
Fatman El Mehpi sahararren egoera azaltzera dator eskualdera
Gizartea
Saharako Emakumeen Elkarteko idazkari nagusia Lekeition eta Markina-Xemeinen egongo da asteburuan.
eider mugartegi
Fatman El Mehpi Saharako Emakumeen Elkarteko idazkari nagusia Markina-Xemein eta Lekeition egongo da asteburuan. Fagor Arrasate enpresak gonbidatu du El Mehpi Euskal Herrira, eta bide batez, Markina-Xemeinen eta Lekeition egongo da Sahararen egoera azaltzeko.
Fagor Arrasate Kooperatibako bazkideek emakumeentzako gunea muntatzeko diru laguntza bideratu zuten Saharara, eta ordutik, hartu -emanetan egon dira herriagaz. Hori dela eta, enpresak Euskal Herrira etortzeko gonbitea egin dio Saharako Emakumeen Elkarteko idazkari nagusiari. Hori aprobetxatuta, Markina-Xemeingo Ekozainek, Uhagon Kultur Elkarteak, Gaittunek, Udalak, eta Lekeitioko Sahelak (Sahararen aldeko taldea) bertora gonbidatu eta Sahara Herriaren Aldeko Jaialdia antolatu dute.
Barikuan Markina-Xemeingo udaletxean egongo da Fatman El Mehpi. Udalak aurtengo aurrekontuetako 0,7 ko 6.000 euro saharar herriari eman dizkio, hori dela eta, alkateagaz batuko da eskerrak emateko.
Lekeition, zapatuan
Zapatuan, ostera, Lekeitioko udaletxean egingo diote harrera, eta 18:00etatik aurrera, Marathon pelikula botako dute. Ostean, solasaldia egongo da Fatman Mehpigaz beragaz. «Saharar mundua emakumeagaz lotu behar da, bera da -eta kanpamentuak aurrera eroaten dituena. Fatman El Mehpi, gainera, emakume berezia da, eta saharar herriaren egoera zabaltzen dabil munduan», azaldu du Zuriñe Uskolak, Lekeitioko Sahelako kideak.
Saharako egoeraren berri emateagaz gainera, Lea-Artibaira datozen umeen kopurua handitzeko asmoz, Oporrak Bakean kanpainaren informazioa zabalduko dute egun osoan Eskolapean. «Beharrizan handia duten umeak dira, eta etxean edukitzea esperientzia polita da», azaldu du Uskolak. Gainera, umeak ekartzeko gastuak Udalak ordaintzen dituela jakitera eman du. «Umeei jaten ematea eta zaintzea, hori bai, besterik ez da egin behar», dio.
Haima Arkupean
Markina-Xemeinen ere, Oporrak Bakean kanpainaren berri emango dute. «Jaialdiak helburu bi ditu: alde batetik, Saharagaz gertatzen ari dena azaltzea, eta bestetik, Oporrak Bakean programan parte hartu nahi duten familiei informazioa eskaintzea», zehaztu du Karmelo Jaio Ekozaingo kideak.
Horrela, 11:00etatik aurrera, Saharako emakumeen gaineko argazki erakusketa ipiniko dute, eta Arkupean ipiniko duten haiman diapositibak ikusteko aukera egongo da. Saharako bitxien denda ere ipiniko dute: tea eta pastak banatu, eta osasunagaz lotutako produktuak batuko dituzte eguerdian: tiritak, alkohola eta bendak esate baterako. Bestalde, egun guztian egongo da Oporrak Bakean kanpainaren gaineko informazioa eskuratzeko aukera. «Markina-Xemeinen Sahararen aldeko talde bat sortzeko aukera izan daiteke domekakoa. Beraz, interesa dutenak etortzera gonbidatu nahi ditugu», esan du Jaiok. Arratsaldean Marathon pelikula botako dute, eta Lekeition modura, Fatma El Mehpi entzuteko aukera egongo da 18:00etan, Uhagonen.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.