Edukira joan

EAk aurtengo aurrekontuen proposamenak aurkeztu ditu

Politika

Lau atal biltzen dituzte: proiektuak, egin beharrekoak, diru laguntzak eta ezezkoak; HITZAri diru laguntzak ematea ere eskatu dute.

edurne burgaña

Aurrekontuak egiten dabil Lekeitioko Udala, eta Eusko Alkartasunak proposamenak aurkeztu ditu. Lau zatitan banatu dituzte: proiektuak, egin beharrekoak, diru laguntzak eta zerri ematen dioten ezezkoa aurrekontuetan. «Ez diogu ezetzik esaten aurrekontuari, baina proposamen batzuk bai egiten dizkiogu», argitu dute.

Proiektuari dagokionez, zera esan dute: «Aurrekontuetan gure ildoagaz jarraitzen dugu. Hauteskundeetan aurkeztutako programaren norabidean doa. Kontua da lau urterako aurkeztu den programa ezin dela aurrekontuetan lehenengoko urtean sartu. Zatika sartu behar da. Beraz, lehentasun batzuk finkatu, eta hortik aurrera, urtero joango gara zatiak sartzen programa aurrera irten dadin».

Merkatu plaza

Merkatu plaza da EAk proposatzen duen lehenengo zatia. «Jende nagusiak ailegatzeko zailtasunak ditu eskailerak daudelako. Jende gaztea dago sartzen merkatuan, baina zaharra geratu egin da. Merkatua berriztatzeko proiektua aurrekontuetan sartzea planteatu dugu. Berriztu bakarrik ez, beste bizitza bat ematea ere bai. Badakigu irisgarritasunari aurre egiteko igogailua jartzeko asmoa daukala Udalak. Igogailuaz gain, merkatua berriztu behar dela uste dugu».

Bigarren proiektuak Eluntzetako ingurua hartzen du. «Urtetan gabiltza enpresa txikientzako eta zerbitzuentzako poligono txiki bat egiteko asmotan. Lehenengo pausoak ematea da proposatzen duguna. Ikerketa batzuk egin behar dira, eta ikusi bideragarria den edo ez. Azken finean, zer edo zer ipintzea alferrik da enpresak ez badoaz. Ikusi behar da herrian zer dagoen eta industria arloari bizitasuna eman. Ezin gara turismoagaz eta denda txikiekin geratu betirako». Parkean taberna ipintzea ere proposatu dute alderdikideek. «Tokiari bizia eman eta giro ederra sortuko luke», esan dute.

Auzoetarako irisgarritasuna

Egin beharrekoen atalean irisgarritasuna lantzen egongo da EA. «Obra handiak egin dira herrian, baina orain San Antolin, Aldamiz eta beste auzo batzuetako irisgarritasuna landu behar da. Udala auzo batzuk suspertzeko nahian dabil, eta badakigu San Antolin auzokoekin egon dela, baina guri ez digute deitu, eta beraz, ez gara egon batzarretan. Guri herritarren iritzia jakitea interesatzen zaigu. Auzoak berriztatzeagaz batera, beraz, irisgarritasuna lantzeko eskatzen dugu».

Herritarrei informazioa

Udaletxeko leihatila bakarra ere egin beharrekoen atalean sartu dute. «Askotan jendea udaletxera ailegatu eta nora joan ez dakiela ibiltzen da. Gauza txikiak gestionatzeko eta herritarrei erraztasunak emateko balioko luke. Gainera, udaletxea goizetan bakarrik dago zabalik, eta arratsaldetan ere ordu batzuetan irekita egotea ondo legoke».

Panelak ipintzea ere proposatu du EAk, herritarrei informazioa errazago ailegatzeko. «Panel informatiboa Eskolapean jarri eta edozein ekitaldiren gaineko informazioa guztientzako ikusgai egongo litzateke. Ez soilik Udalekoa, herrikoa ere bai».

Beste bi puntu sartu dituzte aurrekontuetan: «Batetik, Santa Katalinako itsasargirako pasealekuan dauden harrizko aulkiak berrizea, eta bestetik, hilerriko kapera ere berritzea».

