
«Baleazaleen bizitza ulertzea izan da gure aurkikuntza nagusia»
jon maia ð- 'Apaizac obeto'espedizioko partaidea
Kultura
Kanadara lehengo baleazaleen modura egindako bidaia kontatuko du, bihar, 18:30etan, kultur etxean.
leire akarregi
Ternuatik Labradorreraino, Kanadan, XVI. mendeko baleazale euskaldunak modura txalupan sartuta, Apaizac obeto espedizioan bizi eta ikasitakoak kontatzera dator Jon Maia idazlea, bertsolaria eta musikaria.
Zein asmogaz ekin zenioten proiektuari?
Gure asmoa zen abentura bat egitea euskaldunen, gizartearen eta erakundeen arreta itsasoko kulturara bereganatzeko. Bagenekien abentura ikusgarri bat eginez gero, atentzioa emateko modukoa, jendearen arreta bereganatuko genuela. Saiatu gara XVI. mendeko baleazale haiengana hurbiltzen, haien lekuetara... Ez gara marka bat egitera joan, nahiz eta marka bat egin genuen. Guretzat bideak zuen garrantzia, eta edukiak.
Momentu gazi-gozoak edukiko zenituzten. Biziraun beharra...
Denetarik egon zen. Arriskua zuten etapak... Baina gogorrena eguneroko bizitzaren planteamendua izan zen. Lo kalean egin behar izatea, lurrean egunero; euritan, haize hotzagaz... Eta egunero hamar-hamabi ordu arraunean egitea. Eguneroko bizimodua bera zen nahikoa exijentea. Baina, ondo-ondo pasatu genuen.
Denboran sartu eta iraganera buelta egitea modukoa izango zen...
Arropak, esate baterako, XVI. mendeko bale arrantzaleen gorpuetan aurkitutako arropetatik egin genituen. Janaria ere, eurek eroaten zutena jaten genuen, berez kontserba zitezkeenak: baba txikiak, arroza, ogi berezia, urdaiazpikoa, gazta eta fruitu lehorrak. Lotarako manta bat bakarrik geneukan. Txalupa bera ere, inork ez zuen lehenago munduan nabigatu XVI. mendeko txalupa batean. Teknika horiek ere jakin egin behar dira... Azken finean, geografian eta denboran ere bidaiatzea izan da.
Eta zer topatu duzue? Zer dakigu edo zer ez dakigu orduko baleazaleez?
Hemen harrigarria da, bale arrantzale herri bat izanik, munduan ezagunena, eta itsasoak, marinelek izan duten garrantziarekin, ez dagoela ezelako kontzientziarik horren kontserbazioarako, azterketarako edo ezertarako. Kanadara joan eta konturatzen zara ze gutxi kezkatu garen gu gure historiaz, eta zenbat kezkatu diren haiek gure historiaz. Han askoz informazio gehiago dago euskaldun bale arrantzaleen historiaz guk daukaguna baino. Kanadiarrentzat oso garrantzitsuak dira bale arrantzale euskaldunak, Kanadako historia modernoa eurekin hasten delako, ingelesekin eta frantsesekin baino arinago.
Zeuen hondar alea ipintzeko aukerarik eduki duzue?
Indioek euskaldunei buruzko istorioak kontatu dizkigute. Montrealeko unibertsitateko irakasleen bitartez-eta azken aurkikuntzen berri ere badaukagu, eta munduko itsas-ondarearen zuzendari nagusia gure aitabitxia izan da espedizioan, lagun handia da, eta harek emandako hainbat informazio badugu. Hala eta ere, politena izan da geure begiez ezagutu ahal izatea euskaldunak non egoten ziren, zer egiten zuten, ze baldintzatan bizi ziren... Hori da gure aurkikuntza handiena: haien bizi esperientzia ulertzea.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
JAIA
EUSKARAREN EGUNA
ETXEBARRIA, UDALETXEAN 17:00etan - 2008-12-06
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.