maribi ugarteburu
Inprimategitik atera berri den liburua esku artean hartu, begiak itxi eta orriak pasa... Liburuen usain goxo hori hamaika istorioren promesa izaten da askotan. Betirako memorian gordeko dituzun liburuak, ala lehenengo ataletik pasa ezinda albora laga dituzunak.
Irakurzaletasuna (edo zaletasun eza) oso kontu pertsonala den arren, bada eremu bat non liburuz osatzen den atmosfera. Leku bat irakurketa sozializatzeko; partekatzeko. Urteak dira liburutegiak jauntxoen eta eliz-gizonen esku esklusiboetatik atera eta jendearen eskura ipini zirela. Eta, apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna izango dela aintzat hartuta, aitzakia egokia izan liteke Lea-Artibai eta Mutrikuko liburutegi zerbitzuei begirada bat egiteko.
Herri txikienean, martxan
Gizaburuagan, orain dela bi urte, Larraiganeko etxebizitza berrien azpian Udalak hainbat ekipamendu atondu zituen. Horien artean, liburutegia. KZgunea eta liburutegia hartzen ditu aretoak, eta hasiak dira liburuz ere hornitzen. Herri oso txikia izanik ¬160 biztanle inguru¬ , ez dauka liburutegi estandar baten funtzionamendua.
Liburutegiko aretoa Musika Eskolako klaseetako batzuk emateko erabiltzen da, baita ingeleseko klaseak emateko ere. «Baina, horrez gain, liburutegia eta KZgunea erabiltzeko interesa zeukatenekin batzartu eta erabiltzaile horien esku giltza ipini da, behar dutenean erabil dezaten», adierazi dute Udalean.
Ludoteka funtzioarekin batera
Amoroton, 2000. urtean ireki zen erabilera askotarako aretoan liburutegia, KZgunea eta ludoteka batzen dira. Kontsultarako oinarrizko liburutegia hornituta dauka, eta euskarazko irakurgaiak ere urterik urte gehitzen dituzte. Baina, batik bat, umeentzako ludoteka funtzioa betetzen du. Guraso Elkarteko gurasoak arduratzen dira bertako zainketaz.
Munitibarko liburutegiak ere bere baitan dauka ludoteka funtzioa. 2004an ireki zen zerbitzua, eta uneotan aste barruan arratsaldero irekitzen da, liburuzain-dinamizatzaile baten ardurapean. Zapatu goizetan ludoteka modura irekitzen da. Liburuen maileguak sistematizatuta eroaten dira, eta iaz, esate baterako, 466 izan ziren. Aurrera begira, proiektua daukate liburutegia eta ludoteka lekuz bereizteko.
Etxebarrin eta Berriatuan ere liburutegi zerbitzuak martxan dauzkate. Eskolako umeak dira han ere zerbitzuaren erabiltzaile nagusiak.
Umeak nagusi
Aulestiko liburutegian ere erabiltzaile nagusiak umeak dira. 1992an ipini zuten martxan zerbitzua. Hasieran gela bakarra zen; gero beste areto bat ipini zen umeentzako. Orain dela urte bi, udaletxe barruko eraberritzea aprobetxatuta, areto handi baten antolatu zuten liburutegia, umeentzako txoko bategaz, kontsultarako leku bategaz, eta irakurketarako liburuak bereiztuta. KZgunea eta Internet lotura daukan beste ordenagailu bat ere bertan ipini zituzten. Ludoteka, berriz, aparteko gela batean kokatu zuten. Iaz 819 mailegu eman zituzten, eta 6.400 bolumen dauzkate Aulestiko liburutegian.
Liburutegirik barik, oraingoz
Ispasterren, Mendexan eta Ziortza-Bolibarren, oraingoz, ez dago liburutegi zerbitzurik. Ziortza-Bolibarko kasuan, Udalaren egitasmoen artean dago liburutegi zerbitzua antolatzearena.
Mutrikun, Interneten eragina
Azken urteotan ordenagailuek ere euren lekua egin dute liburutegietan. Horregaz batera, Interneten konektatzeko aukera ere sartu da biblioteken eskaintzaren barruan. Mutrikuko liburuzain Lola Sousak horren eragina nabaritu du: «Ordenagailuek jende berria erakarri dute liburutegira».
Maileguak ere, lehengo aldean, ugaritu egin dira Mutrikun. «Batez ere nobela da maileguan eramaten dena», azaldu du Sousak. Iaz 2.800 mailegu inguru eman ziren bertan. Guztira, 13.000 bat bolumen dauzka 1987tik martxan dagoen Mutrikuko Liburutegiak. Lehen umeen eta nagusien liburutegia areto berean zeuden, baina orain banatuta daude, eta horrek ere mesede egin dio erabilerari liburuzainaren ustez.
