
Mendebalak barreiatutako oihartzuna
Komunikabideak
Gazteen arteko komunikazio sarearen tresna berriagaz batera, komunikazioa eta sormena landu dituzte Mendebala Egunean.
garbiñe garagarza
Komunikatu, transmititu, esan, adierazi... Modu bat baino gehiagotan azal daitekeen ekintza modu bat baino gehiagotan kaleratu nahi izan dute Mendebalakoek. Horretarako eguna izan zen atzokoa, eta gaur ere eutsi egingo diote helburuari.
Atzoko eguna, bereziki, komunikazioa hobetu, sortu eta bultzatzera zuzendutako tresna berria aurkezteko erabili zuten. Mendebala aldizkaria. Inkomunikazioarekin apurtzeko euskarri berria, gazteen arteko harremana bideratzeko txoko berria.
Horrela, irratsaioa, web orria, topaketak, aldizkaria... gazte mugimenduaren baitan sortutako beharrizanari erantzutera datoz eta gazteen artean sumatutako hutsune bat betetzera, poliki-poliki komunikazio sarea hedatuz.
Mendebalak komunikaziorako ate bat gehiago irekitzeaz gain, sormenari ere keinua egiten dio. Eta lehen zenbakian gorpuztu ez den arren, hurrengo zenbakietan herriko gazte sortzaileen tartea jasoko du bere baitan.
Mugak hautsiz
Mendebala aldizkaria baino haratago zabaltzen den fenomenoa da, izaeraz eta izatez. Izenaren atzean dagoen filosofia agerian gelditu zen atzokoan.
Komunikazioa eta hartu-emanak garatzeko lekua da kalea Mendebalakoentzat, eta «kalean egon beharra» aldarrikatu zuten atzo.
Gazteen artean indibidualismorako joera sumatzen dute. Kaleak eta eurek jarritako bitartekoak «bakoitzak dituen mugak deuseztea» du helburu. «Zenbat bider egon gara pertsona eta koadrila berberen ondoan eta ez dugu elkarrekin hitzik ere egin? Gure ekintzen bidez hori apurtzea bilatzen dugu. Gazteek elkar ezagutzea. Ezaugarri, baldintza... berdinak, edo behintzat beretsuak, partekatzen ditugula ikusiaraztea. Elkarregaz hartu-emanetan egoteak ikuspuntu zabalagoa ematen digula sinesten dugu, bizitzako egoerak beste modu batetan ikusi eta ulertzeko bidea».
Bideen ugaritasuna
Sormena eta komunikazioa lantzeko bide ezberdinak sustatzeaz gain, ezagutzeko aukera ere egon zen atzokoan herriko kaleetan.
Musika edo beste inolako euskarririk erabili gabe, gorputzaren mugimendu soilagaz eta espresioaren laguntzagaz sormena eta komunikazioa lantzeko modu berritzailea eskaini zuen Amaia Pascual dantzariak. Dantza garaikidea eta antzerkiaren arteko mugaren interpretazio propioa plazaratu zuen Kalekutzean. «Kalea nola bizi dugun eta bertan ditugun bizipenak agertzea zen helburua. Horretarako jendea eta jendearen errakzioak oso garrantzitsuak izaten dira». Saioak aurrera egin ahala komunikazioa eraikitzen joan zen artista eta ikusleen artean. «Harreman berezia sortzen da, errepikatuko ez dena. Begirada zehatz bat bilatzen duzu, barrura sartzen uzten dizun begirada; eta Ondarroako ikusleen artean topatu dut».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
IRTEERAK
Desanexioaren urteurreneko II. Mendi Martxa
ZIORTZA-BOLIBAR, Ziortza-Bolibarren - 2008-11-14
ERAKUSKETA
Motorren erakusketa
MARKINA-XEMEIN, Uhagonen - 2008-11-21
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.