Ordu gutxi pasatu dira eguzkia atera denetik. Jose Miguel Plazaola eta Agustin Agirrebengoa Xarpa jo eta ke ari dira okindegiko atzekaldean lanean; herritarrak esnatu orduko, okin biek prest edukitzen dute eguneko ogia.
Goizean goiz, 04:00ak aldera hasten da Plazaolaren lana. Ordu horretan, okindegiko atzeko atea zabaldu eta gerora ogia egingo duen labea pizten du. «Labeak 200 graduko tenperatura hartzeko ordu bat behar izaten du; bitartean, beste zeregin batzuk egiten ditut», azaldu du okinak. Izan ere, labea berotzen den bitartean, Plazaolak bestelako ogi bereziak labean sartzeko prest ipintzen ditu. «Gutxi erosten dira, baina egin egiten ditut, lehen orduan: integrala, esate baterako».
Behin labea berotuta dagoenean, bezperan utzitako orea hozkailutik atera eta labean sartzeko prestatzen du. Lan hori egiteko, aldiz, Xarparen laguntza izaten du ; berori, 05:00etan sartzen da lanera.
Labeko ateak zabaldu eta beroa gela osoan zabaltzen da. «Neguan 20-25 gradu izaten ditugu hemen barruan, eta udan 30 gradu inguru. Kanpoan egiten duen tenperaturarekin alderatuz, %10 altuagoa izaten dugu barruan», argitu du Plazaolak.
Laberako prestatzen
Hizketan diharduten bitartean, bi okinak labetik ogia atera eta berriak sartzen dabiltza, etengabe. «Egunean 800 bat ogi egiten ditugu berton; herrian saltzeko ez ezik, baserrietara ere eroaten dugu HITZArekin batera».
Labean sartu aurretik, hiru edo lau arrakala egiten dizkio Plazaolak ogi bakoitzari. «Horrela, ogia arrakala dagoen lekutik zabaltzen da eta ez edonondik». Erritmoa jaitsi gabe, hozkailutik bezperan egindako ogia ateratzen dabiltza Plazaola eta Xarpa. «Etortzen garenean ogia egiten dugu labean, baina orea bezperatik prestatuta lagatzen dugu; horrela izan ezean, goizago hasi beharko ginateke».
08:00ak heldu orduko, ogia okindegiko apaletan ikus daiteke salgai. Maria Angeles Ugarte eta Marije Guridiren lana hasten da orduan: ogia saltzea. «Gutxi gora-behera 08:00ak aldera hasten gara lehenengo ogiak saltzen». Denda dagoen aldean ere labe txiki bat dute okindegikoek. «Jendeak egin berri dagoen ogia erosi nahi izaten du, eta egun osoan egoten da labe txikia martxan».
Orea prestatzen
Labea gori-gori dago azken labekada egin denerako. Lanaldiko bigarren fasea hasi da: hurrengo eguneko ogia egiteko orea prestatzen hasi dira. Makinak martxan jarri eta orea behar bezala egin denean, bigarren makina batera eramaten dute okinek. «Orea zatitu eta bolatxoetan batzen da. Ondoren, hamabost minutuz bolatxoak asentatzen utzi eta gero, ogiari itxura ematen diote bi langileek. «Ogi bakoitza bere lekuan ipini ondoren, dagokion tenperaturan hozkailura sartzen dugu; hurrengo egunean, labetik pasatuko dute ogi itxura duen asentatutako orea ».
