
Somalian marinelak «etsita» daude, eta lehorrean informazio falta dago
Ekonomia
Komunikabide batzuek bahitzaileek milioi bat euro eskatu dituztela esan badute ere, gezurtatu egin du hori Jaurlaritzak.
edurne burgaña
Amadeo Alvarez Playa de Bakio ontziko kapitainak tripulazioa nekatuta dagoela ohartarazi du. Emazteagaz berba egin ahal izan zuen herenegun, eta 26 marinelak «ondo» daudela azaldu zion arren, amaiera «urrun» ikusten dutela eta «etsita» daudela ere gehitu zuen Somaliatik.
Ezaugarri bi ditu Somaliako bahiketak: informazio falta batetik, eta bestetik, itsas-gizonak psikologikoki «txarto» daudela.
Informazio kontrajarriak
Berri gutxi dago marinelen egoeraren eta negoziaketen nondik norakoaren inguruan. Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak atzo azaldu zuenez, herenegun hasi zituzten atun itsasontziko arrantzaleak askatzeko negoziazioak. «Oraindik, baina, ez da diruaz hitz egin, eta egun batzuetako kontua izango da». Horregaz, zenbait komunikabidek argitaratu dutena gezurtatu du Jaurlaritzak, hau da, bahitzaileek milioi bat euro eskatu dituztela arrantzaleen askatasunaren truke. Negozioazioak «aurreikuspenen arabera» betetzen ari direla esan dute, «modu arinean».
Oraingoz, janaria dute
100 ordutik gora daroez 26 gizonek bahituta, eta berri gutxi dago. Tripulazioak ontzian jarraitzen du, domekatik, eta ordutik ez dira lehorrean egon. «Animo aldetik ondo ez badabiltza ere», oraindik janaria geratzen zaiela azaldu du makinetako arduradunak.
Tarteka Somaliatik deia jasotzen dute bahitutako marinelen senideek, eta horrela jakin ahal izan du Amadeo Alvarez patroiaren emazteak, Angelines Mariñok, senarra eta gainerako gizonak fisikoki ondo daudela, «nahiz eta bost egunek euren pisua eduki».
«Arriskuan ipini barik»
Dei berdinean patroiak azaldu zuen badakitela Espainiako enbaxadore Nicolas Martin Cinto Kenian, Mogadiscion, dagoela negoziatzen. Espainiako Gobernuak azaldu duenez, helburua «ontziaren bahiketa konpontzeko modurik onena erabakitzea» da, «beti ere, marinelak arriskuan ipini barik». Baina erasoaren arriskua hor dagoela jakinarazi du. Horregatik, Espainiako armadaren Mendez Nuñez fragata eta itsas patruilako P-3 Orion hegazkin bat bidaltzeagaz batera, Hercules C-130, Falcon 900 eta Boeing 707 bana ere bidali ditu bahiketa gertatu zen ingurura.
Mikel Irujo EAko eurodiputatuak, bere aldetik, legea aldatzeko eskatu du Europako Batasunean, «itsasoko pirateriagaz amaitzeko helburuagaz».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.