Edukira joan

Piratek aske utzi dute 'Playa de Bakio' ontzia, erreskatea ordaindu eta gero

Ekonomia

Tripulazioa osatzen duten 26 lagunak Seychelleetako porturantz doaz, Espainiako fragata eskolta moduan daukatela.

asier alkorta

Playa de Bakio ontziko tripulazioa osatzen duten 26 pertsonak atzo arratsaldean aske utzi zituztela jakinarazi zuen Espainiako Gobernuko bozeramaile Maria Teresa Fernandez de la Vegak. Espainiako armadaren Mendez Nuñez fragata ondoan duela, ontzia hurbilen dagoen porturaino eroaten dabiltzala jakinarazi zien ontziaren jabegoa duen Pevesa enpresak bahituta egon diren beharginen senitartekoei.

Negoziazioak noraino heldu diren esan ez badute ere, ontzia erreskatea ordaindu eta gero askatu dutela jakinarazi zien beharginen senitartekoei Pevesak. Albistearen aurrean, senideak pozarren agertu dira. «Orain, lasai eta pozik gaude; arnasa har dezakegu», esan zuen atzo iluntzean Iñaki Lopez Playa de Bakio itsasontziko behargin lekeitiarraren emazteak. «Informazio asko ez badugu ere, badakigu aske eta ondo daudela, eta hori nahikoa zaigu. Orain, eurak etortzeko zain gaude».

Senideek jasotako informazioaren arabera, bahituta egon diren itsasginzonak euren herrietara bueltatuko dira lehorrera ailegatu bezain pronto. «Itsasoaren erdian egon dira bahituta, eta orain, armadako fragatagaz batera, Seychelleetarantz doaz, baina horretarako bi eguneko bidaia egin behar dute, gutxi gorabehera», argitu nahi izan zuen Lopezen emazteak.

Bahiketak iraun duen bitartean, enpresak momentu guztian informazioa eman diela gaineratu zuen. «Pevesatik informazio ofiziala emateko deitzen ziguten ontziko beharginen senideoi, eta hori asko eskertzen dugu».

Zazpi eguneko bahiketa

Joan den domekan piratek Somaliako kostaldetik 250 milia ingurura bahitu zuten atun ontzi bermeotarra. Ontziko beharginak eta ontzia bera aske uztearen truke, dirua eskatzen izan dute bahitzaileek.

Espainiako Gobernuak Mendez Nuñez fragata bidali zuen Playa de Bakio ondo zegoela ikuskatzeko eta, behin negoziazioak amaituta, porturaino laguntzeko. Fragatagaz batera, egunero-egunero, hegazkin batek airetik kontrolatu du egoera.

Beste langileen familiako batzuek esandakoaren arabera, tripulazioak aske geratzeko esperantzak erakusten zituen atzotik, «gauzak uste baino hobeto zihoazelako».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ZINEMA


LEKEITIO, Azkue aretoan - 2008-12-05

ZINEMA


LEKEITIO, Ikusgarri zinema - 2008-12-07

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.