
NEKANE NABERAN ð- Saregintza enpresa bateko kudeatzailea
«Arrantzarako ez eze, akuakultura eta ingurumenerako saltzen dugu nahiko»
Mendexa
Mutrikun lan eta Mendexan bizi den ondarrutarrak familiako enpresari eutsi dio, eta sarea merkatu berrietara ere botatzeari ekin dio, «arrantzan ez eze».
maribi ugarteburu
Eskailerape batean zegoen bulego txiki-txiki batetik pabilioi handi eta berri baterako jauzia ezagutu izan du bere lantokian Nekane Naberanek (Ondarroa, 1971). Zenbakiak, salmentak eta bezeroekiko harremanak familiako eta herriko bizitzagaz uztartzeko ahaleginean, denboraren jostun ere bada.
Noiztik zabiltza familiaren enpresan lanean?
1994tik. Ikasketak 1995ean amaitu nituen, baina azken ikasturtean beharra egiten nuen goizetan eta arratsaldez joaten nintzen unibertsitatera.
Familiako enpresa izateak zer esan nahi du, predestinatuta zaudela hor lana egiteko?
Nik beti esaten nuen ezetz, nik nire lana egingo nuela. Zuzenbide ikasketak egin nituen. Berez ez dute zerikusirik, baina bai dela karrera bat oinarri ona ematen dizuna, eta baliagarria dena proiektuak planteatzeko momentuan-eta. Anaiak bai egin zituela enpresa ikasketak. Baina, tira, biok gaude berton. Anaia teknikoagoa da, eta ni saltzaileagoa, kontuak eroaten ere ibiltzen naizen arren.
Etxeko enpresari eusten, eta hazten ere bai orduan?
Gu sartu ginen urtean pentsatu zen inbertsio handi bat egitea, Mijoan pabilioi bat hartzeko, Ondarroako portutik hona etorrita. Horrek esan nahi zuen beharra egin behar zela hori aurrera ateratzeko, eta jauzi bat eman behar zela. Jarraikortasun bat eman behar zitzaion negozioari; argi neukan hemen geratu beharko nintzena. Baina, gustura etortzen naiz lanera. Anaiak hartu zuen alde teknikoa, sareen diseinua eta armadoreekiko harremana, eta nik salmenta eta kudeaketa.
Aurrerapen teknologikoak eta informatikak asko aldatu dute zuen lana?
Ni sartu nintzenean ordenagailu bat zegoen, eta telefono bat faxagaz alde batera. Lokala Ondarroako portuan zegoen, eta han barruan bulegoa eskailera azpiko tarte bat aprobetxatuta egina zegoen. Harrez gero, asko aldatu da egoera, beste hainbat enpresatan legez: web orria, ordenagailuak...
Eta nazioartekotzea.
Beste lantegi bat daukagu Bretainian (Frantziar estatua), hiru beharginegaz.
Sareak zelakoak? Zerezkoak? Norentzako? Zelan?
Guk arrasteko sareak egiten ditugu, tamaina guztietako baforeentzako. Ontzi bakoitzak ze arrain arrantzatu nahi duen, non arrantzatu nahi duen, ze potentzia daukan... guztia hartzen da kontuan sarearen diseinua egiteko. Gero, simulatzailean egiten da froga. Onespena jaso ondoren egiten zaio aurrekontua eta produkziora pasatzen gara.
Mundua bera da zuen merkatua?
Frantzian saltzen dugu asko, Espainian baino gehiago. Euskal Herrian gero eta gutxiago, Ondarroako portua-eta asko jaitsi direlako... Senegalen ere saltzen dugu. Aljerian eta Marokon orain hasi gara.
Eta zeuen hornitzaileak?
Espainia, Portugal, Danimarka, Belgika, India, Txina, Korea... denetik. Izan ere, sareak eurak baino osagaiak saltzen ditugu gehiago, kableak eta abar.
Krisia igarten duzue?
Bai. Baina dibertsifikatzen ere bagabiltza; arrantzarako ez eze, akuakulturarako eta ingurumen gaietarako saltzen dugu nahiko.
Berritu ala hil?
Derrigor.
Ondarrutarra zara baina Mendexan bizi zara. Zelan moldatu zara?
Urte bi daroadaz han, eta gustura. Niretzako leku zoragarria da.
Mendexan lo bakarrik ez, ezta?
Umeak ere badauzkagu, eta gustatzen zaigu herriko gauzetan parte hartzea. Kuku-habixa kultur elkartean nago. Herrizalea naiz, eta han ere herria hazten dago, eta ikusten da falta egiten duela kultura zein kirol aldetik azpiegiturak finkatzea, jendeak bertan geratzera jo dezan.
Lana, umeak, herria... Denboraren Bankua balego...
Kreditua eskatuko nuke, bai!
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ERAKUSKETA
Egurlanak erakusgai
ONDARROA, Udal Erakusketa Aretoan - 2008-12-04
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.