Lekeition, udan eta neguan martxa desberdina
2002ko azarotik kultur etxean kokatuta dago Lekeitioko liburutegia. Eraikin hori egokitzen zeuden bitartean Nautika Eskolan egon zen lau urtez. Arinago, berriz, Gizarte Etxean egon zen, 1966tik. «Oraingo tokia egokiagoa da», dio joan den hogei urtean liburuzaina den Marcel Lopezek. «Negutik udara asko aldatzen da erabiltzaile kopurua eta profila», azaldu du. Biztanleria ugaritzen den modura, liburutegira jotzen dutenen kopurua ere igo egiten da udan.
Maileguen kopuruak igotzera jo du azken bost urteotan. Iaz 6.000 mailegu inguru eman zituzten: «60/40 proportzioan, nagusientzako liburua mailegatzen da gehiago; nobela batik bat».
Ondarroan, ordutegi zabalena
1960ko hamarkadan abiatu zen Ondarroako liburutegia. Hasieran kultur etxean zegoen, eta 1997an hartu zuen oraingo lekua. «Mailegu kopurua asko altxa da azken urteotan», dio Yolanda Urrosolo liburuzainak. «Hori aurrekontuagaz lotuta ere badagoela uste dut; zenbat eta material aukera zabalagoa eduki, orduan eta gehiago eskatzen eta erabiltzen du jendeak».
Bezero berriak egitea kostatu egiten dela uste du Urrosolok: «Hemen, behintzat, irakurtzen duenak asko irakurtzen du, erabiltzaile finko egiten da, baina berriak etortzea gaitza izaten da».
Ondarroakoak dauka inguruotako ordutegi zabalena: 09:30etik 13:00etara eta 15:30etik 20:00etara. Abuztuan ere goizero zabalik egoten da. Eta urte osoko zapatu goizetan ere bai. «Horren eraginez, batik bat azterketa garaian, herritik kanpoko ikasleak ere bertora etortzen dira; ez da hori gure helburu bat, ikasgela izatearena, baina gertatu egiten da». Iaz 12.147 mailegu eman zituzten. Erabiltzaileak 18.428 izan ziren.
«Sekula baino gehiago irakurtzen da; ia: zenbat irakurtzen zuten orain dela 100 urte?»
Igor idoeta ð- Markina-Xemeingo Herri Bibliotekako liburuzaina
Markina-Xemein
Biztanleekiko proportzioan Bizkaiko erabilienetakoa da Herri Biblioteka, urteko 12.000 mailegugaz.
m. ugarteburu
Liburuaren Nazioarteko Urtean jaio zen Igor Idoeta (Markina-Xemein, 1972). Hori, baina, Salamancara Bibliotekonomia ikastera joan zenean jakin zuen. Orain dela hamar urte atera zuen Herri Bibliotekako liburuzain plaza. Aurretik, ordezkapenak egiten jarduna zen bertan.
Zuk non ikusten dituzu gakoak liburutegi bat leku bizia izan dadin, eta ez biltegi bat?
Ez dakit. Nik badauzkat lagunak beste liburutegi batzuetan beharra egiten dutenak, eta hemen guk egiten dugun beste edo gehiago egin arren ez die emaitza onik ematen... Ez da erraza. Nik uste dut gakoa dela jendeari erakustea erabiltzeko leku bat dela. Horretarako, erabilgarria izan behar da.
Eta erabiltzaileek nahi dutena eduki?
Bai, baina beti ere zainduz jendeak nahi duenaren eta liburu onen arteko oreka. Bestela bakarrik
Harry Potter eta
best-seller erako liburuak edukiko genituzke. Horrez gain, esango nuke liburutegi batek erabilpen sendoa edukitzea denboragaz egiten den gauza dela. Administraziotik-eta askotan pasatzen da urte batean ipuin kontalarien programa egin dutela, eta jende gutxi joan denez, hurrengo urtean bat ere ez egin... Nire ustez, epe luzeko lan modura planteatu behar dira honelako gauzak.
Zelako eboluzioa eduki du liburutegiaren erabilpenak herrian?
Ez daukat ni hasi nintzeneko datu estatistiko zehatzik. Horren pena daukat. Badakit eboluzio bat egon dela, eta erabilpena gehitzen joan dela, baina ezin dut hori zenbakien bidez esan. Bai azken urteotakoa, baina ez lehengoa.
Orain ze datu daukazue?
Egunean 30 bat mailegu egiten ditugu; urtean 12.000 inguru. Bizkaia mailan ere asko da hori. Suediagaz alderatuta, oso gutxi. Dauzkagun bolumenak, berriz, 30.000 dira momentu honetan; 5.000 dabiltza herritik, maileguan hartuta.
Zein da eguneroko martxa?
Goiza oso lasaia izaten da. Goizak aprobetxatzen ditugu, esate baterako, ikastetxeetako umeen bisitak-eta jasotzeko. Ostantzean, hiru-lau pertsona etortzen dira egunkaria irakurtzera, eta beste lau-bost liburua aldatzera. Eguena igartzen dugu, azoka egunak mugimendu gehiago ekartzen du hona ere. Ikasleren batzuk ere etortzen dira, tarteka, martxoan ipini dugun ordenagailu eta Internet zerbitzua erabiltzera. Gero, arratsaldean, 16:30a arte, berdin, pertsona batzuk etortzen dira liburua aldatzera; eta hortik aurrera umeak etortzen dira. Ume koxkorrak, eskolako lanak egitera datozenak, batik bat. Eta berandutxoago, gurasoak ume txikiekin.