Dena prest utzi ondoren, erabilitako tresneria guztia garbitu eta eguna aprobetxatzen saiatzen dira Plazaola eta Xarpa. Okinak dira, eta badakite ogia egitea zer den; beraiek egiten duten ordu txikietako lana, herritarrentzat egun osoko jana bihurtzen da.
jose miguel plazaola ð- Okina
«Jendea ogi merkea eta plastikoan sartutakoa erostera joaten da»
Ekonomia
Ogia ohiko eran egiten du Plazaolak; betidanik dihardu ogia egiten, baina pixkanaka, ofizioa galtzen joango delakoan dago: horrek «pena» ematen dio.
edurne burgaña
Jose Miguel Plazaola (Zumarraga, 1951) 1975etik Mutrikun bizi da, eta Panadei Berriko okina da. Okindegia eskuz aldatzen zela aprobetxatuz, bertara etorri zen bizitzera emaztegaia zuenarekin, eta orain, emazte denarekin: Maria Angeles Ugarterekin.
Hamar anai-arrebetatik, sei okinak zarete...
Etxean okindegia zegoen, eta denok ikasi genuen ofizioa. Asko ginen eta etxetik irtetzeko garaia iritsi zenean, batzuk alde batetik eta besteok bestetik irten genuen. Hala, sei okinak gara gaur egun. Mutilak guztiok, nesketatik ez du batek ere jarraitu ofizioa.
Goizean goiz hasten zara lanean, 04:00ak aldean.
04:15ak aldera etorri eta labea berotzen jartzen dut; orduan, ogi espezialitateak egiten hasten naiz. Gero, 11:00ak aldera arte luzatzen da egileon lana.
Eta hortik aurrera, zer, lotara?
Beti egoten da zerbait egiteko, bankura joan behar dela, edo notak egin behar direla...
Zelan daramazu errutina hori?
Urte asko dira horrela hasi nintzenetik eta normaltzat daukat. Gainera, eguerdirako libre geratzen naizenez, ez da hain txarra lan hau. Txarrena asteburuan lana egin beharra; bestela oso gustukoa dut.
Eta okin baten oporrak, noiz?
Guk hamabost egunetik behin jai egiten dugu. Txandaka egiten dugu okindegion artean. Gainontzeko egunetan, lana egin behar. Baina bizi guztian egin dugu hori eta ez zait arraroa egiten.
Zein da zure ogi gustukoena?
Ogi gustukoena, onena, erdibikoa da niretzat: ez beltza eta ez zuria. Baina hemen eta orain, jendeak ogi zuria nahiago du. Gutxi erretakoa. Erraz jaten delako eta umeek bigunagoa nahi dutelako izango dela suposatzen dut. Baina ogi horrek bere zaporea ez du hartzen, ondo erreta egon behar da horretarako. Baina jendeari ez zaio gustatzen, eta guk jendeari gustatzen zaiona egiten dugu.
Ogia zer da: jatekoa ala jatekoa laguntzekoa?
Nire ustez ogia jatekoarekin jateko da, ez bera bakarrik jateko. Ohituta gaude jatekoarekin jatera, eta laguntzeko.
Lehendik hona, asko aldatu al da zure lana?
Lan honetan, beste askotan bezalaxe, teknika aldatu egin da, eta asko erraztu zaigu lana makinekin. Ni hasi nintzenean dena eskuz egiten zen, eta ogi gutxi egiteko jende asko eta ordu asko behar ziren. Hasi labeko egurra prestatzetik eta azken puntaraino egin behar zen dena. Orain, jende gutxirekin ogi gehiago ateratzen dugu, eta kalitatea ere asko hobetu da gure sektorean. Baina beste sektore bateko ogia dago, industrializatua, eta horrek, nire ustez, kalitatea jaitsi egiten du.
Jendeak baloratzen al du zuek egindako ogia?
Adineko jendeak baloratzen du, baina gazteek errazena egiten dute: aurrean jartzen zaiena hartu eta jan. Ez dute baloratzen guk egindako lana. Jendea ogi merkea eta plastikoan sartutakoa erostera doa.
Okin tradizionalaren ofizioak ba al du etorkizunik?
