
Gimnasia erritmikoaren xarma, frontoiko kantxara
Markina-Xemein
Ikuskizuna eskainiko dute bihar Markina-Xemein, Mutriku, Deba eta Eibarko umeek.
eider mugartegi
Eibarko Ipurua Gimnasia Taldeko irakaslearen laguntzagaz, ikasturte honetan ikasi duten guztia jendaurrean ipiniko dute domekan gimnasia erritmikoko ikasleek. Taldeetan banatuta, musikaren erritmoagaz batera mugituko dute gorputza Markina-Xemein, Mutriku, Deba eta Eibarko gimnastek, 10:00etatik aurrera.
Eskolaz kanpoko jarduerak ume askoren eskolaldiaren osagarri bilakatu dira. Markina-Xemeinen, Eskolarteko Guraso Elkarteak antolatuta, hamaika aukera dituzte umeek gustukoen dutena aukeratzeko. Aurten, gainera, eskaintza berriak egon dira, euren artean, gimnasia erritmikoa.
Adinaren arabera, maila bitan banatu dira 30 ikasleak, eta apurka-apurka ekin diote gimnasiari. «Gogotsu eta ilusio handiz» hartu dute, gainera, kirola eta dantza lotzen dituen jarduera dotorea, eta gorputza sentitzen ikasi dute. Elastikotasuna landu dute, aparatuekin lanak egiten hasi dira, txirinbueltak, zubia eta beste hainbat mugimendu. Gainera, koltxoneta gainean etzanda zein hankak luzatuta, soka, mazo, pilota, zinta eta uztaiak erabiltzen ikasi dute. Orain, hori guztia agerian ipiniko dute frontoian batzen diren guztien gozamenerako.
Gimnasia, musikagaz lagunduta
Txikienek beroketa mugimenduak eskainiko dituzte musikagaz lagunduta, eta handiek gauza berdina egingo dute, baina maila altuagoko mugimenduekin. Debakoekin batera, markinarrek uztaiak eta sokak erabiliko dituzte ikuskizuna emateko.
Markina-Xemeingoa, herrikoek parte hartuko duten hirugarren jaialdia da. Aurretik, Deba eta Mutrikun egon dira. Helburua, ikasitakoa erakusteaz gainera, gimnasia erritmikoa gustuko dutenen artean topaketak egitea da.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.