Kostak gordetako historia bateratuta eskainiko du Flysch-en ibilbibideak
Ondarea
Zumaia, Deba eta Mutrikuko alkateek hitzarmena sinatu dute Eusko Jaurlaritzaren eta Diputazioaren babespean.
garbiñe garagarza
Flysch-aren ibilbidea. Horixe da atzokoan Deba, Zumaia eta Mutrikuko alkateek sinatutako hitzarmenak gorpuzten duen proiektua.
Hiru herrien kostak gordetzen duen historia azaleratzen du proiektuak. Eta hiru herrien elkarlanaren ondorio izanik, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Diputazioaren babesa izan du.
Horrela, Josebe Astigarraga herriko alkatea, Jesus Mari Agirrezabala Debako alkatea, eta Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatearekin batera, Agustin Arostegi Aldundiko Kanpo Harremanetarako eta Turismoko zuzendari nagusia eta Elena Unzueta Jaurlaritzako Turismo Administrazioko eta Lehiakortasuneko zuzendaria egon ziren atzokoan herriko Udal Pleno Aretoan.
Guztiak bat etorri ziren hiru herrien arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratzerakoan. Flysh-aren iblbidea, besteak beste, turistak bertoratzeko aitzakia berria, kostaldearen eskaintzaren barruan aukera berri bat eta turismoa bultzatzeko tresna bezala definitu zuten. Zumaiako eta Debako alkateek bi herrien arteko zatia biotopo izendatzeko bidean dela ere iragarri zuten. «Maiatzaren 7an hasierako onarpena emango dio Jaurlaritzak, eta bi hilabeteko epean behin betikoa».
Historian zehar nabigatuz
Hitzarmena sinatu ondoan, proiektua bere horretan ezagutzeko aukera egon zen. Itsasoz, Mutriku eta Zumaia arteko bidea egin eta «flysch-aren sekretuak» ezagutzeko gidaria ere izan zuten.
Mutrikutik Zumaiarako bidea egitean «historiari jarraituz» zihoazela azaldu zien ibilbide geologikoko gidari Mari Bernalek. «Mutrikuko flysch-ak zaharrenak dira, duela 110 milioi urtekoak. Zumaiara bidaiatzean 60 milioi urteko bidaia egingo dugu: goi kretazeotik behe kretazeora, 12 kilometrotan».
Flysch-en ibilbideak, beraz, historian ibilbide bat egiteko aukera ematen du. Geruzaz geruza doan bidaia. «Geruzak ez dira flysch-ak. Flysch-a osotasun bat da: sakonera handian sortutako geruza gogor eta bigunen tartekatzeak sortzen duen egitura. Egitura horrek liburu baten funtzioa bera dauka». Eta hura irakurtzen laguntzeko Mutrikuko zein Algorriko interpretazio zentroen laguntza edukiko dute herritarrek, aurrerantzean.
«Gure indargunea Euskadiko kosta garela jabetu eta hori jorratzea izan daiteke»
marta amonarriz ð- Turismo teknikaria
Flisch-aren ibilbidea gauzatzeak aurrelan handia eskatu du; Marta Amonarriz horretan aritu denetako bat izan da.
g. garagarza
Mutriku eta Zumaiako interpretazio zentroek elkarrekin lan egitearen onurak argi zituen hasieratik Marta Amonarrizek (Tolosa, 1975). Turismo teknikaria izanik, buru belarri ariko da proiektuan.
Zeintzuk izan dira proiektu honen nondik norakoak?
Oinarria, herrian iaz zabaldu genuen Nautilus interpretazioa zentroa izan zen, dudarik gabe. Urte askoan Jesus Mari Narvaez eta bere emaztearen nahia euren amonite bilduma Mutrikun gelditzea izan zen. Eta Udalak bidea egin zuen nahi hori gauzatzeko.
Eta Algorrirekin nola egin zenuten harremana?
Duela bi urte elkarlanerako aukeraz hitz egiten hasi ginen. Azkenean, aurten, bilera askoren ondoren, logikoena hiru udalak lotuz historia era lineal batean ulertzeko bidea egitea zela erabaki genuen.
Zer ekarpen egiten diote herriek proiektuari?
Mutrikuk paleotologia aldetik duen ondarea eskaintzen du. Ondare hori Debatik Zumaiara bidean desagertzen joaten da, gainera. Debatik aurrera, balio geologiko handiko geruzak aurkitzen ditugu.
Ze garrantzi du proiektu honen gorpuzteak herrirako?
Orain arte herri bakoitzak nahi zuena edo ahal zuena egin izan du. Baina konturatuko gara, agian, gure indarra ez dagoela horretan. Gure indargunea Euskadiko kostaren parte garela jabetu eta bide hori jorratzea izan daiteke. Proiektu honek turismo aldetik indargarri bat emango dio herriari, eta herritarrei bere historia testuinguru baten ezagutzekoa. Aurrerapauso handia dela uste dut.
Kanpora begira, zer ekarriko dio proiektuak herriari?
Promozio mailan funtzionatzeko balio handiko proiektua izango da. Herriko gainontzeko eskaintza berdin berdin erakutsiko dugu, baina, adibidez, Bartzelonara goazenean, flysch-en ibilbidearen pean askoz ere indar gehiago eta erakargarritasun handiagoa du.
Ibilbidea bere osotasunean egitea beste aukerarik ez al dago?
Kontuan eduki behar da flisch-en ibilbide guztia egin nahi duenak osotasuna eskainiko dion irteera egingo duela, baina lau ordu beharko dituela. Beraz, irteerak zatika egiteko aukera ere eskaniko dugu. Aukera sorta zabala edukiko dute bisitari zein herritarrek.
Eta orain arteko eskaintzarekin zer gertatzen da?
Uztartzeko aukera egongo da. Mutrikun, esate baterako, herrigunearen bisita historikoak eskaintzaren parte dira. Jendeak posible izango du irteera geologikoaren zati bat historikoarekin partekatzeko.
datuak
Flysch-en ibilbidea egin nahi duten guztiek laster edukiko dute haietaz gozatzeko aukera.
Datak. Maiatzak 10 eta 14, ekainak 7eta 21, uztailak 12 eta 26, abuztuak 9, 23 eta 30 eta irailak 13 eta 14.
Bisita. Nautilus ikasgune geologikora bisita; Mutriku-Zumaia arteko bisita gidatua txalupan; Algorri ezagutza etxeari bisita eta azalpen geologikoaren bisita laburra.
Prezioa. Pertsonako 16 euro (12 urtetik beherakoek 10 euro).
Ordutegia. 16:00etan hasiko dira bisitak.
Informazioa. www.mutriku.net,
www.zumaiaturismoa.com,
www.deba.net eta
www.begi-bistan.com.
Gainontzeko eskaintza
Mutriku, Deba eta Zumaiako Udalek proiketu horrekin lotuta dauden beste hainbat ekintza eskaintzen dituzte:
1. Nautilusera bisita eta Saturraranerainoko irteera txalupaz.
2. Zumaia-Deba-Zumaia ibilaldia txalupaz.
3. Deba-Zumaia/Zumaia-Deba ibilaldia oinez.
4. Bisita geologikoa eta irteera txalupan, Zumaian.
5. Marearteko zabalgunea ezagutzeko eta hegaztiak ikusteko bisita gidatuak.