
Zilarrezko domina lortu du neska gazteen batelak Espainiako Txapelketan
Ondarroa
Sailkapen fasean bikain aritu dira neska zein mutilak; kadete mailan, brontzezko domina lortu dute mutilek.
garbiñe garagarza
Zilarrezko domina bat eta brontzezko beste bat. Horixe izan da Espainiako Txapelketan ondarrutarren parte-hartzearen emaitza. Txapelketa Sestaoko uretan jokatu dute, joan den asteburuan.
Ondarroara heldu den dominetako bat kadete mailako mutilek eskuratu dute; bestea, berriz, denboraldi bikaina egin duten neska gazteek. Ondarrutarrek Espainiako Txapelketan izan duten ordezkaritza emakumezkoen absolutu mailan aritu zen batelak osatu zuen. Azken horiek sailkapen estropadan ezin izan zuten final nagusirako posturik lortu: sailkapen orokorrean, zortzigarren gelditu ziren. Hala ere, kontsolazio tandan bigarren gelditzea lortu zuten.
Kadete mailako mutilen batela, ordea, sailkapen estropadan bigarren gelditu zen euren tandan, eta neska gazteek lehen postuan gurutzatu zuten helmuga. Final nagusirako txartela eskuan zutela heldu ziren domekako estropadara. Mutilen kadete mailan, Robaleira Arraun Taldeko batela izan zen lehena. Estropada guneko 1.500 metroak egiteko 06.45,75ko denbora behar izan zuten. Ondarrutarrak 08,25 beranduago sartu ziren. Etorkizuna daukan nesken taldean, berriz, Vilaxoaneko batela izan zen garaile. Kasu horretan, 1.000 metro ziren egin beharrekoak, eta 04.42,25 behar izan zituzten. Ondarrutarrek 04,53 gehiago behar izan zituzten.
Arraun Elkarteko presidente Rikardo Beitia pozik agertu da emaitzekin. «Neskek Bizkaiko hiru bandera eta Euskadiko bat ekarri dizkigute; orain, berriz, neska-mutilak dominekin datoz. Hori baino gehiago, ez dakit zer eska daitekeen».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ERAKUSKETA
Motorren erakusketa
MARKINA-XEMEIN, Uhagonen - 2008-11-21
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.