
Artibai Mendigoizale Taldeak antolatuta, 43. Ibilaldi Neurtua egongo da domekan, Markina-Xemeindik irten eta Markina-Xemeineraino; oraingoan, Motrollo eta Urregarai igo beharko dituzte mendizaleek.
Ez korrika ez geldiegi
eider mugartegi
Ibilaldi neurtua, izenak berak dioen moduan, denboraz neurtu egiten den ibilaldia da. Hau da, denbora batzuk daude, gutxieneko eta gehienezkoak, eta denbora horren barruan egin behar dute parte-hartzaileek, bestela kanporatuta geratzen dira. Beraz, ez aringa-aringa ez geldiegi, martxa normalean doazenak sailkatzen dira.
Lehen, denbora zehatz bat ipintzen zen, sekretua, eta denbora horretara gehien hurreratzen zena zen irabazlea. Sariak ere banatzen ziren zehatzenarentzat. Baina gero, federazioak erabakita, denbora zehatza kendu egin zuten eta gutxieneko eta gehienezkoak jarri zituzten. Ordutik, tarte horretan sartzen direnak sailkatzen dira, eta diploma jasotzen dute halan egin dutela ziurtatzeko.
Gutxieneko eta gehienezkoak zaindu beharko dituzte baita ere, domekan, Artibai Mendigoizale Taldeak antolatu duen ibilaldi neurtuan parte hartu nahi dutenek. Bi ibilaldi aukeran, adin guztietakoek parte hartzeko modukoa izango da. Egunean bertan izena eman eta kito! Gainera, ez da ezer ordaindu beharko.
1965ean antolatu zuen Artibai Mendigoizale taldeak bere lehenengo ibilaldi neurtua, eta ordutik ez du sekula hutsik egin. Taldea Alpino izenez ere ezagutzen dena, 1946an sortu zen. Hasieran, indar handia zuen, baina gero beherakada egon zen, eta lau bost zaletu besterik ez ziren geratu taldean. 1960 bueltan, gazte talde bat sartu zen mendigoizale taldean, galdua zeukan indarra berreskuratuz. Horrela, ekintza herrikoiak antolatzen hasi ziren: beste batzuen artean, ibilaldi neurtuak.
Lehen eta orain
43 urte pasatu dira ordutik, eta gazte haien egitasmoak aurrera jarraitu du denboran. Normalean, udaberrian egin izan dute ibilaldi neurtua; udazkenean ere egin izen da bateren bat. Egin diren 43ak, San Miguel-San Miguel (Taldea sortu zeneko 50. urteurrenean) eta Markina-Markina (taldea sortu zeneko 60. urteurrenean) izan ezik Markina-Xemeindik irten eta Markina-Xemeinen amaitu dira, baita aurtengoa ere.
Beti egin dira tarte bi, eta bietan zati bat elkarregaz egiten dute. Lantzean, ingurune bat egiten da: Berriatua eta Milloi ingurua, Santa Eufemi ingurua, Oiz aldea eta Kalamua Urko aldea. Baina ez da sekula errepikatzen. Bide berriak aukeratzen dira, normalean erabiltzen ez direnak, asmoa, jendeari aukera berriak ezagutzera ematea da -eta.
Hasi zenetik gaur egunera arte antolaketa berdina jarraitu dute. Aurretik, nora joango diren pentsatu, aukerak ikusi, galdetu eta aztertu ondoren bideak aukeratzen dituzte. Bide batzuk zikin aurkitu izan dituzte taldekideek, eta garbitzen ere izan dute lana.
Egun batean ibilbide osoa egiten dute, denborak kalkulatu eta bidea ikusteko, eta ibilaldiaren bezperan ibilbidea markatzera irtetzen dute. Egunean bertan, ostera, ibilaldia hasi orduko, seinaleak ikustera ateratzen da talde bat.
Ibilaldi bi
Hala ere, badira aldatu diren gauzak. Lehen, minutu bitik minutu bira irtetzen zuten parte-hartzaileek; gaur egun, berriz, egoten den jende kopurua dela-eta ez da posible horrela egitea: azkenengoak noizko irten? Beraz, izena eman ahala irtetzen dute. Sei lagun aurkitzen dituzte irteera mahaian, gerora eskoba joango direnak. Benetako eskoba eta guzti irtetzen dira azken parte-hartzailearen atzetik, eta bideko seinale guztiak kentzen dituzte arrastorik ez geratzeko.
Irteera mahaiko lagunez gainera, beste hainbatek ere parte hartzen dute ibilaldi neurtuaren eguneko antolaketan. Guztira, 30 inguru ibiliko dira domekan mendizaleei gauzak errazten. Irteeran, kontroletan eta hornidura gunean egoten da jendea. Kontrolekoek, gainera, bere lana amaituta, eskobagaz batera egiten dute bidea Markina-Xemeineraino.
Gaur egun ibilaldi bi egiten badira ere, sasoi batean hiru antolatzen zituen Artibai Mendigoizale Taldeak: 7 orduko martxa luzea, 4 edo 5 orduko ertaina, eta pare bat ordu edo bi ordu eta erdiko laburra. Baina, orain dela hamabost bat urte, ertainera jende gutxi joaten zela eta, bi egitea erabaki zuten. Aurten, 6 ordu eta 3 ordukoak izango dira.
Beti jende asko animatu da ibilaldiak egitera, baina azken urteetan jende kopurua asko gehitu da, bai guraso eta umeei dagokienez, eta baita gazteen kopuruari dagokionez ere. Lea-Artibai eta Mutrikuko jendeagaz gainera, inguru guztietakoak ere etortzen dira: Gernika, Durango, Amorobieta, Plentzia... Badirudi sasoi baten galdutako mendizaletasuna berreskuratu egin dela.
aurtengo Ibilaldia
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.