Edukira joan

35 odol emaile omenduko dituzte Lekeition, etzi

Gizartea

25 aldiz eman duten gizonezkoei eta 20 bider odola eman duten emakumezkoei egingo diete gorazarre, 12:00etan.

edurne burgaña

Bizkaiko Odol Emaileen Elkarteak antolatuta, 20 edo 25 odol emate egin dituzten 35 odol emaile omenduko dituzte zapatuan, 12:00etan, kultur etxeko Azkue aretoan. Jose Maria Cazalis alkateak, zinegotziek eta Bizkaiko Odol emaileen Elkarteko arduradunek parte hartuko dute ekitaldian.

Horrelako omenaldi bat egiten duten bigarren aldia da aurtengoa. Orain dela lau urte egin zuten beste bat, eta kasu hartan 50 lagunetik gora izan ziren omenduak. Normalean, emakumezkoak izaten dira odol emaileen gehiengoa, baina aurten, gauzak aldatu egin dira: 27 gizonezko eta zortzi emakumezko izango dira eta.

Odol emaileak, adinaren arabera

Lekeition, urte osoan 300 odol emaile inguru egoten direla azaldu du Bizi Iturriko lehendakari Xabier Txakartegik: «300 inguruk ematen dute urtean, batzuk beti-betikoak izaten dira, eta beste batzuk orduan hasitakoak edo behin ematera joaten direnak izaten dira», azaldu du.

Iaz, adibidez, 327 lagun joan ziren odola ematera: «18 eta 22 urte bitartekoak hamahiru lagun izan ziren; 23 eta 26 artekoak, 24; 27 eta 36 urte bitartekoak, 63; 37 eta 46 artekoak, 96; 47 eta 56 bitartekoak, 74; eta 57 urtetik gorakoak, 57», zehaztu du Txakartegik.

Ez emateko arrazoiak

Kopuru ona da Lekeitio moduko herri batentzako: «Munduan Lekeitio bakarrik egongo balitzateke, nahikoa izango litzateke berton ematen dugun odol kopurua. Baina ez da hala. Mundua zabalagoa da, eta ez da gaizki etorriko jende gehiago ere odola ematen hastea», adierazi du Bizi Iturri elkarteko lehendakariak.

37 eta 46 urte artekoek ematen dute odolik gehien, eta oraindik urte batzuetan ematen jarraituko dute¬66 urte egin arte bidaltzen dituzte etxera deialdiak¬, baina Txakartegiren ustez, komeni da ikastetxeetan-eta kanpainak egitea, «mentalizatzen joan daitezen».

Batzuentzako ez da erraza izaten odola ematera joatea: orratzei dien beldurrak, zorabioek edo bestelako faktoreek asko eragiten die eta. «Baina bati baino gehiagori gertatu izan zaio behin odola ematera joan eta, hainbesterainokoa ez zela ikusita, harrez gero errepikatzea».

Autobusa anbulategi aurrera etortzen da, eta bertara joaten dira odola eman gura duten guztiak, bai herritarrak, baita Ispaster, Munitibar, Aulesti eta Eatik joaten direnak ere. Udan, ostera, autobusa Independentzia plazan jartzen dute. «Neguan anbulategi aurrean egotean, eguraldi txarra eginez gero, bertara sar daiteke, edo zerbait gertatuz gero ere, medikua bertatik bertara dago. Baina plazan, eguraldi txarra egiten duenean, ahal dugun moduan moldatzen gara», zehaztu du Txakartegik. Izan ere, odola ematera txandaka joan behar izaten da, eta txanda iritsi arte, autobus kanpoan zain egon.

Udan, eguraldi ederra egiten duenean, jende asko ibiltzen da plazan, eta odola emateko autobusera joatea errazagoa da. Baina hondartzara doan jendeari medikuak ez dio uzten ematen, eguzkitan zorabiatzeko arriskua dagoelako.

35 urte beharrean

Bestalde, Xabier Txakartegik azaldu duenez, negu partea da odola gutxien ematen den sasoia: «Negu partean, urtarrilean eta otsailean batez ere, gaixotasun sasoia izaten da. Jendeak, gripeagaz edo katarroagaz dagoenean, Aspirina hartzen du askotan, eta hori hartuta ezin izaten da odolik eman». Bestela, beti antzeko kopuruak ematen du odola: 50 laguneko txandak egoten dira, gutxi gorabehera.

Bizi Iturri odol emaileen elkarteak, elkarte modura orain bost urte sortu bazen ere, 35 urte daroaz beharrean: «1973. urteko maiatzaren 29an izan zen lehenengo odol ematea Lekeition», azaldu du Txakartegik. «Baina urrian bost urte beteko dira legalizatu ginenetik. Lehen egiten genuen behar berbera egiten jarraitu genuen, baina, elkarte izenagaz».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ZINEMA


LEKEITIO, Azkue aretoan - 2008-12-05

ZINEMA


LEKEITIO, Ikusgarri zinema - 2008-12-07

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.