
'Un poco de chocolate' filmak harrera beroa izan du
Kultura
Getxon estreinatu dute Aitzol Aramaioren lehen pelikula luzea; Elorriagaren 'SP-rako tranbia' liburuan oinarrituta dago.
edurne burgaña
Hainbat eta hainbat jende batu da Getxo Antzokian, Aitzol Aramaioren Un Poco de chocolate filmaren aurkezpenean. Unai Elorriagaren SP-rako tranbia eleberrian oinaritutako pelikula da, eta Algortako Portu Zahar inguruan grabatu dute. Aurretik Gasteizen egon da, eta aurrerago Malagako jaialdia zabaltzen.
Ekitaldiak 20:00etan hasi behar zuen. Arinago, San Nikolas plaza pelikularen aurkezpenerako agertoki naturala bihurtu zen. Izan ere, bertan dago Un poco de chocolate pelikulako Lucas protagonistak hainbat bider zapaldutako eskailera.
Alfonbra gorri eta guzti egin zuten aurkezpen ekitaldia, eta politika eta kultur munduko hainbat lagun batu zen. Getxoko alkate Imanol Landa, Ondarroako Ana Elordi aktorea eta Kirmen Uribe¬Aramaioren laguna eta idazlea¬, besteak beste. Zinemagile ondarrutarraren senide eta lagunak ere bertan zeuden.
Aktoreak eta Unai Elorriaga
Senideek eurek esan zutenez, pelikula ikusi barik zeukaten. Izan ere, atzokoa izan zen Aramaiok hainbat hiletan landutako beharra plazaratzeko momentua.
Pelikulan agertzen diren hainbat euskal aktore eta Unai Elorriaga idazlea bera ere hantxe izan ziren. Lagun artean egindako ekitaldia izan zen, eta Elorriagak berak ere halaxe esan zuen berba egitea eskatu ziotenean, Madrilen ezetz, baina lagunen aurrean lotsatu egiten zela. Txalo eta lagun arteko giroan joan zen aurkezpena.
Txalo zaparrada
Ordu eta erdi inguruko iraupena dauka pelikulak. Eta proiekzioa amaitzean, txalo zaparradagaz eskertu zioten ikusleek «denbora tarte gozoa pasarazten laguntzeagatik».
Oso harrera ona eduki zuen, eta Aramaio jendeari jaramon egiten egon zen pelilularen aurretik eta ostean. Ikusmina nagusitu zen. Ez bakarrik apropos filma ikusten joan zirenen artean, baita plaza ingurura joandako algortarren artean ere.
Emanaldiaren ostean, San Nikolas plazan jan-edanerako tartea egon zen, orkestraren musikagaz lagunduta.
Hilaren 30ean, zinema aretoetan
Algortan, Gorlizen eta Bilbo inguruan filmatu duten pelikulak Lucas izeneko 80 urteko agurearen (Hector Alterio) istorioa kontatzen du. Lucasek oroitzapenak eta errealitatea nahasten ditu, eta Shisha Pangmaren (SP) gailurrera igotzeagaz egiten du amets. Halako batean, Marcos (Daniel Brühl) ezagutuko du. Julieta Serrano, Ramon Barea, Marian Aguilera, Barbara Goenaga, Mikel Albisu eta Gorka Otxoa dira filmeko gainerako aktoreak.
Getxoko proiekzio bereziaren eta Madrilen hilaren 29an egingo den Espainiako estatu mailako estreinaldi ofizialaren ostean, Un poco de chocolate apirilaren 30ean iritsiko da zinema aretoetara.
«Asko daukat eskertzeko aktoreei, baita taldeko gainerakoei ere»
aitzol aramaio ð- Zinemagilea
Orain dela gutxira arte, bere filma ikustean emozionatu egiten zela aitortu du zinemagile ondarrutarrak.
e. burgaña
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.