
GOIATZ MINGEZ mugerzað- BERDINTASUN TEKNIKARIA
«Dena sortzeko eta asmatzeko aukera dugu esku artean»
Gizartea
Berdintasunerako bidea jorratzeko asmotan, berdintasun teknikari bat jarri dute eskualdean herriari eta herritarrei laguntzeko.
garbiñe garagarza
Barneak agintzen zionari jarraituz, 16 urterekin mugimendu feministako kide egin zen Goiatz Mingez Mugerza (Ermua, 1978). Militantziarekin ekin zion bideari, arlo profesionalean ere jarraipena ematea erabaki zuen eta gaur egun, eskualdeko berdintasun teknikaria da.
Nondik norakoa da berdintasun teknikariaren agerpena eskualdean?
Debegesak bultzatu du, eta batez ere, Elgoibar, Deba eta Mutrikura begira sortu da. Eibarko eta Ermuko egoera ezberdina da; herri handiagoak dira, eta berdintasunaren inguruan ibilbide bat daukate; baita gainontzeko herrietan ez dituzten zenbait azpiegitura eta baliabide ere. Orain, berdintasun legea dela medio, gainontzeko herrietan ere gai horri behar duen garrantzia ematen hasi zaio.
Zein da eskaintzen den zerbitzua?
Herrian berdintasun arloan erreferente bat egotea nahi dugu. Jendeak gai horren inguruan dituen kezkak azaltzeko eta informazio eta baliabide beharrak asetzeko zerbitzu bat izango da. Horrekin batera, garrantzi handiko beste arlo bat ere landuko da: sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.
Zein izango da zure lehen lana?
Lehen pausoa herriaren diagnostiko bat egitea izango da, eta horretan ari gara. Aurrez zentzu horretan egin den lan bakarretakoa udaletxeko barruko berdintasun plana egitea izan da.
Zertarako balio izaten du berdintasun plana egiteak?
Dauden beharrizanei erantzuna emateko tresnak dira. Plan bat egitearekin ez dugu berdintasuna lortuko; prozesu luze baten ondorioa izaten da hori. Baina dagoena hobetuz eta ez dagoena sortuz hasiz gero, aurrera goaz poliki-poliki. Baina zerbitzuak sortu eta baliabideak eskaintzearekin batera, badago egin beharreko beste lan handi bat: mentalitatea aldatzea. Eta hori lan sakonagoa, epe luzeagoa duena eta guztion inplikazioa eskatzen duena da.
Zein izan da herriak eman dizun lehen inpresioa?
Egon naizen herri guztietan emakumeen mugimendua pixka bat apalduta dagoela ikusi dut. Mutrikuren egoera sakon ezagutzeko astirik ez dut izan oraindik, eta gainera, herrian bertan, astean egun batez nago. Baina lehen begiratuan asko poztu nauena zera izan da: gazteen artean mugimendua sumatzea. HITZAren bidez jakin ahal izan nuen ere martxoaren 8ra begira ekintzak prestatu zituztela emakume talde batekin batera. Eta ekintza puntuala izan arren, zerbaiten nahi hori ikusten da. Oso gustuko dut hori.
Ze garrantzi dauka teknikari bat jartzeko erabakia hartzeak?
Berdintasuna lortzeko saiakeran aurrerapauso bat dela uste dut teknikari baten beharra ikustea. Udal mailako gestioetan, batez ere herri txikietan, zaila da berdintasunaren lanketa lehentasunen artean egotea. Zentzu horretan, teknikaria jartzeak borondate politikoaren existetzia islatzen du.
Nola definituko zenuke burutu beharreko lanaren aurrean duzun pertzepzioa?
Berdintasunari buruz ari garenean, norberaren buruari buruz ere bagabiltzala ulertu behar dugu. Guztiok jaso dugu roletan eta tradizioetan oinarritutako hezkuntza, eta molde horiek barruan daramatzagu. Horri buelta ematea ez da batere erraza, barne prozesu bat da. Hori da, nire ustez, lan honen mamia. Hori dela eta, erronka bat bezala ikusten dut .
Nola ulertzen duzu berdintasuna?
Argi dago gizonezkoak eta emakumezkoak hainbat arlotan ez garela berdinak, emakumeak geure artean eta gizonezkoak euren artean diren bezalaxe. Berdintasuna esatean, aukera eta eskubide berdintasunaz ari naiz. Erabakia edozein izanik ere, abiapuntuek, laguntzek, trabek... edo dena delakoek berdinak behar lukete izan. Generoak ez luke diferentzia markatu behar.
Mezuren bat zabaldu nahi?
Herritarrak, eta bereziki herriko emakumeak zerbitzua erabiltzera animatzen ditut. Dagoen eskaera eta erabileraren arabera, zerbitzua handitzea lortzeko aukera dago, eta horrek lanerako mugak ezabatzen ditu. Elkarrekin dena sortzeko eta asmatzeko aukera dugu esku artean.
Nola jarri daitezke zurekin harremanetan ?
Martitzenetan udaletxean egoten naiz 09:00etatik 14:00etara, eta gainontzeko egunetan helbide elektronikora idatz diezadakete: berdintasuna@debegesa.com helbidera.
2008-04-18
aupa neska segi horrela lortuko dugu eta patxuk feminista guztioi eta eraso sexistarik ez!!!
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ERAKUSKETA
Egurlanak erakusgai
ONDARROA, Udal Erakusketa Aretoan - 2008-12-04
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.