
'Playa de Bakio' ontziko patroiak «txarto» ikusten du egoera
Ekonomia
Bahitutako 26 marinelak lehorrean zeudela zabaldu bada ere, haien senideek gezurtatu egin dute albistea.
edurne burgaña
Playa de Bakio Bermeoko atun ontziak Somaliako itsasertzetik hiru kilometrora dago. Lehorrean zeudela zabaldu zen herenegun ¬ontziko kapitainaren emazteak Radio Nacionalen hala esan zuen¬, baina arrantzaleen senideek itsasontzian jarraitzen zutela jakitera eman zuten atzo goizean.
Jaime Francisco Candamil marinelaren neska-lagunak azaldu zuenez, tripulazioa erreskatatzeko negoziazioek aurrera jarraitzen dute. Baina «lasai» hartu behar dela azpimarratu zuen. «Kontuz ibili behar gara eta denon artean lagundu, dena lasai joan dadin». Gainerako senideek, «luze» joan daitekeela-eta, «lasai» uzteko eskatu dute.
Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez, negoziazioak bide onetik doaz, baina erreskaterako diru kopuru zehatz bat ezarri izana gezurtatu dute.
Marinelei dagokionez, ontziko patroi Amadeo Alvarezek egoera «txarto» ikusten duela esan dio familiari: Hala azaldu du bere emazteak. Aurreko deia martitzen goizean jaso zuen emazteak. Kasu hartan, «lasaitzeko» eta «guztiak ondo» zeudela azaldu zion gizonak. Atzokoan, ostera, gertaeren aurrean «adorerik barik» dagoela esan zion. Hala ere, emazteagaz edukitako elkarrizketa «laburrean», ontziko 26 marinelak «ondo» daudela esan zion behin eta berriz. «Fisikoki ondo daudela esan zigun, ezer egin ez dietelako; baina han eta hemen etsita gaude», nabarmendu zuen alabak atzo.
Espainiako Gobernuaren helburua atun itsasontziaren bahiketa «konpontzeko modurik onena erabakitzea» da. Negoziazioen alde egin du, «bahituen bizitza arriskuan jarri gabe»; baina ez du erasoaren aukera baztertu.
Bide bi
Egoera konpontzeko bide bi hartu ditu. Alde batetik, diplomatikoa: Kenyako enbaxadorea herenegun ailegatu zen Muqdishora, Somaliako hiriburura, eta lehen ministroarekin, Barne ministroarekin, polizia buruarekin eta Afrikako Batasunaren misioko arduradunarekin bildu zen.
Beste aldetik, aukera militarra: Espainiako armadaren Mendez Nuñez fragata herenegun gauean iristekoa zen bahiketa gertatu zen ingurura, eta Espainiako Gobernuak iragarri du itsas patruilarako P-3 Orion hegazkin bat ere bidali duela.
Pevesak, Playa de Bakio itsasontziaren jabeak, marinelen senideei esan die marinelak askatzeko irekitako bideak «oso ondo» doazela. Hala ere, Pevesak ez die aipatu piratei erreskatea ordaintzeko negoziazioetan ari direnik.
«Eman dirua eta bueltatu gizonak»
Bahituta dituzten arrantzale lekeitiarretako baten alabak, Ainhize Sesmak, bere aldetik, argi azaldu du bere nahia: «Dirua eman diezaietela bahitzaileei, eta ekar ditzatela marinelak etxera». Herenegun goizean aitagaz berba egin ahal izan zuen Ainhizek: «Minutu bat izan zen, baina lasai eta ondo zeudela esan zidan».
Optimista dago lekeitiarra: «Negoziazio guztiak martxan daude eta ondo doaz, guztia ondo joango dela uste dut. Izan ere, lehenengo unetik argi dago diru kontua dela. Beraz, dirua eman eta ekar ditzatela gizonak etxera».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.