Edukira joan

'Mazixe botata da, goazen sari jostea' lelopean, Mendebala taldeak Mendebal Eguna ospatuko du zapatuan; ospakizunak domekan amaituko dira, «egunak 24 ordu baino gehiago dituelako».

Mendebaldetik datorren sarea

Asier Alkorta

Lehenengo platera zaldupeko kanpofuoleko bedarran rebueltu. Bigarrena, tenporalik ekarritxako hondarran hanburgesi; eta postri, uhaza sorbeti». Menu bitxia, baina umorez bustia. Ondarroako kale kantoi guztiek zapatu honetan ospatuko denaren berri ematen diete herritarrei menu xelebre horregaz: M-Eguna! Egun horretan, herria berdez tindatuko da; zabaldu eta komunikatu egingo da. Izan ere, Mendebala taldeak aldarriz betetako jai giroan Mendebal Eguna ospatuko du zapatuan. Goizetik hasi eta hurrengo eguneko iluntzera arte, «herriko komunikazio sarea lantzen, bultzatzen eta osatzen» ibiliko dira ondarrutarrak.

Beste behin ere, Mendebala aldizkariak argia ikusiko du zapatuan. Aldizkaria plazaratzen duen taldea duela lau urte sortu zen, eta ordutik hona, lan asko egin dute: topaketak, jaietan egin izan den pegatinen joko arrakastatsua eta beste ekintza batzuk. Sorreran, helburuak argi zituzten taldekideek: gazte mugimendua sustatuz herriko komunikazioa landu eta gazte sorkuntza bultzatzea. Orain, helburu berdinei eusteaz gain, berrikuntza batzuekin agertuko da Mendebala herritarren aurrean.

Herri arrantzalearen sarea

Aldizkariak eta, oro har, lan taldeak izan dituen aldaketak jendaurrean azaltzeko, Mendebal Eguna antolatzea bururatu zitzaion taldeari. Horrela, eguneko leloa pentsatzen hasi ziren, eta azkenean, «ideia eta komeria askoren ostean», esaldirik aproposena jaio zen: Mazixe botata da, goazen sari jostea.

«Mezu hori borobila da Ondarroarentzat. Herri arrantzalea garen aldetik, arrantzagaz zerikusia duen mezu bat topatu nahi genuen, eta, nola ez, aldi berean, gure helburuak islatu». Sarea berba zentzu bikoitzean erabiliz, Mendebalak herriko komunikazio sarea bultzatzeko aldarria egin du leloagaz, herri arrantzalea irudikatzen duen sarea gako moduan erabiliz.

Gauzak horrela, zapatuko egun osoa iraungo duen egitaraua prestatu du lan taldeak. Goizean, 12:00ak aldera, aldizkariaren aurkezpena egingo dute, eta ondoren, Amaia Pascual dantzariak erakustaldia egingo du Alde Zaharretik Gaztetxeraino. «Aurretik ere Ondarroan izana da Pascual Antzerkiola Imaginarioagaz, eta Alde Zaharrak erakarri egin zuela esan zuen. Horrela, bere ikuskizuna tarte horretan egin nahi zuela esan zuen», adierazi dute taldekoek.

Ondoren, bazkari begetarianoa egingo da gaztetxean. Eta prestatuko duten menua benetakoa izango da, eta ez egunaren berri emateko erabili dutena. Kalabaza krema, kus-kusa, fruta, bizkotxoa eta tea. Bazkalostean, SK6 Asteroidea eta benetako izarrak talde ondarrutarrak bere ikuskizuna emango du Gaztetxean. Ezer gutxi aurreratu badaiteke ere, talde horrek ikuslegoa entretenitzea lortuko duela ematen du.

24 ordu baino gehiago

Zapatuko egitarauaz amaitzeko, 23:00etan, Errekalde auzoko (Bilbo) Kukutza gaztetxeko flamenko taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du. Mendebal Eguna, ostera, ez da amaituko zapatuan; taldekoen esanetan, «egunak 24 ordu baino gehiago dituelako».

