Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Lea-Artibai eta Mutriku
2009ko urtarrilak 7, Eguaztena

Harpidetu zaitez!

pedro alkorta txurruka ð- Euskadiko Herri Kirolen Federazioko presidentea

«Teknika, beterania eta gaitasuna behar dira sokatiran: urteak»

Kirola

Ia berrogei urte dira arraunean hasi zela, gero sokatiran, beti herri kirolekin lotuta; orain dela bi urtetik EAEko Federazioan dihardu Doistu baserrikoak.

maribi ugarteburu

Genetikak ere, akaso izango du zerikusia. Pedro Mari Txurruka Aritza harri jasotzaile handia bere aitona zen. Bera ere Pedro da, hura bezala. Eta ia bizitza osoa darama herri kirolei lotua. Pedro Alkortak (Mutriku, 1949), San Jeronimo auzoko goi aldetik begiratzen duen Doistu baserria du jaiotetxe eta bizileku.

Euskal Herriko Federazioa?

Kontuz! Ez nahastu. Ez da Euskal Herrikoa, Euskadikoa baino. Euskal Herrikoa izateko... Nahi bai, baina lekutan dago.

Berde al dago gauza?

Bai, eta berdetzeko gogoarekin, gainera, asko...

Herri Kirolen Federazioko presidente zara. Futbol Federazioko presidentearen bizimodurarekin zerikusi gutxi, ala?

Ezta kolorerik ere!

Zein da zure eguneroko lan plana?

Egunero goizean 8ak aldera hasi eta arratsaldeko 7ak aldera arte lanean ibiltzen gara.

Baserritarra, baina txalupa artean.

Aisialdiko itsasontzien mantenimendua egiten dugu, bai.

Porturik portu?

Lekeition ia lan guztia egiten dugu; Ondarroa, Mutriku, Deba eta Elantxobe. Hor ibiltzen gara.

Herri kirolak esan eta askotan ez dakigu zeintzuk diren edo ez diren herri kirolak.

Hemezortzi kirol sartzen dira. Euskadiko Herri Kirolen Federazioan dator Jaurlaritzatik HK18 deritzon sailkapena; kirol federatuak horiexek dira herri kirolean.

Ia asmatzen dugun guztiak esaten.

Ezagunenak, sokatira, aizkora, harri jasotzea, sega, zaldi eta idi demak. Eta baita ere daude lasto altxatzea, lokots biltzea, txinga eroatea, harri zulatzaileak, lasto botatzea, zaku eramatea, gurdi jokoa, jungura jokoa... Baten bat ahaztuko zait.

Eta, lehen esan duzun moduan, Euskal Herri osoko kirolariak ez, baizik eta muga administratiboen arabera batzen dira federazioak?

Lege aldetik Euskadi bezala egon arren, urteetan funtzionatu dugu Nafarroa eta Iparraldeko herri kirolariekin bat eginda. Geu denon arteko hartu-emana eduki dugu eta daukagu oraindik, orain hori kentzea nahi duten arren. Orduan, txapelketa guztiak-eta, egiten genituen bueltan-bueltan herrialde bakoitzak txapelketa batzuen ardura hartuta, txandaka. Orain arte horrela ibili gara, baina orain legeak bete beharra ezarri nahi digute. Azkenengoz Jaurlaritzan egon ginenean 1995eko Legea aipatzen ziguten behin eta berriro, eta hori bete beharra dagoela.

Eta horrek zer esan nahi du?

Txapelketak hiru herrialdetara mugatzea ezarri nahi digute.

Atzerapausoa dator orduan?

Bai, nire ustez bai. Herri kirol mailan Jaurlaritzak ez digu horrekin erraztasunik ematen: arau aldetik dena oso zorrotz bete beharra aitatzen digute, hiru herrialdetara mugatuta. Eta esaten digute nafarrak gonbidatu modura dei ditzakegula txapelketetara...

Horrek zelako egoerak eragin ditzake?

Pentsa aizkora txapelketa bat egiten dela. Oso posible da bi aurrenekoak nafarrak geratzea... Kasu horretan txapela hirugarrenak eramango luke. Hori niri ez zait ondo iruditzen.

Eta nafarrek zer diote?

Oraindik gauza berri samarra da, eta eurekin bildu behar gara, denon artean zer egin dezakegun ikusteko.

Horrelako erabakietan kirolariek zer esana eduki beharko dute.

Kirolariek parte hartu behar dute gai honetan, derrigor. Legea ezarri behar horrekin, txapelketa batzuk ezingo dira egin ere egin. Kirol batzuetan partaide gutxi izan dira orain ere, eta hiru herrialdeetara mugatuz gero, bi lagun-edo gera daitezke. Horrela ez dago txapelketarik egiterik.

Herri kirolentzako kaltegarri izan daiteke orduan?

Kirolarentzako ere nik uste dut atzerakuntza handia dela; zenbat eta talde gehiago egon lehia eta prestakuntza hobeak izango dira, eta alderantziz. Gu ahaleginduko gara nola edo hala irtenbideren bat bilatzen.

