
ainara aramaio eta xabat lasarte ð- Boulder Ligaren irabazleak maila herrikoian
«Eguraldi onagaz, ahal dugun guztietan joaten gara eskalatzera»
Kirola
Ikastaroan batzuk, euren kabuz entrenatzen besteak, kiroldegiko boulderra bete-bete eginda zegoen atzo, txiki geratuta; eskalada indarra hartzen doa.
larraitz ibaibarriaga
Giro ona topatu du Aurrera Mendi Taldeak Boulder Ligan, lehiakortasunetik aparte. Probarik proba, sailkapen postuetan gora egin dute taldekideek. Xabat Lasarte (Ondarroa, 1987) eta Ainara Aramaio (Ondarroa, 1983) podiumaren gorenera igo dira, «bilatu barik».
Maila herrikoian lehen postua eskuratu duzue biok. Espero zenuten abentura honetan sartu zinetenean?
Ainara Aramaio: Ez, ez, ez. Mutilak hasi ziren joaten, eta esan zidaten «etorri, neska gutxi etortzen dira, proba zazu». Eurek animatuta joan nintzen.
Xabat Lasarte: Trontxok-eta esan zidaten Boulder Liga bat zegoela. Nik hasieran, ezetz esan nien, ez nuela nahi joan. Azkenean, denen artean animatu egin ninduten. Behin hasita, amaitu egin nuen.
Helburua, hortaz, ez zen postu ona egitea, parte-hartzea baino?
Aramaio, A: Zer zen ikusi nahi genuen. Gero, gainera, proba bakoitzean materiala zozketatzen zuten, eta hori ere beste motibazio bat zen.
Ezer tokatu zitzaizuen?
Aramaio, A: Niri motxila bat. Xabati gauza asko.
Lasarte, X. Asko edo... Magnesio poltsa bat eta kamiseta bat.
Xabat, zuk zeuk azkenaurreko proba jokatu orduko irabazita zeneukan Boulder Liga. Erraza egin zitzaizun, ala?
Lasarte, X: Erraza baino, ondo joan zitzaidan.
Zu Ainara parte hartu duen taldeko neska bakarra izan zara. Zer pentsatu duzu: «Primeran, konpetentzia gutxiago daukat» ala «neskak non daude?»
Aramaio, A: «Neskak non daude hemen», horixe pentsatu dut. Etortzen zara kiroldegira, eta denak dira mutilak. Ligan bertan ere neska gutxiago ibili dira, mutilekin alderatuta. Gehiago animatzea nahiko nuke. Badabiltza, hasi dira, baina oraindik sumatzen da falta.
Esan daiteke, orduan, eskaladak mutilei tenkada handiagoa egiten diela?
Lasarte, X: Bai, baina geldika-geldika badoaz neskak gehitzen.
Aramaio, A: Baina oraindik mutilak zatia gehiago dira.
Gehien eta gutxien gustatu zaizkizuen boulderrak nongoak izan dira ligan?
Lasarte, X: Gutxien gustatu zitzaidana, urdurien nengoena, joan nintzen lehenengo probakoa izan zen, Gasteizko Estadiokoa. Han urduri ipini nintzen. Gainerakoak guztiak gustatu zaizkit.
Aramaio, A: Ni neu azkenengo proban sentitu nintzen txartoen. Presioa neukan gainean.
Lehen postua zeneukan jokoan.
Aramaio, A: Bai. Beharbada, lehenengo proban sentitu nintzen edertoen, probatzera joan nintzen eta ondo pasatzera. Azken proban, sailkapenean aurretik neukanak egin zituen hiru blokeak lehenengo. Ni hasi barik nengoen, «egin egin behar dut, egin egin behar dut» pentsatzen. Azkenean, bost puntugatik irabazi dut.
Teknika eta indarra. Zelan definituko zenukete elkar?
Aramaio, A: Xabatek teknika dauka, indarra eta eskalatzeko behar den guztia. Ni baino zatia osoagoa dela irizten zait. Konfiantza falta zaio, baina.
Lasarte, X: Indartsua da, eta denbora gutxian asko aurreratu du. Jarrera dauka.
Aramaio, A: Konfiantza falta zait.
Ikasgai hori daukazue zintzilik...
Lasarte, X: Psikologikoa landu beharko dugu.
Boulder Liga amaituta, noiz eskalatzen duzue?
Lasarte, X: Eguraldi ona dagoenean, ahal den guztietan. Mendira joaten gara, kirol eskalada egitera. Aurreko zapatuan ere ibili ginen.
Pareta altu-altu bat daukazue aurrean. Zer datorkizue burura?
Aramaio, A: Nik neuk arazoa neukan altuerekin, eta horretxegatik egin nuen eskalada ikastaroa ere. Sokagaz ez neukan konfiantzarik. Orain ere, paretaren ezaugarrien arabera, beldurtu egiten naiz. Aurreko baten harrobi batera joan nintzen, eta han, harrobia igota hasten da eskalatu behar duzun pareta, 50 bat metrora edo gehiagora. Garaiera hartara ailegatu nintzenean, zuri-zuri nengoen, eta esan nuen «ez noa eskalatzera».
Eta azkenean zer, ez zenuen eskalatu?
Aramaio, A. Bai, «hona ailegatuta gero, eskalatzera noa» esan nion neure buruari, eta gora egin nuen.
Xabat, zuri ere bertigo apurra ematen dizu?
Lasarte, X: Altuerak baino gehiago maldek eragiten didate zirrara, erortzen dauden paretek.
Entrenatzen zabiltzate orain ere. «Aldats gora» egiten zaizue hemen [kiroldegian] orduak pasatzea?
Aramaio, A: Normalean gustura etortzen gara, giro polita edukitzen dugu.
Lasarte, X: Askotan entrenatu ezin dudanean, bertara etortzen naiz, eta hor geratzen naiz paretari begira, ia zein dagoen ikusi eta bideak asmatzera.
Kiroldegiko boulderrak zer dauka hobetzeko?
Lasarte, X: Pixka bat handiagoa izatea beharko litzateke, altuera gehiago edukitzea. Orain [atzo] dagoen beste jendegaz ezin duzu jarraipenik landu, erresistentziarik landu.
Aramaio, A: Ez da geuk behar dugulako. Gero eta jende gehiago etortzen da eskalatzera, eta premia bat dago sortzen.
Imajinatu momentu batez izugarrizko boulder ona daukazuela entrenatzeko. Zeuek zer daukazue hobetzeko, fisikoki?
Lasarte, X: Jarraipena, batez ere.
Ainara, A: Nik neuk, gehienbat, teknika hobetu behar dut.
Eskaladan zeinen pausoei segitu nahiko zenieke?
Lasarte, X: Ondo eskalatzen dutenak asko dira. Gustura egoten zara eurei begira eskalatzen daudenean. Maiatzaren 21etik 24ra Diman egongo dira munduko onenak. Bat ezingo nuke aukeratu.
Joango zarete ikustera?
Aramaio, A: Bai, ikustera bai.
Lasarte, X: Gero, maila herrikoia ere jokatuko da.
Eta ahalko duzue parte hartu?
Lasarte, X: Bai.
Eta zer, animatuko zarete, ala?
Lasarte, X: Bai, nik neuk parte hartuko dut.
Aramaio, A: Baietz uste dut. Gutxienez joan eta ikusi egingo dut, eta han bloke bat egiten badut, pozik egongo naiz.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.