Beraz, Mendebal Eguna «Apirilak 19t´erdi» modura aurkeztu du taldeak herriko kaleetako hormetan dauden karteletan. «Domeka iluntzera arteko egitaraua prestatu dugu».

Egitaraua ixteko beharra Kemen Lertxundi herriko musikariari utzi dio Mendebalak. Lertxundik bere azken lana aurkeztuko du Gaztetxean, domekan, 19:00etan: Galdutako Zubixak, kantuak eta poemak.

Mendebal Egunean parte hartu nahi dutenek, guztira, 8 euro ordaindu beharko dituzte. «Prezioa denen eskura jarri nahi izan dugu; kontzertuak eta bazkaria zortzi euroren truke». Sarrerak Anaitasuna eta Kulixka tabernetan egongo dira salgai, zapatura arte.

Jaia errepikatzeko nahia

Mendebalak argi dauka ospakizunez zipriztindutako asteburu hori berriro errepikatuko dutela. «Aurrera begira horrelako egun gehiago antolatu nahiko genituzke; hori bai, hurrengoan, egitaraua herriko gazte sortzaileek betetzea nahiko genuke, herritarrek zer erakutsia badute eta».

Behintzat, oraingoan, itsasotik lehorrera, Ondarroa sare baten baitan murgilduko da. Mendebaldetik datorren eta herriko komunikazioa eta sorkuntza uztartuko dituen sarean barneratuko da herria.

 

«Mendebalaren bitartez, herriak duen premiaz jabetu dira gazteak»

Oier lertxundi ð- Mendebala taldeko kidea

a. alkorta



Oier Lertxundi (Ondarroa, 1984) orain gutxi gehitu da Mendebala proiektu komunikatibora. Hala ere, herriko errealitatea ondo ezagutzen du, eta komunikazio sare baten beharra azpimarratzeaz gain, gazte sorkuntza sustatzea berebizikoa dela uste du.

Mendebalak zer ekarpen egin dio Ondarroari?

Gazte Mugimenduko kide izan naizen heinean, Mendebala tresna modura ikusi dut. Herrian erabateko komunikazioa bermatzeko oraindik egiteko asko dagoela ikusten dugu taldetik, baina Mendebalak herriko Gazte Mugimenduaren bozgorailua izatea lortu du, eta hori pozgarria da. Denaren gainetik, gazte asko herriak komunikazioa lantzeko premia duela ohartu dira Mendebalaren bidez, eta hori aurrerapauso handia da.

Beraz, aurretik herritar batzuk ez ziren herriko egoeraz osotasunean jabetzen?

Orain arte estereotipo edo klixeen arabera begiratzen genion ondokoari, eta ez genekien beste koadrila batekoek zer egiten zuten. Orain, ostera, gero eta gauza gehiago dakizkigu beste adin eta giro ezberdineko jendeari buruz.

Zeintzuk dira jorratzeke dauden gauzak?

Koadrilen arteko harremana sustatzea, herriko kaleak ekintzen bitartez bizitzea eta Gazte Mugimenduak egiten dituen ekintzen berri ematea dira egiteko nagusiak.

Zapatuan Mendebala aldizkaria formatu berriagaz agertuko da. Zeintzuk dira egindako hobekuntzak?

Aldizkarian, irudiari garrantzia gehiago eman nahi izan diogu; irakurterrazagoa egiten ahalegindu gara. Testuak jorratzeko modua ere aldatu egin dugu. Diseinu aldaketaz gain, taldeak duen lan egiteko modua ere aldatu egin dugu. Gai baten inguruan, taldekide guztiek izango dute euren iritzia emateko aukera. Horrek iritzien aniztasunera garamatza, eta hori oso aberasgarria da.

Zer nahi da erakutsi Mendebal Egunean?

Gauza ezberdinak egin ditzazkegula. Orain arte kalera atera garen bakoitzean, jai baten aldarria egiteko izan da. Oraingoan, mezua bestelakoa izango da.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Finala
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU, BECen - 2008-11-12

ZINEMA


LEKEITIO, Ikusgarri zinema aretoa - 2008-12-05

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.