Edukira joan

Erdi Aroko agirien bildumak herriko historia ezagutzera ematea du helburu

Kultura

Liburuaren Egunarekin bat etorriz, herriko artxiboetan oinarritutako liburua aurkeztu dute Zabielen.

garbiñe garagarza

Liburuaren Eguna aukeratu zuen Udalak herriko Erdi Aroko artxiboen bilduma ezagutzera emateko. Herriko historiara hurbilduz, hura ezagutzeko tresna berriaren aurkezpena Zabielen egin zuten.

Herriko Erdi Aroko agiriak biltzen dituen argitalpena Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean argitaratu du Udalak. Horrela, Josebe Astigarraga alkatearekin batera, Eusko Ikaskuntzaren ordezkari eta proiektuaren zuzendari Rosa Ayerbe egon zen. Gainera, liburua gorpuzteko lanean aritu diren hiru transkribatzaileak ere bertaratu ziren: Jose Herrero, Montserrat Fernandez eta Lourdez Montecelo. Ikusleen artean, berriz, Leyre Arrieta ikertzailea zein herriko historian interesa duten hainbat lagun ikus zitezkeen.

Aurkezpenean, bai Ayerbek, baita autoreek ere, herriko artxiboaren aberastasuna azpimarratu zuten. Ayerbek, liburua dagokion testuinguruan ere jarri nahi izan zuen. «Herriko agirien bilduma Euskal Herriko Erdi Aroko iturrien bildumaren zati izango da. 26 urtetako lana dago proiektu horren atzean, eta dagoeneko, 136 liburuki ditu».

Liburua barrutik

Bildumaren egileek jendearen jakinmina esnatzeko saiakera ere egin zuten. Horretarako, gehiegi sakondu ez zuten arren, barruan aurkitu ahal izango dutenaren zertzeladak eskaini zituzten.

Liburuan bildutako dokumentu gehienak XV. mende amaieratik (Enrique IV.aren garaitik) aurrerakoak direla azaldu zuten. «Dokumentu idatziaren kultura herri gutunak eman zirenetik aurrera zabaldu zen. Erlazio berriak sortzen hasten dira, epaileek idatzizko agiriak eskatzen dituzten probatzat, eta eskribauak ere garai honetan agertuko dira».

Agiri gehien dagoen tartea izateaz gain, agiri « oso interesgarriak» biltzen dituen garaia dela ere gaineratu zuen. Gutxi gorabehera liburuaren erdia betetzen duen auzi bati egin zion erreferentzia, hain zuen ere. «Mutriku eta Debako alkateak aurrez-aurre jarri zituen auzi bat ageri da garai horretan. Epaileek erabaki oso gogorrak hartu zituzten. Epaia entzutera joan zirenak erbesteratuak izan ziren eta joan ez zirenei oinak moztu zizkieten». Debarrek galdu zutela ere argitu zuen. «Orain liburua irakurtzeko irrrikitan zaudelakoan nago», gaineratu zuen Ayerbek. Horrekin batera, liburua ikerlarientzat «historiaren irakurketa fidagarriagoa eta sakonagoa egiteko tresna» dela adierazi zuen.

Lan handia

Jose Herrerok, txantxetan, liburua ateratzea «ia Erdi Aroko garaia besteko lana» izana agertu zuen. Egindako lana herrian «memoria historikoa gordetzen jakin izanari esker» egin ahal izan dela nabarmendu zuen.

Fernandezek liburua 15 urtetako lanaren ondorioa dela azaldu zuen: artxiboa berreskuratu, artxibatze sistema bat ezarri, testuak transkribitu eta landu izanaren emaitza.

Liburua herritarrek laster turismo bulegoan eskuratu ahal izango dutela ere aitatu zuen, eta denbora epea zehaztu nahi izan ez zuten arren, Internet bidez kontsultatzeko aukera ere egongo dela iragarri zuten.



 


Liburuko pasarteek interesa piztu dute entzuleen artean



Liburuaren aurkezpenean, egileek hainbat erreferentzia egin zizkieten bildumako agirietan agertzen diren istorioei. Baina liburuaren egileetako batek, Jose Herrerok, hain zuzen ere, pasarteetako bat zabal azaldu zuen, Zabiel Kultur Etxean bildutakoen interesa piztuz. Herritar bati gertatutakoak Erdi Aroan herri mailan har zezakeen garrantzia azalerazten zuen pasartean. Dokumentua 1507. urtekoa da, eta herriko armarririk zaharrenaren marrazkia dauka. Pasartea ondokoa zen: «Juan de Arrieta herriko arrantzaleak Bilboko portura joan eta bertan bere arraina saldu zuen. Egunaren amaieran, herrira bueltan etortzekoa zenean, portuko arduradunak zergak ordaindu behar zituela esan zion. Mutrikuarra izanik, bere forua Donostiako zela erantzun zion Arrietak, eta berari ez zegokiola zergarik ordaintzerik. Ontzia kenduko ziotenaren mehatxupean ordaindu egin behar izan zuen. Herrira heltzean, ordea, gertatutakoa kontatu eta herritarren pribilegioen aurkako erasotzat jo eta auzitara joan ziren. 240 marabedi ziren ordaindutakoa, baina askoz ere gehiago zegoen jokoan. Prozesua hori baino askoz garestiagoa izan zen, baina aurrera egin zuten. Bizkaian Bizkaiko epaileen eta Bizkaiko pribilegioen aurka egin behar izan zuten. Azkenean erregearen magistaruten aurrera joan zen auzia, eta mutrikuarrek irabazi zuten. Hain izan zen garrantzitsua mutrikuarren aldeko epaia, ze dokumentua pergaminoan idatzita ekarri eta herriko plazan erakusleiho baten barruan jarri zutela, mutrikuarren pribilegioen eta eskubideen erakuskgarria izan zedin.





datuak



Izenburua. Mutrikuko artxiboko erdi aroko iturriak.

Agiriak. 113 agiri jasotzen ditu.

Urteak. 1237. urtean hasi eta 1520. urtera bitarteko dokumentuak jasotzen ditu.

Egileak. Lourdes Montecelo, Montserrat Fernandez eta Jose Herrero.

Zuzendaria. Rosa Ayerbe.



 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.