Edukira joan

Aurrekontuak ez direla demokratikoki onartu salatu du EAE-ANVk

Ziortza-Bolibar

Alkateari eta EAJko hiru zinegotziei herritarren dirua «beraien poltsikokoa bailitzan» erabiltzea leporatu die.

asier alkorta

Ziortza-Bolibarko aurrekontuen onarpenean demokraziarik ez dela egon salatu du EAE-ANVk. Udalak herritarrei aurkeztutako aurrekontua «aurpegi zuriketa bat egiteko laburpen bat» dela esan dute EAE-ANVko zinegotziek. Halaber, aurrekontuetan herriko kudeaketaren azalpen «kaxkarra» emateaz gain, Ogasun Batzordea oraindik plangintzatu gabe dagoela esan eta, oro har, Ziortza-Bolibarko EAJk «orain arte erakutsi duen jarrera baztertzaile berdina» erakusten jarraitzen duela gaineratu dute.

Duela bi aste onartu zituen Udalak 2008ko aurrekontuak. Ziortza-Bolibarko EAE-ANVk aurrekontuak arbuiatu eta Udalari demokratikoki ez jardun izana aurpegiratu dio. «Herritarren parte-hartze eta ekarpenak kontuan eduki barik egin ditu EAJk aurrekontuak; demokraziarik ez da egon erabakitze prozesu osoan, eta hori argi eta ozen salatu nahi dugu». Salaketa egiteaz gain, herritarrei aurrekontuek duten garrantziaz jabetzeko eskatu nahi izan diete EAE-ANVkoek. «Legealdiko lehenengo aurrekontuak onartzea oso garrantzitsua dela jabetu behar dira herritarrak».

Aurrekontuetan urte osoan herrian burutu nahi diren egitasmo nagusiak eta bakoitzak behar duen diru kopurua zehazten direnez, herritarren parte-hartzea «halabeharrezkotzat» jo du EAEk.

Aurrekontu «ilunak»

Onartutako aurrekontuen berri eman zien herritarrei joan den astean Udalak, eta EAEkoek «aurpegi zuriketan» aritzea leporatu diote. «Aurrekontuak onartzea gai korapilatsua eta luzea da, eta horrek prozesu sakon bat eskatzen du, ezin dira nola hala onartu. Gainera, herritarrei banatutako eskuorrietan informazio falta eta datuen iluntasuna dago».

EAE-ANVren arabera, aurrekontuetan ez dira agertzen kapituluen barruko azpiatalak zehaztuta, eta hori «beharrezkoa» dela esan dute. Horregaz guztiagaz, «alkateari eta EAJko hiru zinegotziei herriko dirua «beraiena bailitzan» kudeatu izana egotzi die EAEk. «Herriak zertan inbertitu behar duen alkateak eta EAJko beste hiru zinegotziak ari dira erabakitzen, besteen iritziak kontuan eduki barik».

Diruaren erabilera

Horren aurrean, EAEk Udalari dirua herritar guztiena dela, eta ondorioz, herritarrek aurrekontuen onarpenean parte hartzeko eskubidea dutela esan dio. «Herritarrek dakite zeintzuk diren herriak dituen premiak, eta ondorioz, aurrekontuak hobeto egingo lirateke herritarren ekarpenak kontuan edukita».

Udalak jakitera eman duen legez, iazko gastuak 1.270.000 euro izan ziren. EAEk kopuru horren gaineko azalpenik eman ez izana leporatu dio Udalari. «Ez da argitu nola iritsi diren gastu horretara; Udalak ez du aurreko urteko kontuei buruzko argibiderik eman, eta zalantza asko ditugu».

Inbertsioak zehaztuz

Halaber, Amankomunazgoari zerbitzu bakoitzeko zenbat diru ordaintzen zaion jakin nahiko zutela esan dute. «Horretaz gain, Agenda 21 egitasmoan gastatzen den guztia eta alkateak eta EAJko zinegotziek kobratzen duten dirua zehazteko eskatzen diogu Udalari». Herrian egiten dabiltzan aparkaleku berriaren gainean ere zenbait zalantza argitu nahi izan dituzte EAEkoek. «Berrikuntza hori sekulako arrakasta bailitzan ari dira saltzen. Guk ez dugu uste hori herriko premiarik handiena denik, eta Udala dirutza gastatzen dabil egitasmo horretan». Udaletxe zaharraren inguruko proiektuan ere Udalak 77.000 euro gastatzeko asmoa duela gaineratu dute. «Herrian ditugun eraikinen gaineko proiektuak egin aurretik ere herritarrok gure iritzia eman eta kontuan hartzeko eskubidea dugu».

Herrian egin beharreko inbertsio gehienak auzuneetara bideratu behar direla esan du EAEk. «Udalaren jarrera zertxobait aldatu da zentzu horretan, eta bide horretan sakon inbertitzen jarraitzeko eskatu nahi diogu».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.