Edukira joan

jose mari naberan ð- Ume eta gazteen atletismo entrenatzailea 70-80ko hamarkadetan

«Jende piramide zabala behar da kirol talde bat aurrera ateratzeko»

Kirola

25 urteren ostean kirol ikasle eta lagun izandakoen omenaldia jaso berritan, «gorputz heziketa pertsonaren oinarrian» dagoela dio.

maribi ugarteburu

Oraintxe bertan kirolari «zero» dedikazio eskaintzen dion arren, bere beharrean buru-belarri dabilelako, ez zaio gogoa amatatu Jose Mari Naberani (Ondarroa, 1946). «Laster Mendexara goaz bizitzera, eta erretiroa hartzen dudanean gustura lagunduko dut han umeak entrenatzen. Ia zer edo zer muntatzen dugun...».

Hileon omenaldia jaso duzu. Zelako sentsazioagaz geratu zinen?

Oso ona. 25 urte pasa ostean jendea akordatzea norberagaz oso pozgarria izan da, benetan. Gero, lagun zahar asko batu ginen bertan; batzuk 25 urtean ikusi barik neuzkanak. Atletico San Sebastianeko jende guztia etorri zen. Euren arrastoa galduta neukan eta emozionatu egin nintzen. Hango entrenatzailea oso lagun handia dut: 80 urte dauzka, eta oraindik ere segi egiten du pistan.

Baten batek egin du, orduan, arakatzeko lana, horiek denak batzeko.

Bai, hor Arantxa Burgoa eta Santi Uribe izan dira, pentsatzen dut, promotoreak.

Goazen hasierara. Noiztik eta zelan daukazu atletismoarekiko lotura?

Ni beti futbolaria izan naiz. Baina, alaba hasi zenean ikastolan, ikusten nuen hutsune handia zegoela gorputz heziketaren aldetik. Ni neu Frantzian hezitakoa naizenetik (11 urte neuzkanetik 14ra egon nintzen han), hori pixka bat ezagutzen nuen; soin hezkuntza klaseak zer ziren banekien. Orduan, Adolfo Beitia eta biok hasi ginen pixka bat eskolaz kanpoko orduetan, asteburuetan, umeak entrenatzen.

Asteburuetan ibiltzen zineten?

Zapatu-domeketan Saturraranera joaten ginen, eta aste barruan ere hasi ginen frontoian ematen klase batzuk.

Noiz izan zen hasiera hori?

1976 aldera-edo. Nagusienak 1964an jaiotakoak ziren. Lehenengo urtean umeei pixka bat gorputz heziketa zer zen erakutsi genien, mugimendu gimnastikoak eta jolasak. Asmoa ez zen bakarrik lehiaketarako prestatzea, ez bada eze kirolaren oinarri bat ematea. Kontuan izan orduan futbola bakarrik zegoela... Horretaz Andima Lertxundik egin dit bertso bat, eta oso ondo islatu du zer zen kontua.

Erakutsi, ia, bertso hori...

Garai haietan

gurean behintzat

futbola gendun nagusi

gure herrian atletismoa

telebistan zen ikusi

Naberan heldu eta ikastolan

korrikan ginan gu hasi

ikuspegia aldatu eta

kirolak zun irabazi.

Zeu ere, ordea, futboletik zentozen.

Bai, baina hala ere nik ikusten nuen emakumeentzako ez zegoela ezelako kirol aukerarik; neskek ez zutela kirolik egiten. Atletismoarekin, guztientzako oinarrizko kirola lantzeagaz batera, neskentzako ere kirol aukera zabaltzea nahi izan genuen.

Zer lantzen zenuten zehazki?

