin zen ekitaldian, Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria eta Gotzon Hermosilla Bizkaiko arduraduna egon ziren, beste aurpegi ezagun askoren artean.

Ibilbide «gogorra»

Euskarazko kazetaren hastapenak eta Euskarazko Komunikazio Taldeak egindako ibilbidea azaltzen zuen bideo emanaldiagaz hasi zuten ekitaldia. Berriak «hasiera gaitza» izan zuela azaldu zuten bideoan, «inoiz euskal prentsak bizi izan dituen egun ilun eta gogorrenetan» sortu zela gogora ekarrita; «Egunkaria itxi izanak sortutako husunean», alegia. Egunkaria libre aldarrikatzen jarraitzeko beharra dagoela azpimarratzeaz gain, oraindik orain hamabi lagun auziperatuta daudela eta «zigor eskaera neurrigabekoak» dituztela ekarri zuen bideoak gogora.

Berriako arduradunen esanetan, erasoei aurre egin eta euskarazko komunikabideak sortzea eta sustatzea erronka izan da. «Berria sortzen aritu garen guztiok, zuek eta gu guztiok, erronka handi bat daukagu aurrean».

Berria euskal jendarteak emandako «erantzun bikainari esker» sortu zela esan zuten egunkariaren arduradunek. Euskarak hitza berreskuratu zuela eta orduz geroztik, proiektu zabal, idependentea eta kalitatekoa egiten ahalegindu direla adierazi zuen Otamendik. «Pozik gaude eman diguzuen laguntzagatik, pozik gaude, noski, eman diguzuen babesagatik, baina guretzat garrantzitsuena dena, pozik gaude egunero kioskoan edota etxean Berria hartzen duzuelako». Horren harira, Ondarroan, bost urte eta gero, portuan Egunkariaren aldeko pintada egin eta mantentzeagatik eskerrak eman zizkien herritarrei.

Erronka euskaldunoi kalitateko euskarazko egunkari bat eskaintzea izan dela eta izango dela aipatu zuten egunkarikoek. «Ahalegin horrek dagoeneko izan du saria; hots, 70.000 lagunek egunero euskaraz irakurtzea».

Egunkaritik haratago

Bestelako produktuak sortzearen beharra eta EKT noranzko bitan aritu izan dela azaldu zuten gero. Batetik, hedabideak sortzen: Berria, Mantangorri, Matraka, HITZAk, kultur eta aisialdi produktuak, www.berria.info eta www.hitza.info, Nora eta tokiko telebistak sortzeko Hamaika egitasmoa. Bestetik, behar horiei begira sortutako azpiegiturak zeintzuk diren azaldu zuten, besteak beste, banaketa edo publizitate enpresak aipatuz. Arduradunen arabera, azpiegitura horiek osatzen joatea euskarazko komunikabideak garatzeko «ezinbestekoa» da.

Funtsean, «300 langile baino gehiago» euskarazko komunikabideak sustatzeko beharrean dabiltzala aipatu zuten ekitaldian, horietako 80 martxan dauden zazpi Hitzetan. Hala ere, Otamendiren aburuz, «eragileen arteko elkarlana ezinbestekoa» izan da.

Eragileek elkarlanean aritzeaz mintzatu zen Berriako zuzendaria batik bat. «Guk bakarrik ezin ditugu gauzak egin, eta gainera, ez dugu nahi. Gauzak elkarlanean egin nahi ditugu, herrian dabilen jendearekin. Eragileekin gauzak egiteko bokazioa daukagu. Baita eragileengandik gauzak ikastekoa eta beraiengatik gauzak jasotzekoa ere».

Proiektu berriak

Proiektu berriei dagokienez, 2009rako beste lau enpresarekin batera Bidasoa errotatiba sortzeko asmoa dagoela aipatu zuen Otamendik. «Oraindik mundu asko ditugu euskararentzat betaturik», azaldu zuen, horiek landu behar direla gaineratuz. Horren harira, Berriarekin, herri aldizkariekin eta Hitzekin elkarlanean, iragarki laburren gehigarri bat kaleratuko dutela aipatu zuen. Bestalde, Hamaika telebista goraipatu eta 2008a amaitu orduko lehenengo telebista Bilbon sortuko dutela jakinarazi zuen. «Zorretan» daudela esanez amaitu zuen berbaldia Otamendik. Bide beretik, ezarritako helburuak betetzeko esperantza dutela gaineratu zuen.

Mokadutxoagaz amaitu zen urteurreneko ekitaldia.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

IKASTAROA


MARKINA-XEMEIN, - 2008-11-17

HITZALDIA

Euskara: iragana, oraina eta geroa; kontseiluak 10 urte
ETXEBARRIA, Udaletxean. Hizlaria: ARITZ ZUBIATE - 2008-11-21

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.