Ez dut uste. Poliki-poliki joango da desagertzen. Okinik ez da egongo, eta industrializatutako ogia izango da, galletak bezalaxe: paketeetan etorriko da eta hura jan beharko da. Oraindik urte batzuetan iraungo du, eta geratuko da lekuren bat era tradizionalean egiten jarraituko duena. Mutrikun Unai dago gazteena, eta pixkat bat iraungo duela uste dut. Baina gu joandakoan ez dut uste inork segituko duenik.
Eta horrek pena emango dizu...
Bai, pena ematen dit. Baina bizimodua hala etorri da, eta hala izan beharko da.
Ez al da izango, inork ez duela nahi goizean-goiz jaikitzerik?
Ez dut uste arazoa goiz jaikitzea denik, gero eguerdirako libre geratzen zara-eta. Arazoa asteburuetan lanera etortzea da. Okindegian eduki ditudan langileetatik inor ez da kexatu orduagatik, bazkaltzera doazenerako lana eginda dutelako. Ez da lehen bezala: gu hasi ginenean 01:00etan sartzen ginen, baina orain 05:00ak aldean hasten gara. Baina hori eguerdirako lana amaitu egiten delako da. Arratsaldean berriro etorri beharko bagina, orduan hasiko lirateke arazoak.
Ogiari berriro kolpe eginda, zergatik galtzen da goizeko ogia arratsalderako?
Ogi industrialaren kasuan, ogia ez da egunean bertan egindakoa: ogia egin, labetik pasatu eta izoztu egiten dute, eta gero, puntu batean labe txiki bat ipintzen dute, hor kolorea eman eta zuri ematen dizute. Zuk etxean berotutako ogia bezalakoa da hori. Hozten denean, ogia eskasa da, bi aldiz egindakoa delako. Bestalde, hemen, kostan, ogia bigundu egiten da itsasoko umeltasunarekin. Barrualdean, goizean ogia biguna egoten da eta arratsalderako gogortu egiten da; hemen, berriz, alderantziz gertatzen da klimagatik.
Jendeak eskatzen duena denborarekin aldatzen joan da?
Mutrikun ez dago asko sartuta ogi berezien kultura. Guk momentu honetan ez ditugu mota asko egiten, baina asko egindakoak gara. Eta momentuan saltzen dira; handik bi edo hiru hilabetera, ostera, ez. Boladak egoten dira, eta pasatu egiten dira. Guk betiko hiru motak egiten ditugu: integrala, zentenoduna, eta txapata. Baina espezialitate guztiak batuta, saltzen dena %10 ere ez da izango. Betiko ogia jaten da gehien bat.
Ikastolako umeak ogia zelan egiten duzuen ikustera etortzen dira. Kontaiguzu.
Urtero maila bat edo bi etortzen dira, eta hemen ibiltzen dira jolasten orearekin; gustura ibiltzen dira. Sei edo zazpi urte bueltakoak etortzen dira, eta gogoratu egiten dute gero. Gainera, astean berriro etortzen badira, berriro barrura arte sartzen dira, eta etxera ore zatia eramaten dute jolasteko.
Mitoa jarraituta, egia al da ogiak burua handitzen duela?
Aditu egin dut, baina aditu bakarrik. Frogarik ez dago. Ogiak burua hasi baino gehiago, esaten dute gizendu egiten duela. Nik uste dut garai batean gehien jaten zena zelako zela; ez zegoen besterik, eta ogia edukiz gero salbatuta zeunden. Baina oraingo ogiak gizendu gizenduko du, beste jeneroek bezala: zenbat jaten duzun, eta zerekin jaten duzun, hortxe dago koxka.
Manga motzarekin ikusten zaitut, beroa zelan eramaten duzu?
Beroa hotza baino hobeto. Hemen udan bero egiten du; guztia ondo zabaldu eta gustura egiten da lan. Neguan dena itxi arren, kanpora irten, eta atzera eta aurrera ibili behar izaten gara. Kontrasteak egoten dira, eta txarragoa da hori. Udan beroa egin arren, ez da bero zakarra izaten.