Diru laguntzen atala da hurrengoa, eta han, LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZAri laguntza ematea proposatu du alderdiak: «Orain dela legealdi bi hiru alderdiok adostu genuen biztanleko eskatutako diru laguntza ematea. Aurreko legealdian aldatu egin zen kontu hori: laguntza zuzena eman beharrean publizitate moduan sartzea pentsatu zuten. Publizitatea beti egiten den gauza da, eta guk berriro laguntzak ematea eskatzen dugu, baina eguneratuta, lehen hala adostu genuelako eta herriko informazio zuzena bertatik hartzen dugulako».

Politikariei prestakuntza ordaintzeari ezetz esan dio alderdiak. «Teknikarien formakuntza ondo ikusten dugu, eurek egiten dutelako beharra egunerokotasunean», azpimarratu dute.



 


Hitzarmena berraztertzeko eskaria egin du alderdiak, berdegune eske

EAk ez du nahi Letraukuan beste eraikin bat egiterik, berdegunea egiteko eskatu du; horretarako arrazoiak eman nahi izan ditu.

e. burgaña



Azkenengo Osoko Bilkuran Lekeitioko Udala eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailaren bitarteko hitzarmena adostu zen. Zati bi zeuden: Lekeitioko UARC 21 eta 22an ¬Telefonikako lurrak¬ momenturen batean etxeak egitea, eta Letraukuako parean aldi baterako alokairuko etxeentzako eraikina egitea. «Ez gaude aldi baterako alokairuko etxeen aurka; egin behar dira. Ikusten duguna da Letraukuan bertan eta inguruan etxebizitza asko daudela. Geratzen den leku libre bakarra da. Horregatik, abstenitu egin ginen».

Telefonikako lurretan etxebizitzak egiteari baietza eman dio EAk. «Gainera, gazteei zuzendutako alokairuko etxebizitzak daude, eta oso ondo ikusten dugu. Bigarren zatiagaz ez gaude ados. Letraukuaak nahikoa eraikin dituela uste dugu; beharrizanak beste batzuk dira».

«SAPUR guztiek aurreikusten dituzte erabilpen desberdinetarako lur eremuak: berdeguneak, hezkuntzari lotutakoak... Eta hitz eremu hori ez dago berdegune modura izendatuta, ezta etxebizitzak egiteko ere», azaldu dute alderdikoek.

Hori horrela, hitzarmenean aipatzen den eraikina egiteko izendapena aldatu egin behar dela ikusita, berdegune erabilgarria egiteko izendatzea plateatzen dute.

«Ez da beranduegi»

«Berdegune erabilgarria egitea da gure planteamendua, eta ez gaur egun aurrikusita dagoen lursail aldapatsua eta erabilgarria izango ez dena. Ez dugu nahi lur zati bat berdegune izendatzea koloreari begira soilik. Inguruan bizi direnentzat jolas eta aisialdirako baliagarria izatea nahi dugu». Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena egin zuten garaian Eusko Alkartasunak ez zuen horren berri eduki, eta orain, baietza edo ezetza ematea da Udalak eskatzen diona. Horren aurrean, EAk uste du ez dela beranduegi aldaketentzat. «Ez dugu proposamenak egiteko aukerarik eduki. Uste dugu ez dela beranduegi aldaketak egiteko, elkartu, hitzarmena berraztertu eta gaia adosten saiatzeko».

Lekeitioko Udal aginte taldearen erantzuna espero du EAk: «Proposamen moduan sartu dugu orain, baina ez badute erantzuten mozio modura sartuko dugu».

EAren iritziz, erabakiak alde bakarrekoak hartzen ditu Udalak, «eta ez gaituzte aintzat hartzen».

Beste alde batetik, herritarrak eurengana hurreratzea da alderdiak nahi duena, eta horretarako helbide elektroniko bat daukate: lekeitio-ea@lekeitio.com. «Herritarren batek zer edo zer esan nahi izanez gero, idaztea besterik ez dauka».





 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.