
38 urte beteko ditu maiatzaren 1ean Ondarroako Alkoholiko Anonimoen taldeak; esperientziak trukatuta elkarri laguntzea helburu, ateak zabalik daude «alkohola laga nahi duten guztientzat».
Erdi hutsik, erdi beteta
larraitz ibaibarriaga
Ispiluaren aurrean dago Andoni. Ez zaio gustatzen aurrean daukan isla. Bere imajina erabat desitxuratua ikusten du, hantxe, bere aurrean. Edalontzia dauka alboan, erdi hutsik. Eta halantxerik ikusten du bere egoera ere, edalontzia legez, erdi hutsik, ezelako itxaropenik barik, ezelako irtenbiderik barik. Itota.
Erabakia hartu du. «Ezin dut horrela segi egin», esan dio bere buruari, aurretik asko-askotan egin duen lantxerik. Oraingoan, baina, ezberdina da. Edalontzia erdi beteta ikusi nahi du, bere bizimodua modura.
Emazteari jakin eragin dio bere erabakia, haren aspaldiko erreguei jaramon eginda. «Ez zait gustatzen ispiluan ikusten dudana. Lagundu non edo nora, sendatzera».
Itxaropenaren atea
Ibaiondoko Alkoholiko Anonimoen berri dauka Andoniren emazteak, eta haraxe jo du, laguntza eske. Zabalik topatu du hango atea. Zeharkatu egin du. Lotsak eta beldurrak lagundu diote atearen beste aldera. Barruan dago.
Alkoholiko Anonimoen lokalean esperientzia topatu du, sendotasuna eta batez ere, itxaropena. Halakoxeak dira taldean elkartzen diren kideak. Laguntza bila jo zuten guztiek hara, eta lagunak egin zituzten.
Etxera bueltan, etorkizuna ez du lehen bezain beltza ikusten. «Gaitza izango da bidea, luzea ziurrena, baina denon artean lortuko dugu», esan du, bere bostean. Burumakur dago Andoni egongelan, telebista modura, itzalita. «Gaitza izango da, luzea ziurrena, baina denon artean lortuko dugu, maitea», errepikatu dio, ozen, bere senarrari, irribarrea ahoan.
Eguaztena da. Andoni badoa, ohikoa legez, Ibaiondoko lokalera. Indartuta ateratzen da handik. Astean hirutan joaten da hara, eguaztenetan, barikuetan eta zapatuetan. Batean lagun bat eta bestean beste bat topatzen du han.
Sei urte igaro dira bere emazteagaz estreinako atea gurutzatu zuenetik. Gaitza egin zitzaion. Baina AAetan sartzeko beharrezkoa den baldintza bakarra ondo baino hobeto betetzen zuen: edateari laga nahi zion.
1970etik laguntza eskaintzen
Andoni baino lehenago asko eta asko izan dira Ondarroako taldean batu diren gizon-emakumeak. 38 urte daroa taldeak abantean.
Alkoholak apurtutako bizitza asko hartu ditu taldeak bere baitan. Malko asko. Gaixotasuna. «Alkoholik barik zer egin behar dut?» galdera horren adibide. Andonik ere galdera bera zebilen bueltaka lehenengo hilabeteetan. Alkoholak lagatako hutsunea sumatzen zuen. Denboragaz, baina, alde batera laga ditu pentsamenduok, ezagun eta ezezagunen begirada «lotsagabeak» legez.
Zapatu goiza. 09:00etan jaiki da ohetik Andoni. Kirola egiteko arropak dauzka soinean. Gosaria jan, emazte eta seme-alabei «gero arte» esan, eta badoa kalera.
Bat-batean, geldik geratu da. Pare-parean dauka etxe sarrerako ispilua. Sei urteko jauzia egingo balu modura, desitxuratuta ikusi du bere burua. «Hori ez naiz ni» esan, eta barrutik zer edo zer atera nahiko balu modura, indarrez astindu du burua. Ispiluari begiratu dio, berriro. Hasperen egin du, arnasa hartu eta sukaldera joan da berriro. Hantxe dago emaztea. «Eskerrik asko», esan dio. Itxaropena begietan, atea gurutzatu du.
urteurreneko egitaraua eta telefono interesgarriak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Finala
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU, BECen - 2008-11-12
MUSIKA KONTZERTUA
SANTA ZEZILIA EGUNEKO KONTZERTUA
MARKINA-XEMEIN, Kontzekupean - 2008-11-20
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.