Edukira joan

fatma el-mehdi ð- Saharako Emakumeen Batasun Nazionaleko presidentea

«Batez ere emakumeen burujabetzaren gainean egiten dugu beharra»

Gizartea

Saharako Emakumeen Batasun Nazionalaren bitartez hainbat proiektu eroan dituzte aurrera Saharako emakumeek, emakumeen etxeak, esate baterako.

eider mugartegi

Fatma El Mehdi (Smara, 1969), Saharako Emakumeen Batasun Nazionaleko presidentea, Lea-Artibain dabil egunotan. Saharar herriaren eta, batez ere, emakumeen egoeraren berri emango du gaur, Lekeition eta bihar, Markina-Xemeinen.

Zein da Saharako Emakumeen Batasun Nazionalaren lana?

Emakumeekin behar egiten duen erakundea da, eta momentuz, kanpamentuetan dagoen era horretako bakarra. Batez ere emakumeen burujabetzaren gainean behar egiten dugu, emakumeen partaidetza politiko eta soziala bultzatuz. Helburua gure gizartean pareakidetasuna lortzea da, eta bide horretan, esate baterako, nazioarteko beste emakume talde batzuekin gaude harremanetan. %75 Euskal Herrikoa taldeak dira.

Biltzarrak ere egiten dituzue?

Bost urtetik behin biltzar bat egiten dugu. Joan den apirilean bosgarrena egin genuen. Biltzar horietan erakundearen zuzendaritza batzordea aukeratzen dugu. Batzordekoak programa nazionalen eta probintzialen arduradunak dira. Erakundeak egitura zabala dauka, ia 66 langile daude erakundeari afiliatuta, eta eurek arduratzen dira programak aurrera eroateaz. Euren bitartez, gure mezua emakume guztiei heltzen zaie.

Ze proiektu egin dituzue?

Probintzia guztietan emakumeen etxeak sortzeko proiektu garrantzitsu bat egin dugu. Horrela, zerbitzuak eta aukerak emakume guztiengana heltzen dira. Etxeetako bi Euskal Herriko laguntzei esker egin dira: El Aaiumgoa Fagor Arrasateri esker eraikita dago, eta Smarakoa Euskal Herriko sei udalei esker. Etxeen asmoa ez da bakarrik emakumeentzako gune batzuk sortzea. Etxe horiek Saharako emakumeen eta beste lurralde batzuetako emakumeen artean elkartrukea egoteko tresna izatea nahi dugu.

Gaurko bisita marko horren barruan dator, ezta?

Etxe bat eraikitzeko emandako laguntza eskertu eta, aldi berean, saharar emakumeen eta udaletxe honen artean sortu den harremana sendotu nahi dugula agertu nahi diogu Udal honi.

Zein da saharar emakumearen egoera kanpamentuetan eta eremu okupatuetan?

Lehen, eremu okupatuan zegoen jendearen berri edukitzea ia ezinezkoa zen, baina azken aldian, ONUren bisiten elkartruke programaren bidez, informazio gehi-ago jasotzen gabiltza. Kanpamentuetan premia materialak ditugu, baina garrantzitsuagoa den gauza bat daukagu: askatasuna. Aldiz, eremu okupatuetan daudenak txarrago daude. Ezin dute dokumentaziorik eduki, ez eta manifestazio politikorik egin. Kanpamentuetan gaudenok janarien beharra daukagu, baina antolatu egin gaitezke, eta kanpoko munduarekin harremanetan egon. Eremu okupatuetan giza eskubideak etengabe bortxatzen dira, eta hainbat emakume kartzelaratu dituzte.

Ze momentutan dago orain gatazka?

Gaia geldirik dago, zeren marokoarrek autonomiaren aukera dute bakarrik buruan. Uste dute zer edo zer eman behar digutela, eta eman ahal diguten bakarra autonomia dela. Guk ez dugu hori pentsatzen. Eurek ez digute ezer eman behar, independentzia daukagun eskubide bat da, eta aldarrikatu egin behar dugu. Egoera luzatuz, saharar herriaren erresistentzia desegin nahi dute, baina jendea gero eta gogorrago eta konbentzituago dago. Gero eta atxikituago dago herriaren sustraietara. Guk ezin dugu askatasun barik bizi, eta Marokon ez dago askatasunik.

Egoera geldituta egoteak, gazteek borroka armatuaren bidea eskatzea eragin du, ezta?

Sufritzen dagoenari, batzuetan, berdin zaio borroka armatura itzultzea. 17 urte bakearen bidetik ahalegin guztiak egiten egoteak, eta azkenean Maroko bere tropak indartzen dabilela ikusteak, etsipena ematen du. Denbora galtzea da guretzat, eta irabaztea, Marokorentzat. Beraz, guk erabaki nahi dugu gatazka konpontzeko bidea zein izango den. Jendeari berdin zaio gerrara bueltatzeak, jendea itota dago, eta ez du beste irtenbiderik ikusten.

Gai izango zen saharar herria Maroko moduko herrialde bati aurre egiteko?

Fronte Polisarioak ezer barik hasi zuen Marokoren kontrako gerra. Gainera, uste dugu, gerraren indarra ez dela bakarrik material eta arma asko edukitzea, taktikak ere behar dira. Gerra hasi zenean, Marokok Saudi Arabia, Irak, Espainia eta Frantziaren laguntza izan zuen. Hala ere, asko galdu du. Gainera, motibazioa ere desberdina da. Sahararrak gerrara doaz eskubide bat aldarrikatzen dabiltzalako, ostera, marokoarrak behartuta daude joatera.

Nazioarteko laguntzak, zer?

Politika denean sartuta dagoela nabari da. Azken aldian, laguntza humanitarioaren bitartez presioa egiten dabiltza. Laguntza gutxiago egoteagaz mehatxatzen gaituzte.

Eta herri, elkarte eta udaletatik ematen diren laguntzak?

Gu bizi garen moduan bizi izanda, kanpoko laguntzen menpe, berebiziko garrantzia dute. Guk hainbat proiektu ditugu, eta baldintza batzuk betetzen badituzte edo ez, onartu edo ukatu egiten dira laguntzak. Horregatik ezeren truke jasoten ditugun laguntza horiek asko eskertzen dira.

Lea-Artibaiko hainbat herritarrek Oporrak Bakean programan parte hartzen dute ume sahararrak etxeetan hartuz. Zer deritzozu?

Guretzako garrantzitsua da. Aukera bat da gure borrokaren berri emateko, eta batez ere, gure seme-alabei kanpamentuetan ez dituzten aukerak eman ahal izateko.

 

Udalak harrera egin dio Fatma El Mehdiri



udala Markina-Xemeingo Udalak harrera egin zion atzo Fatma El Mehdiri. Saharako Emakumeen Batasun Nazionaleko presidenteak Markina-Xemeindik jasotako laguntza eskertu zuen, eta sahararren egoeraren berri eman zion Jabier Alberdi alkateari. Udalak Saharako emakumeentzako etxeak egiteko laguntza eman zuen. Udaletxea ezagutzeagaz gainera, oroigarria jaso zuen Fatma El Mehdik alkatearen eskutik.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ERAKUSKETA

Egurlanak erakusgai
ONDARROA, Udal Erakusketa Aretoan - 2008-12-04

ZINEMA


LEKEITIO, Ikusgarri zinema - 2008-12-07

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.