
Inguruko mendiak ibiltariz bete dira
Gizartea
Artibai Mendigoizale Taldearen aurreikuspenak ere gainditu egin ditu aurtengo Ibilaldi Neurtuko parte-hartze handiak.
eider mugartegi
Antolatzaileek zituzten aurreikuspenak ere gainditu egin ditu aurtengo Ibilaldi Neurtuak. Denetara, ibilaldi luze eta laburreko partaide guztiak batuta, 356 lagun ibili ziren domeka goizean inguruko mendietan zehar.
Ibilaldi luzeko partaidetza igo da batez ere, baina laburrak ere izan du gorakada: 246 mendizalek eman zuten izena luzean, eta 110ek laburrean. Partaideen gehiengoa Lea-Artibai eta Mutrikukoa izan bada ere, asko izan dira kanpotik etorritakoak. Bertokoez gainera, Amurrio, Santurtzi, Zornotza, Bilbo, Gernika, Portugalete eta Laudioko jendeak parte hartu du aurten. Bestalde, Lea-Artibai eta Mutrikuko 143 lagunek egin dute luzea, eta 105ek laburra.
Gustura
Antolatzaileak pozik agertu baziren parte-hartzeagaz, mendizaleak ere gustura agertu ziren ibilaldiagaz. Gainera, eguna mendian ibiltzeko egoki-egokia suertatu zen, eta bai bideagaz baita ibilbideak eskaintzen zuen paisaiagaz gozatzeko aukera izan zuten.
Ibilaldi luzeak izan zituen bere tarte gogorrak partaideen esanetan. Batzuei gogorra egin zitzaien Motrolloko tontorrera igotzeko aldapa, eta izerdiak atera zituzten askok Santa Eufemi ermitarako eskailerak igotzen. Hala ere, batari eta besteari galdetuta, «basa apur bat egon arren», bideagaz, paisaiagaz eta eguradiagaz pozik agertu ziren mendizaleak.
Guraso eta umeek parte hartu zuten, batez ere, ibilaldi laburrean. Markina-Xemeinen autobusak hartu eta Aulestiko Zubero auzoan hasi zuten ibilbidea. Gogor egin zuten gorantz Santa Eufemiko zelaira arte, eta atsedena hartuta ekin zioten ermitarako igoerari. Gero, handik dena beherantz.
Irabazlerik ez dagoen arren, ibilaldietan sailkatu direnen zerrenda aterako du Artibai Mendigoizale taldeak bere web orrian (www.alpinoartibai.org.es) egun batzuk barru.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.