
Udalak Emakume Sahararren Batasun Nazionalagaz hitzarmena sinatu du
Udala
Hitzarmen horregaz, Emakumeen Etxe gehiago sortzeko laguntzak bildu nahi ditu erakundeak.
asier alkorta
Ondarroako Udalak kooperazio eta elkarlan hitzarmena sinatu du Emakume Sahararren Batasun Nazionalagaz (ESBN). Hitzarmenak hiru urteko indarraldia edukiko du, eta hiru urte horietan, Ondarroako Udalak 15.000 euro emango dizkio ESBNri urtero.
Herenegun sinatu zuten Josune Ariztondo Ondarroako Batzorde Kudeatzaileko bozeramaileak eta Fatma El Mehdi Emakume Sahararren Batasun Nazionalaren Idazkari Nagusiak herri bien arteko konpromisoa. Bide horretatik, azken 30 urteotan Euskal Herriak eta Saharak eduki duten elkartasun, adiskidetasun eta kooperazio «estuari» eusten jarraituko zaiola adierazi zuen Ariztondok. «Besteak beste, Ondarroak Euskal Fondoan ¬kooperaziorako euskal toki entitateen elkartea¬ sartzeko urrats eraginkorra emango du hitzarmen honegaz».
El Mehdik ere garrantzia handia eman nahi izan dio hitzarmenari. «Laguntza hauek ez dira nahikoa, baina ezer baino gehiago dira; konpromiso hauekin gure urteroko jarduna bermatzea lortzen dugu, programatzen jarraitu ahal dugu».
Ondarroan sinatutako hitzarmen horren bidez, emakume sahararren bizi baldintzak hobetu ez eze, Sahara aldean bizi diren umeei ere hezkuntza arloan lagunduko zaie. Horrek ESBN erakundea indartu eta Emakumeen Etxeen sortzea sustatu eta bultzatzea ekarriko du.
ESBNk, bere sorreratik, gogor jardun du Saharan bizi direnen bizimodua hobetzeko dirulaguntzak lortzen. «Hobekuntza asko lortu ditugu, baina oraindik leku askotan hutsuneak daude. Hala ere, gure ahotsak entzunarazten jarraituko dugu ,eta horrela, nazioarte mailan goratzen joango gara».
1975ean erakundea sortu zenetik, behin eta berriz egitasmo berriak aurrera eroan dituzte. Azkena, Emakumeen Etxeak izan dira. Funtsean, izen horren azpian emakume sahararrei zuzendutako zerbitzua dago. «Zentroak eraiki nahi ditugu, emakumeak bertara joan daitezen, eguneroko errutinako jarduna egiteko edota bestelako egitasmoren baten parte hartzeko. Leku fisikoak edukitzea garrantzitsua da», azaldu du El Mehdik.
Alfabetizazioa sustatuz
Emakumeek jopuntu modura har ditzaketen zentro horiek, hezkuntza alorrean ere aurrerapausoak eskainiko dizkiete emakume sahararrei: gazteei eta zaharrei. «Askok txikiak zirenean jasan behar izan zuten egoeragatik ezin izan zuten irakurtzen edota idazten ikasi, eta ondorioz, horiei ikasteko aukera ematen diegu Emakumeen Etxeetan; orokorrean esateko, alfabetizazioa bultzatuko dugu, besteak beste. Garbitasunari ere berebiziko garrantzia ematen diogu, eta hori ere lantzen da zentrootan».
Momentuz, Sahara aldeko herri bakoitzean Emakumeen Etxe bat sortzeko borrokatzen dabiltzala adierazi du El Mehdik. «Asko sortu ditugu, baina asko daukagu sortzeko». Horretarako, nazioarteko laguntza «behar-beharrezkotzat» jo du. «Behintzat, Euskal Herriko hainbat herrik, Ondarroak esate baterako, konpromiso hau hartu du hiru urterako, eta honek aurrera jarraitzen laguntzen digu».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.