Edukira joan

2003ko ekainaren 21ak ikusi zuen 'Berria'-ren sorrera; kioskoetako berripaperaren atzean, ehunka lagunen hilabeteetako beharra zegoen. Ez zen egon «pregoia jo beharrik».

Herritarren paper berria

larraitz ibaibarraiga

Euskarak hitza berreskuratu zuen 2003ko ekainaren 21 goizean. Berria kioskoetan zegoen, «herritarrei esker».

Bost urte pasatu dira ordundik, eta oraindik orain, hango eta hemengo dendetan eta paretetan ikus daitezke, tartean-tartean, Denok gara Egunkaria dioten kartelak. Kamisetek Egunkaria libre aldarria daroe.

Euskal kazetaren itxierak haserrea eta amorrua eragin zituen euskal gizartean, eta euskal gizarteak erantzun egin zuen. «Ez sinistekoa» zen. Egunkaria-ren itxierak umezurtz laga zuen prentsa.

Herri Batzordeak eratu ziren, egoera salatu eta buelta emateko. Eta herritarrek konpromisoa hartu zuten, euskara ikur.

Herri Batzordeen beharra

Egunkaria-ren inguruan sortutako herri batzorde eta taldeek egin zioten kolpe Berria kaleratu ahal izateko baliabide ekonomikoak lortzeko erronkari. Gerora, hortik tiraka etorri diren egitasmo berriei tenk egin diete. LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZAren sorreran ere hor egon dira, hain beharrezkoa izaten den bultzada ematen.



Aulesti.

Kanpaina «arrakastatsua» bideratu zuen Trolebu Kultur Elkarteak. 300 eta 50 euroko akzioetan 1.800 euro ateratzeko eskaria eduki eta 2003ko abendua orduko 10.700 euro zeuzkaten lortuta.

Kultur elkarteak, gainera, Munitibarren eta Amoroton batzordeak sortzeko beharra egin zuen. Munitibarren batzordea eratu zen, eta Amoroton norbanakoek hartu zuten akzioak saltzeko konpromisoa. Horrela, Munitibarko batzordeagaz elkarlanean, Berria-ren aldeko kanpaina eroan zuen aurrera. Sei hilabetean, 2003ko azarotik 2004ko apirilera, kultur eskaintza zabala egin zuten, «dirua batzeko azkenengo txanpan». Aulestin, antzerkia, kirol jaialdia eta Takolo, Pirritx eta Porrotxen emanaldia; Munitibarren, bertso trama eta bertso jaialdia. Berria-ren harpidetza kanpaina ere eurek bideratu zuten.

Lekeitio.

Ideologikoki talde anitza eratu zen, eta euskararekiko sentsibilitate apurra zeukaten enpresa, norbanako, familia zein talde guztietara jo zuten. Horrelakoetan gertatzen den moduan, «ahoz ahokoa» izan zen dirua lortzeko ekimenik emankorrena.

Akzioak saltze aldera, sardina jana egin zen, Eskolapean txosna ipinita. Egunkaria aurrera kamisetak saltzeko eremua ere izan zen hura. «Ate guztiak» jo zituzten lekeitiarrek, eta Lekeitiok ondo baino hobeto erantzun zuen, aurreikuspenen %100 lortu ez eze, gaindituta. Ordura arteko egunkari euskaldun bakarra ixtearen aurrean, «berezkoa zen amorruagaz» erantzun zuten herritarrek. «Ez zegoen pregoia jo beharrik».



Markina-Xemein.

Herri batzordea eratuta, ekimen asko ipini ziren martxan. 2003ko martxoan, esate baterako, Aitor Zuberogoitiak eta Egunkaria-ko kide batek berbaldia eman zuten. Beste hitzordu batean, Berria-ren 0 zenbakiagaz txapelak egin eta euro batean saldu zituzten. «Markinarrek erantzun ona» eman zieten ekimen guztiei.

Mutriku.

Euskalgintzaren eta irakaskuntzaren inguruko jendeak hartu zuen euskal prentsaren aldeko testigua, eta Egunkaria-ren itxieraren aurrean sortutako taldeari partaide berriak gehitu zitzaizkion.

Luardo Etxea topaleku izanda, enpresetara, norbanakoengana eta kirol zein kultura taldeengana jo zuten mutrikuarrek. Eta jasotako erantzuna, «Mutrikuk halakoetan izaten duen bezala» oso ona izan zen. Berria sor zedin mahaiak atera zituzten kalera, materiala eta akzioak saltze aldera. Aurreikuspenak «erraz» bete zituzten. Dendetan ipini zituzten Denok gara Egunkaria kartelek berton diraute oraindik orain.



Ondarroa.

Udaletxean biltzen zen Ondarroako herri batzordea. Lehenengo bileran zerrendak egin zituzten, Berria-ko akzioak hartuko zituzten erosle posibleekin. Lortu beharreko 30.000 euroak txiki geratu ziren, eta kopurua %20an hobetu zuten. Bizkaian «puntan» ibili zen Ondarroa. Txitxipotxinekoek ere egin zuten ekimenik. Egunkaria aurrera kamisetak soinean, akzioak saldu zituzten. «Pozik» geratu ziren Ondarroak emandako erantzunagaz. «Ahoz ahokoak eta premiak» poltsikoak astindu zituen.

Ziortza-Bolibar.

Akzioak saltzeagaz batera, berbaldia eta bideo emanaldia eta Olentzeroren kantaldia antolatu zituen herri batzordeak. Bolibartar guztien ekarpenagaz, 2.850 euro bildu zituzten abenduko ekimenetan. Ostean, harpidetza kanpainan sartu ziren, buru-belarri, euskal prentsa irakurtzeari bultzada emateko.



 


ondarroan egingo da urteurren jaialdia



Berria egunkariak bost urte beteko dituela ospatuko du, martitzenean, hilak 29, Ondarroako Kafe Antzokian. Berton egongo dira, besteak beste, Euskarazko Komunikazio Taldearen (EKT) akziodunak, Berria-ko iragarleak, alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariak, eragileetako kideak zein hainbat norbanako. Ekimenagaz, orain dela bost urte proiektua martxan ipintzeko beharrean aritu ziren guztiei esker ona eman nahi izan die egunkariak, Euskaldunon Egunkaria-k lagatako hutsunea denen ekarpenari esker bete zen eta.





 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.