Jendea, gizartea, berriz, euskal selekzioen alde dago nabarmen.

Jendea bai, baina legeak ez, eta hauek legea eta legea besterik ez digute aitatzen. Gero, nafarrak-eta erdi tranpan ekartzeko esaten digute, baina gu ez gaude hemen tranpatan aritzeko... Gainera, nafarrek ere euren hitza eman beharko dute, ba. Beharbada esango dute geu joateko hara gonbidatu modura; eta zergatik ez?

Zelako etorkizuna ikusten diezu herri kirolei? Badatoz gazteak?

Herri kirol munduan orain hasi gara ikastoletatik eta eskoletatik, eta lan horri esker ikusten da gazteak badatozela. Nafarroan aurretik doaz, eta han gazteen txapelketa jartzen denean ikusten da jende askok parte hartzen duela joko mota guztietan. Hemen nahiko berria da eskolako herri kirolena. Hutsune bat dago, dena den, 15-20 urte bitarteko gazteekin. Horiek ez dira sartzen eskola kirolean, eta desagertu egiten dira. Zubi bat falta da hor, eta ari gara martxan eskola batzuk prestatzeko gazteentzat. Hori diputazioekin batera egingo dugu.

Erakustaldiak, txapelketak, desafioak. Hirurak behar dira? Zein da bakoitzaren lekua?

Ez da erraza erantzuten. Kirol bakoitzean ere ikuspuntu desberdina dago. Aizkoran, adibidez, euren ikuspuntua da kirola bai, baina dirua. Eta beste kirol batzuk daude diruari bat ere garrantziarik ematen ez zaienak. Erakustaldiak, berriz, denean datoz ondo, ze klubentzako dirua ateratzen da hortik, eta beharrezkoa da.

Pilotan apostu elektronikoa ezarri nahi dute, tabernetako apostuak-eta kenduta. Herri kirolean?

Aizkora edo harri jasotze apostu baten ze makina jarri behar dute ba? Han egongo dira korredoreak eta jendeak bata besteari jokatuko dio, plazara joan aurretik, betiko modura. Herri kirolean ez dut ikusten makinen asunto hori.

Goazen kirolez kirol diagnostiko laburrak egitera. Sokatira.

Maila ona ematen ari dira Euskal Herriko taldeak. Pisu handietan ibiltzen dira okerren, Europako beste lekuetako kirolariak gorputzez handiagoak izaten direlako.

Aizkoran, zaharrak ardoa bezala, gero eta zaharrago eta hobe?

Zaharrak oso ondo daude oraindik, eta gazteak hortara ezin ailegatuta daude.

Harri jasotzen, handira ala txikira?

Txikira. Handira mugak ezagututa daude. Eta, gainera, pisu astun horiek jasotzera ailegatzen ez direnen balioa ez da aintzat hartzen. Hori penagarria da. Horra puntara ailegatzen ez bazara porrot eginda bezala sentitzen zara, eta hori ez da horrela izan behar. Kirol guztietan gertatzen da hori.

Segan, berrikuntza bila?

Denbora laburragoko frogak egiten hasi dira. Ordubeteko sega saioa egiteko prestakuntza handia behar da. Lehen baserrian berez-berez hartzen zen hori, baina orain ez. Europako erako frogak egiten hasi dira orain: hainbat metro koadro zeinek azkarrago eta zehatzago moztu. Horrela gazteek ere sarrera eduki dezakete segan.

Eta zaldi zein idi demetan zer?

Pasa den hilean onartu ziren idi jabeentzako betebehar eta arauak, batez ere dopina ekiditeko. Hori Jaurlaritzan onartu eta martxan jartzen denean, ikusiko dugu...

Zeu sokatiratik zatoz. Noiz hasi zinen Mutrikuko taldean?

Lehenengo arraunean hasi ginen. Guk ipini genuen martxan Ondarroako arraun taldea oraingo aldi honetan, 1971ean. Hurrengo urtean sokatiran ere hasi nintzen. Sasoia ederra orduan! [barrez].

Sokatiran makina bat txapel atera omen zenuten zuek.

Hainbat urtez geratu ginen txapeldun Mutrikuko taldean. Gero Nuarberekin ere ibili nintzen. Baina sokatira asko aldatu da...

Zertan, ba, aldatu?

Orduan batek antolatzen zuen akaso Munduko Txapelketa. Izen hori ipini, zerrenda ireki parte hartzeko eta 40 bat talde joaten ziren. Gu, auzoko batzuk batu, eta era horretara joan ginen Markina-Xemeinera txapelketara. Lehenengoz atera eta irabazi egin genuen. Hori, gaur egun, ezinezkoa da.

Prestakuntza handia behar da?

Teknika, beterania eta gaitasuna behar dira sokatiran: urteak. Eta entrenamendu maila oso altua.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.