Denetik: aringa-aringa, gimnasia... Saturraranen geneukan gure estadioa: neuk egindako koltxoi zahar bat erabiltzen genuen altuera jauzirako; luzerako jauzia ere egiten genuen, iraupena asko lantzen genuen, jabalina eta pisu jaurtiketa, lasterka hesiekin... Orokor-orokorra zen guk egiten genuen formakuntza. Pertika jauzia kenduta, dimentsioengatik ezin genuelako, beste modalitate guztiak. Gero joan zen gazte bakoitza bere espezialitatea-edo gehiago lantzen.

Atletismoa egiten zenuten, ala beste kirol batzuk ere bai?

Oinarrian atletismoa, baina errugbian, futbolean, saskibaloian, pilotan ere egiten genuen... Lau-bost pilotari politak ere irten ziren kirol talde hartatik. Eta asteburuko entrenamendu saioak beti amaitzen genituen futbol partidatxoagaz.

Ikastolako ekintza izan zen hura guztia, ala herri osora zabaltzea ere lortu zenuten?

Hasiera baten Zubi Zahar ikastolako ekintza modura sortu genuen. Baina gazteak ikastolako sasoia pasatzen joan ahala eta nagusitzen, ikusi genuen beste irtenbide bat eman behar zitzaiola, eta Kresala kultur elkartearen barruan kirol taldea eratu genuen, atletismoko taldea bultzatzeko. Orduan sasoian neu ipini ninduten elkarteko presidente (baten bat ipini behar zuten-eta), eta hortik, Kresalatik, eduki genuen laguntza apur bat gehiago atletismo taldea aurrera eroateko.

Eta gastuei zelan egiten zenieten aurre?

Beti nahiko modu errudimentarioan: zozketekin, loteriagaz... Kirol taldea nahiko autonomoa zen finantziazio aldetik; ahalegintzen ginen ahalik eta gastu gutxien egiten, eta geuk diru hori ateratzen.

Materiala ere zeuek lortuta?

Oinetakoak gazteen familiek eurek erosten zituzten, eta Josu Zabala beti egoten zen prest hesiak edo altuera jauziko posteak-eta egiteko. Landaribar ere prest egoten zen bidaiak egiteko... Gurasoak inplikatu egiten ziren, bai.

Zurekin egindakoak laga zuen arrastoa orduko gazteengan?

Nik uste dut baietz. Talde hartatik seik, behintzat, irten zuten heziketa fisikoko irakasle: Arantza eta Edurne Burgoa, Begoña Arrokero, Santi Uribe, Luken Akarregi eta Gotzon San Miguel.

Harrez geroko denboretan, hala ere, ez da sortu atletismo talde bat Ondarroan. Hor daude futbola, arrauna, triatloia, saskibaloia, txirrindu taldea, baina atletismorik ez. Zergatik izan daiteke?

Atletismoa oso gogorra da alde guztietan. Pertsonen aldetik dena da iluntasunean beharra egitea. Horrek, baina, oso kirol aberatsa egiten du: jendeari sufritzen erakusten zaio, eta gauzak ez direla erraz etortzen, ez bada eze behar baten bitartez. Herrian zergatik ez den finkatu atletismo talde bat? Animatzaile handiak behar direlako aurrera eroateko. Nik, azkenerako, lan jardunean baino gehiago egiten nuen horretantxe, eta horrela ezin nuen jarraitu. Pena handia daukat: hor bost edo sei heziketa fisikoko irakasleak atera ziren, eta elkartu eta inplikatzeko aukera eduki balute... Egon den esperientziagaz, bai da aktibitate bat berriro ere herriari falta egiten diona. Atletismoa oinarrizko kirol bat da, balio duena beste guztietarako.

Lehengo galderara bueltatuta, kluba zergatik ez da sortu harrez gero atletismoaren inguruan?

