
Etxebarriak ere Uematik irtetea erabaki du
Udala
Udalek Uemak baino zerbitzu bat gehiago eskaintzen duela-eta, «bide berriari ekiteko unea» dela esan du alkateak.
asier alkorta
Etxebarriko Udalak Munitibarren bidea jarraitu du, eta Uematik irteteko erabakia hartu du. «Ueman egon ordez, Eusko Jaurlaritzako Udale zerbitzuan sartuko gara; horrek zerbitzu bat gehiago eskaintzen du-eta», azaldu du Iñaki Sudupe Etxebarriko alkateak.
Erabakia herenegungo Udalbatzarrean hartu zuten: EAJkoek aldeko lau boto eman zituzten, EAE-ANVko kontrako hiruren aurrean. Horrela, aurrerantzean, Etxebarria ez da Ueman egongo, Udalen baizik.
«Uemak eskaintzen zituen zerbitzuak izateaz gain, Udalek ekintza ekonomiko eta urbanistikoen gaineko zerbitzua eskaintzen du; zerbitzu berri hori eskainita, herriari babes handiagoa ematen dio». Bide horretatik, orain arte Ueman egon badira ere, orain, «ziklo berri bati» ekiteko unea heldu dela esan du alkateak. «Udale bide berri bat da, eta Ueman sartu ginen modura, orain, IV. plangintzari jarraituz, Udalera pasatuko gara, bide berria jarraituko dugu».
Alkateak aipamen egin zion plangintza horrek, funtsean, herri- administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko irizpideen aurkezpena egiten du, Jaurlaritzaren eskutik.
Erabakiaren kontra
Etxebarriko EAE-ANVk Udalbatzan hartutako erabakia EAJ alderdiak hartu duela gaineratu nahi izan du. «Okerreko erabaki hori salatu nahi dugu, eta aldi berean, berriro aztertzeko eskatu nahi diogu alkateari».
Lea-ArtiBAI Euskararik ere EAJk hartutako erabakia arbuiatu du. «Euskararen alorrean, herrietan zatiketa eragin du erabaki horrek; Udale eta Uema artean erabaki beharrak zatiketa eragiten du herritarrengan. Gainera, Udale EAJk kudeatzen duen zerbitzua da».
Bertoko herri txikiek Uema sortu zenetik ezagutzen dutela esan eta Udale zerbitzu berriaren nondik norakoak oraindik ez daudela argi gaineratu du taldeak. «Uemak Euskal Herri osoa sare baten baitan batzen zuen, eta Udale euskara biziberritzeko zerbitzua Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabara mugatzen da. Horrek ez ditu gure helburu guztiak betetzen», argitu nahi izan dute.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.