
Udalak 709.000 eurotako inbertsioak egiteko asmoa erakutsi du aurten
Ziortza-Bolibar
Udal harremanei, nekazaritzari, ingurumenari eta hirigintza arloko beharrei zuzenduta egongo dira inbertsioak.
asier alkorta
Joan den astean Ziortza-Bolibarko Udalak 2008rako aurrekontua onartu zuen. Guztira, 709.000 euro inbertsioak egiteko erabiliko direla aurreikusi dute; inbertsio horiek egiteko Udalak Bizkaiko Foru Aldunditik 371.000 euroko dirulaguntza jasotzea espero du.
Printzipioz, 1.273.850 euroko gastuak izango ditu Ziortza-Bolibarko Udalak urte osoko kudeaketan. Kopuru horretatik 709.000 euro egingo diren inbertsio berrienak dira; 188.000 Udaleko beharginen pertsonako gastuenak eta 185.850 euro Udaleko eta museoko gastu orokor guztien batura lirateke: konponketak, material erosketa, gasa... Hiru eremu horietan emango dira herriko gastu handienak.
Gastuak
Aurrekontuek ostera, gastu handiak zein txikiak agertzen dute, eta horretan ere, ez da, ez, bereizketarik egin. 83.000 euro ohiko transferentzia arruntak egiteko erabiliko dira, eta 35.000 euro aurretik Udalak zituen maileguen amortizazioa gauzatzeko izango dira. Horregaz batera, finantza pasiboetarako 25.000 euro bideratuko ditu Udalak. Jaiek, kultura arloko bestelako ekintzeek, euskarak eta edozein talderi edo partikularri ematen zaizkien diru laguntzek 48.000 euroko kopurua osatuko dute. Udalak kalkuluak egin ditu eta urte osoan izango dituen diru sarrerak gastuen ondoan zerrendatu. Inbertsio handienen aurrean 371.000 eurotako diru laguntza ipini du. Laguntza hori Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik jasoko du Udalak, zenbait egitasmo aurrera eroan ahal izateko: zehatz esateko, Beheko Kaleko lanak, baserri bideak konpontzeko beharrak, hirigintza arlokoak eta biltegi berriaren lurren erosketa. Horiek izango dira diru laguntzak amortizatzea helburu duten gai nagusienak.
Hala ere, kopuru hori «ez da nahikoa izango», eta ondorioz, udalkutxa eta museorako laguntzen 589.000 euroko dirulaguntza ere inbertsioak egin ahal izateko erabiliko dira zati baten. Orokorrean, dirulaguntzak ingurumen, nekazaritza, Udal harreman, landa garapen eta hirigintza arloko beharrei zuzenduta egongo dira.
Sarrerak, osotasunean hartuz, 1.273.850 euro izatera ailegatzen dira.
Iazkoa ordaindu eta aurten mailegu berri bat
Iazko gastuak ere 127.000 eurotakoak dira ,eta horiek ere ordaintzen saiatuko dela adierazi dute Udalean.
Gastuak eta sarrerak parez geratzen direla badirudi ere, Udalak aurrekontuak garbi ateratzeko kalkuluak egin ditu, eta aurreko urteetako hutsune batzuk betetzeko, 211.600 euroko mailegua eskatu beharko duela azaldu du.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.