
Apirilaren 28an kalera irteteko deia egin du LABek
Ekonomia
Lan Osasunaren Egunean ordubeteko lanuztea egin eta kalera irteteko deia egin du sindikatuak.
irati urberuaga
«Heriotzaren eguna». Halaxe deitu dio LABek apirilaren 28ari, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunari. Atzo Ondarroan egindako agerraldiaren bidez, 28an ordubeteko lanuztea egiteko eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du sindikatuak.
Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuekin ezin daiteke bizi lelopean egin dute deialdia, portuan. Izan ere, portua «puntu beltza» dela ulertzen du LABek, bertan egon diren lan istripuengatik, besteak beste. Urtarrilaren 4an, esate baterako, Andrekala Berria itsasontziko patroia hil zen, 47 urteko ondarrutarra, lanean ari zela.
Hain zuzen ere heriotza horiek salatzeko asmotan egin du LABek datorren asteko martitzenean kalera ateratzeko deialdia. 12:00etatik 13:00etarako deitu du lanuztea.
«Hilketak estatistika hutsa»
LABek gogoratu du iaz 125 behargin hil zirela lan istripuetan, eta aurten, apirilerako 30 direla hildakoak. «Zer gehiago behar dugu mugi gaitezen?», esan du.
«Hilketa bortitzak» asko direla diote gizartean, eta denek daukatela zergatia. «Baina ez zaie tratu berdina ematen gaur egungo politikoen eta instituzioen aldetik», salatu du.
Izan ere, sindikatu abertzalearen ustez, horrelako «hilketak» estatistika bihurtzen dituzte politikariek eta instituzioek. «Gizarte neoliberal-kapitalista hau bultzatzen ari direnek daukate erantzukizuna hilketa bortitz horietan guztietan», zehaztu nahi izan dute. Beharginek «bizia arriskuan» ipintzen dutela dio LABek, «soldata bat irabazi ahal izateko».
Salaketa falta
Horrelako kasuen aurrean Confebask, Adegi eta Cebek patronalen eta Eusko Jaurlaritzaren «salaketa irmoa» falta dela salatu du sindikatuak. «Non dago Osalan edo lan ikuskaritza?», galdetu du. «Erantzun indartsua» emango duten bakarrak beharginak izango direla uste du LABek.
Horregatik, «langile eta jendarte aurrerakoi ezkertiar guztiek» apirilaren 28an kalera irten behar dutela esan dute. «Errealitate gordin bezain bortitz horren aurrean erantzuleak atzamarrez markatu eta erantzukizunak eskatu behar ditugu».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.