Edukira joan

2009ko udaberrian energia planta martxan egotea aurreikusten dute

Ekonomia

Mutriku Bizirikek antolatutako hitzaldian herritarrek agertutako kezkei erantzun diete teknikariek.

garbiñe garagarza

Olatuen indarrarekin energia lortzeko energia planta 2009ko udaberrian lanean egongo da. Asmo horren berri eman zuten teknikariek herenegun, Mutriku Bizirikek antolatutako hitzaldian.

Energia plantaren inguruko informazio zabala ematea zen herenegungo hitzaldiaren helburua. Horretarako, EEEren izenean Yago Torre etorri zen, eta turbinak eraikitzen ari den Tolosako Voith Hydro enpresatik Rosa Etxeberria eta Juan Antonio Rodriguez. Gainera, babes dikearen edo hondartzaren inguruan egon zitezkeen galderei erantzuteko, Portuen Zuzendaritzako Natxo Lopez de Agileta eta Agustin Errea udal arkitektoa ere han izan ziren.

Hizlariek, energia plantari buruzko informazio zabala emateaz gain, herritarrek agertutako kezkei erantzun zieten.

Torre izan zen hitza hartu zuen lehena, eta babes dikea eraikitzeak energia planta eraiki ahal izateko aukera ezin hobea eman ziela azaldu zuen. Gainera, babes dikearen funtzio nagusiari ¬portuko sarrera babesteari¬ inolako kalterik ez diola egiten gaineratu zuen.

Energia plantaren ezarpenak olatuetatik energia sortzeko sektorean lidertza eskuratzeko bidea emango duela azpimarratu nahi izan zuen, eta horrekin batera, Mutriku mundu mailako erreferente izango dela. «Munduko hainbat lekutan energia mota horrekin interesatzen hasita daude. Aurki, Danimarkako adituek bisitatuko dute herriko planta. Teknoologia horretan aurretik joateak industriaren garapenerako aukerak gehitzen ditu, eta hasten direnei guregana jo beharra sortzen die. Horrek aukerak asko gehitzen ditu».

Hitzaldian, herrian jarriko dituzten turbinen argazkiak erakutsi zituzten. «Elementu berririk ez dago Mutrikuko plantan. Jartzeko modua da aldatu dena. Herrian jarriko diren turbinak Eskozian probatu dira. Beraz, teknologia guztiz garatuta eta hobetuta helduko da herrira», azaldu zuen Etxeberriak.

Beldurrak uxatuz

Herritarrek informazio teknikoarekin batera, planta martxan denean herritarren bizitzan izan ditzakeen eraginen gaineko kezkak azaldu zituzten.

Plantak sor ditzakeen zaraten inguruan, Etxeberriak aurrea hartu zien Zabiel Kultur Etxeko aretoa bete zuten herritarrei. Berak azaldutakoaren arabera, eraikinak berak zarata kanpora ez ateratzeko neurriak ditu, eta turbinaren gaineko alde guztia (turbinaren heren bat) zarata kontrolatzeko gailuek osatzen dute. «Olatuek dikearen aurka jotzean, dagokion zuloan jarrita dagoen turbina baino zarata gehiago aterako dute».

Horretaz gain, Torrek inguruan bizi diren bizilagunentzat inolako arriskurik ez dagoela esan zuen. «Etxean gaudenean izan dezakegun esposizio mota berberaz ari gara, nahiz eta turbinak etxeko edozein gailuren motorra baino askoz pontetzia handiagoa eduki», zehaztu zuen.

Azkenik, planta martxan dagoenean, dikean zein inguruetan aisialdiaz gozatzeko aukera guztiak egongo direla baieztatu zuten. «Herritarrentzat ere ez dago inolako arriskurik. Plantan sortzen den energia garraiatzeko sarearen osotasuna lur azpitik doa. Momentuan baimenak lortzen ari gara horretarako, hain zuzen ere».

 

datu teknikoak



Teknologia. OWC (Oscilating Water Colum) teknologia.

Turbinak. 16 kamara-turbina (mundu mailan bakarra).

Potentzia. 296 kW-ko potentzia instalatua.

Ardatza. Ardatz horizontala edukiko du (mundu mailan bakarra).

Diseinua. Egiturazko diseinu trinkoa edo konpaktua da.

Ekoizpena. 600.000 kW/h urtean (aurreikuspena).

Emisioak. 600 tona CO2 emititzea saihestuko da (basoko 80 hektareak dakarten ingurumen onuren baliokidea).



 

Salaketa jarri du Natur Taldeak, portuko obrak gelditu asmoz

Argudio nagusia eraikitzen ari diren energia plantak ingurumenaren gaineko eraginen azterketarik ez edukitzea izan da.

g. garagarza



Natur Taldeak eraikitzen ari diren energia palantak ingurumenaren gaineko eraginen azterketarik ez edukitzea alegatuz, salaketa jarri du Gipuzkoako Auzitegi Probintzialean. Kautelazko neurri bezala, portuko obrak geldiaraztea eskatzen dute.

Salaketaren oinarria babes dikearen ingurumenaren gaineko azterketako testua da. Dikeak 2004ko uztailaren 29an jaso zuen Ingurumen Sailaren oniritzia. Dokumentuko testutik ondokoa azpimarratu dute: «Proiektuan Mutrikuko portuaren zabaltzearekin zerikusia duten beste zenbait ekintza jasotzen dira. Ekintza horiek ingurumenean izan dezaketen eraginari buruzko informaziorik ez da jaso. Hori dela eta, ingurumenaren gaineko azterketa honek ez ditu ebaluatu ekintza horiek izan ditzaketen eraginak». Ekintzen artean, «azpiegitura energetiko baten instalazioa» agertzen da.

Proiektuaren aldaketa

Energia planta eraiki ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak babes dikearen proiektua aldatu egin zuen. Gaur egun, energia plantaren obra zibila amaitzen ari dira, eta apirilaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak jasotzen duenez, jarduera lizentzia eskatu dute. «Lizentzia ingurumenaren gaineko azterketarik gabe lortu nahi dute», diote Natur Taldekoek.

Herenegungo hitzaldian, Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritzaren izenean, Natxo Lopez de Agiletak gai hori «behin betiko» argitu nahi izan zuen. Lopez de Agiletak inplikazio zuzena eduki du babes dikearen proiektuan, baita energia plantaren obran ere.

2006ko ekainaren 6an Ingurumen Sailetik jasotako eskutitz bat testualki irakurri zuen. Haren arabera, aldatutako proiektuan jasotzen zen jarduera ez zen gai horiek erregulatzeko legeek (3/1998 ingurumen legea eta 1302/86 errege dekretua) jasotzen dituzten balizko egoeretan sartzen. Gainera, Ingurumen Sailak jardueraren ondorioz ingurumenean eragin kaltegarririk ez zela aurreikusten gaineratzen zuen. Hori dela eta, aldaketak ingurumenaren gaineko eraginen azterketarik ez zuela behar ebazten zuen.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

DEIALDIAK

Argazki zaharren erakusketa
LEKEITIO, - 2008-11-25

ZINEMA


LEKEITIO, Ikusgarri zinema aretoa - 2008-12-06

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.