Eguraldiak badu eraginik?
Pilo bat: oso ona edo oso txarra egiten badu, jende gutxiago etortzen da liburutegira.
Eguneroko ohiko martxatik aparte, urtean hainbat ekimen eroaten dituzue aurrera. Tartean dago irakurleen txokoa. Kontaiguzu.
Gero eta liburutegi gehiagotan egiten da irakurleen txokoa. Baita liburudenda eta tabernetan ere herri handiagoetan. Funtzionamendua oso erraza da: literaturan aditua den pertsona batek dinamizatzen du, eta hilabetero irakurketa bat proposatzen du, txokoko partaideekin adostuta. Batzuetan autore eta liburu ezagunak dira, eta beste batzuetan saiakera da, juxtu, hain ezagunak ez direnak lantzea. Euskarazko irakurleen txokoa daukagu orain dela urte bitik hona, eta aurten lehenengoz gaztelerazko irakurleen txokoa ere bai. Urritik ekainera irauten du, eta ikasturte hasieran ematen da izena bertan parte hartzeko. Lehenengo hilabeteetan adosten da urte horretan zeintzuk izango diren irakurriko diren liburuak. Hilean behin batzen da talde bakoitza, eta irakurritako liburuaz egiten da berba. Eta orduan banatzen da hurrengo liburua ere.
Liburuak Bibliotekak lortzen ditu?
Bai, hori da. Eta horregaz batera, taldekoei liburuari eta egileari buruzko fitxak ematen dizkiegu. Niri asko gustatzen zait Irakurleen Txokoa. Jendea gustura dabil.
Irakurle taldeak finkatu dira?
Oraindik ekimen berria da. Baina hor daude taldeak: 22 lagun daude talde bakoitzean. Saio guztietara etortzen direnak hamasei bat izaten dira. Gero, idazleak ekartzen ditugunean, gehiago etortzen dira.
Irakurleak=emakumeak?
Kezkatzen hasi beharko dugu gizonok, bai! Euskarazko taldean gizon bakarra dago; lehen beste bi zeuden, baina orain ezin dute etorri. Gaztelerazkoan ez dago gizon bakar bat ere.
Liburutegien Sarea osatzen duzue. Zer da sarea? Zertarako erabiltzen da?
Liburutegi ia-ia guztiok erabiltzen dugu aplikazio informatiko bera. Orduan, data-basean ikus daiteke liburu bat zein liburutegitan dagoen. Eta, horrela, posible da liburutegien arteko maileguak egitea. Egiten ditugu, baina sistema hori ez dago legez arautua oraindik. Gastua dakar, liburu bidalketak postaz egiten ditugulako. Dena den, Sare point izeneko proiektua ipini dute martxan Jaurlaritzatik; liburutegien arteko mezularitza zerbitzua da, eta espero dugu laster tamaina bateko liburutegi guztiok edukitzea aukera erabiltzeko.
Urtean ekitaldien programazio finkoa daukazue ?
Hori da lortu nahi dudana: urterako programazioa egitea eta ebaluatzea. Hori ikastetxeen eskolaz kanpoko jarduerekin lotu nahi dugu. Orain, ekintza puntualak egiten ditugu.
Espainiako estatu mailan Maria Moliner saria lortu duzue hirutan.
Kontsolazioko sailean, baina bai. Sari ona izan da: 5.000 euro inguru liburutan.
Irakurlea desagertzeko arriskuan dagoen espeziea da?
Sekula baino gehiago irakurtzen da. Ia: zenbat irakurtzen zuten orain dela 100 urte? Eta guk orain?
Liburu bat hasiz gero, amaitzea komeni da?
Hori ere topikoa da. Zergatik jarraitu ez bazaizu gustatzen?
Liburutegira aste biko epean liburua bueltatu edo bestela...
Bestela lasai! Ekarriko duzu aurrerago. Saiatzen gara lasaitasuna eta askatasuna transmititzen erabiltzaileari. Guk badakigu liburu bakoitza non dagoen, eta baten batek eskatzen badigu eta epe luzean beste nor edo nork badauka, deitzen diogu eta ekartzen du.
Irakurtzea ona da?
Esaldi hori ez zait gustatzen. Irakurtzea ona, edo txarra, zer irakurtzen duzun izango da... Ikastetxeekin batera lantzen gauden proiektuan ez dugu ipini helburu modura irakurzaletasuna bultzatzea, ez bada ze, zaletasun posibleak ez uxatzea, derrigorraren erruz.
Zer zaude irakurtzen?
Ipuinzalea naiz, baina oraingoan liburu luzeagaz nabil:
La enfermera de Brunete. Oso polita. Euskaraz
Korte bat, mesedez nago berrirakurtzen, eta Lea Artibai Ikastetxearen historia liburua.