Jende piramide zabala behar da kirol talde bat aurrera ateratzeko. Ez da izan behar, guk geneukan modura, piramide inbertitu bat. Klak!, oinarrizko pieza kentzen bada, beste guztiak jausi egiten dira. Gure herrian falta da jende bat konpromisoagaz, bakoitzak bere lekuan kirola lagunduko duena; badabiltza batzuk, baina mugimendu zabala behar da. Bestela jendea erre egiten da: entrenatzaile, txofer, garbitzaile, kontable... ezin da guztia bakar baten edo batzuen esku laga. Jende askoren inplikazioa behar da horretarako, eta udalak ere bustitzea.

Zein da zure kirol kontzeptua?

Kirol heziketa eta kultur heziketa parekatuta joan behar direla uste dut; pertsona modura egiteko oinarriak dira. Kirolak helburu baten alde borrokatzen, sufritzen ere erakusten dizu, eta batik bat konstantea izaten.

Duela 25 urte baino herritar gehi-agok egiten al du kirola orain?

Ezagunagoa da orain kirola. Orduan denboran futbola eta futbola, ez zegoen besterik. Txirrindularitzan ere beti egon da afizioa. Baina beste kirol aukerak orain gehiago ezagutzen dira, eta jendeak noiznahi txandala jantzi (orduan ez zegoen txandalik ere!) eta badoa kirola egitera. Orain, herri mailan kirol jarduerak hobeto egituratuta egon beharko lirateke, kirol guztiak umeei ondo ezagutu eragiteko. Horretarako azpiegiturak eta bitartekoak behar dira.

Zaldupeko kirolgunea egiten dutenean akaso?

Egingo dute ala? Neure galdera hori da. Horiek gauzok eginda egon beharko ziren orain dela urte asko. Nik ez dut ulertzen zergatik atzeratzen diren gauzak horrenbeste. Frontoi estali bat ere ez egotea lotsaria da. Atletismoko pista txiki bat, umeekin ere nahi bada eskolarteko txapelketa bat egin... oinarri-oinarrizko gauzak dira horiek. Instalazio horiek behar dira, baina ez gero hor usteltzen uzteko; instalazioak behar dira jende bategaz hori dena antolatuko duena. Hori gastua dela? Hezkuntza da. Eta hezkuntza oinarrizko inbertsioa da, ze hori barik ez dago ezer. Gaztetasun osasuntsua nahi badugu eduki, dirua ipini behar da kirolean ere, irakaskuntzan ipintzen den moduan.

 

DI-da batean



Zure gazteen lorpen batzuk gogoan dituzunak? Kadete mailako 250 metro hesietako estatuko denbora onena jokatuko nuke oraindik ere Edurne Burgoarena dela. Zuriñe Bedialaunetak brontzea ekarri zuen altuera jauzian. Gotzon San Miguelek metro bi egin zuen salto. Beste lorpen asko ere egin zituzten.

Erretiratutakoan? Niretzako zaletasun ikaragarria izango da atzera ere umeak entrenatzea. Nire bilobekin ibiltzen naiz saltsan. Bost urteko biloba Mikelek badaki jabalina jaurtitzen!

Distantzia luzea ala motza? Guk denetik egiten genuen, pertika izan ezik. Ez daukat bat nahiago dudana: iraupena, potentzia, abiadura eta teknika, guztiak lantzen genituen. Horrela izan behar da gazteekin, gero bakoitzak ikusten du zertan nahi duen gehiago espezializatu.

Dopinaz zer? Ezin dut iritzi handirik eman; guk txokolatinarik ere ez genuen hartzen... Kalte handia dakarren kontua da, batik bat kirolarientzat eurentzat. Sasoi bateko makina bat korrikalari hil dira minbiziaz; kontrolik barik hartutako guztiak izango du zerikusia.

Zeure erreferentziazko atletak? Alberto Juantorena eta Edwin Moses.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

DEIALDIAK

Artibai FT-Athletic-Real Sociedad hirukoa
MARKINA-XEMEIN, Barroeta Futbol Zelaian - 2008-11-20

HITZALDIA

HITZALDI ZIKLOA
LEA-ARTIBAI, - 2008-11-21

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.