
Lea-Artibaiko gazteak, kirolaz blai
Gizartea
Lea-Artibaiko ikastetxeetako LHko 5. eta 6. mailakoek hainbat kirol proba egin dituzte taldeetan banatuta; «irabaztera» joan dira.
edurne burgaña
Lea-Artibai Amankomunazgoak eta eskualdeko ikastetxeek elkarlanean antolatuta, Lea-Artibai kirolez blai izeneko olinpiadak hasi zituzten atzo. Aurten, Lekeition batuko dira ikasleak, «elkar ezagutzeko eta osasuntsu ibiltzeko».
LHko 5. eta 6. mailakoen txanda izan zen atzokoan. Adinaren arabera banatuta, hainbat kirol mota egin zituzten. Hala, 5. mailakoek Eskolan, Iturriotzen eta futbol zelaian, aurrekiroletan, baloi dorrea, hockey egokitua eta beisbola jokatu zituzten; jolas tradizionalen multzoan, zelai errea eta futbola baloi gabe; jolas alternatiboetan, ultimate eta shuttleball; eta herri kiroletan, txokor batzea, zaku lasterketa, bola jokoa, txinga eroatea eta sokatira.
Nagusiagoek, 6. mailakoek, esku pilotan eta palan jokatu zuten ikastolako frontoian, Trinketen, eta herriko frontoian.
Herriak alde batera utzita
Talde ezberdinetan banatuta, ikasleek egin beharreko lehenengo gauza elkarren izenak ikastea izan zen. Hori eginda, jokatzen hasi, eta emaitza hobeak edo txarragoak lortu arren, pozarren ibili ziren guztiak.
Eguzki izpien berotasunean, bakoitzak zein herritakoa den alde batera utzi eta irabazteko zuten guztia eman zuten.
Kirol giroan bizitzea, kirola jolas modura ere hartzea, kulturan sustraitutako kirolak bultzatzea, aktibitate fisikoa eta asialdia lotzea eta droga menpekotasunik ez izateko alternatibak ematea dira, besteak beste, kirol tokapeta horien helburuak.
DBH1 eta DBH2koen txanda
Hiru barikutan batuko dira ikasleak Lekeition. Hilaren 25ean, DBH1. eta DBH2. mailakoen txanda izango da. Taldekako kirolak, euskal pilota, atletismoa eta herri kirolak egingo dituzte.
Azken batean, kirolari eskerrak, eskualdeko ikasle guztiek elkarregaz egoteko aukera daukate.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.