
EAEk enpresa haztegien aldeko apustua egiteko eskatu dio EAJri
Ekonomia
Sprilurrek zentzu horretan egingo dituen inbertsioen zerrendan Mutriku ez agertzeak haserrarazi ditu.
garbiñe garagarza
«Herriko egoera ekonomikoa hobetze aldera», EAEk enpresa haztegiaren proiektua aurrera ateratzeko eskaera egin dio EAJri. Sprilurrek 2001ra begira egingo dituen inbertsioak izan dira EAEren «urgentziako eskariaren» oinarria.
Sprilurrek 2011rako egingo dituen inbertsioen aurreikuspenetan enpresa haztegiaren proiektua martxan jarriko duten hainbat herriren zerrenda agertzen dela azaldu du EAEk. «Zarautz, Legutiano, Urduliz... Herriaren izena hor ez ikusteak asko haserretu gaitu. Izan ere, Mutrikuk aspalditik behar luke egon proiektu horrekin lanean. EAJren jarrera da hori horrela ez izatea ahalbideratzen duena. Betiko jokabide ezkor eta iluna alde batera lagatzea nahiko genuke».
EAEko kideek azaldu dutenez, 2003an Mutrikuko Udalak adostuta zeukan Sprilurrekin Mijoa industrigunean enpresa haztegia egiteko egitasmoa. «Proiektua egin zen, aurrekontuetan sartuta zegoen, mantenuari buruzko azterketa ekonomikoa egina... eta azken momentuan, ezezkoa eman zioten, aurreko Udalak hartutako erabaki bat atzera botaz».
Eskualdeko ikuspegia
Aurrekontuak onartzean, azken lau urteetan EAE eta EAJren arteko berezitasun handiena garapenaren arloak markatu du. EAEk Mutrikuberri bezelako agente ekonomiko baten beharra eta enpresa haztegiaren proiektua aurrera atera beharra aldarrikatu du. EAJk, berriz, «eskualdeko ikuspegia garatuz», Debegesa eta Berrilanen aldeko apustua egiten du.
Aurtengo aurrekontuetan ez ziren eztabaida horretan sartu, «adostasunera heldu nahia» gailendu zelako. Sprilurren azken asmoen berri jakitean, ordea, EAEkoek gogor kritikatu dute EAJren jarrera. «Hemen ez dago zer eginik iradokitzen duen politika daramate aurrera. Hori aldatu beharra dago. Ez dago zer eginik aurtengo moduko aurrekontuak onartzen diren bitartean. Herriaren egoera ekonomikoa larria da, baina hori esateaz gain, konpontzeko bideak jarri behar dira. Herriko garapen ekonomikoa lortzeko bidean zerbait egin beharra dago, eta, gainera, elkarrekin».
Haztegiaren garrantzia
Enpresa haztegiak enpresa berriak sortzeko guneak izanik, gero eta garrantzia gehiago hartzen ari den ikuspuntua dela ziurtatu du EAEk. Sprilurren zerrendan agertzen diren herriez gain, enpresa haztegiaren aldeko apustua egin duten inguruko herriak ekarri dituzte gogora: besteak beste, Markina-Xemein, Eibar, Arrasate eta Gizaburuaga. «Baina gu beti kanpoan», gaineratu dute.
Enpresa haztegiak enpresak sortzeko baligarriak izateaz gain, «antena» modukoak direla azaldu du EAEk. «Gazteen ideiak gauzatzeko gunea sortzeak haiekin ekimenak egitera bultzatuko gaitu, ikastetxeekin formazioa lantzera, diru-laguntzak bideratzera... Mugimendu ekonomikoa sortuko litzateke. Gainera, mugimendu horrek erakargarriagoa bihurtzen du proiektua: gazteak jakinda badaukatela non hasi, nork lagundu, nora jo... errazago animatuko lirateke. Baina epe motzera nekez sortzen da ezer. Etorkizun hobeago bat bilatzen duen proiektua litzateke».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Finala
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU, BECen - 2008-11-12
ERAKUSKETA
Egurlanak erakusgai
ONDARROA, Udal Erakusketa Aretoan - 2008-12-04
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.