
360 euroko isuna ezarri dio fiskalak Zengotitabengoari
Politika
Aitor Marurik eta ertzain bik deklaratu dute Gernikan; senideei eta lagunei ez diete laga epaiketan egoten.
larraitz ibaibarriaga
6 euro 60 egunean. Gernikako fiskaltzak eskatuta, isun hori ordaindu beharko du Joseba Zengotitabengoa ondarrutarrak iazko maiatzaren 22an alkatearen mahaira kateatzeagatik, «ordena publikoaren kontrako» falta leporatuta.
10:00ak pasatuta hasi zen epaiketa, eta bertan, Zengotitabengoaz gainera, Aitor Maruri ordungo alkateak eta ertzain bik deklaratu zuten. Fiskalak «alkateari jaramonik ez egitea» egotzi zion gazteari. Marurik, bere aldetik, agindurik ez zuela eman esan zuen, eta gaztea kateak askatzeko konbentzitzen ahalegindu zela adierazi.
Ordubete pasatxo iraun zuen epaiketak, eta senideek barruan egoteko eskaria egin bazuten ere, ez zioten laga inori epaitegira sartzen deklarazioen momentuan. Epaiketa amaitu zenean ikusi ahal izan zuten familiakoek gaztea. «Indartsu» topatu zuten.
Ordu biko elkarretaratzea
08:00etan hainbat herritar joan ziren Gernikara, elkartasuna ematera. Han, epaitegiaren aurrean, ordu biko elkarretaratzea egin zuten, Joseba askatu, epaiketa fartsarik ez lelopean.
Atzoko epaiketaren aurrean, domekan Ondarroan bildu ziren herritarrak Amnistiaren Aldeko Mugimenduak egindako deialdiari erantzunda. Berton, EAJ jo zuten berriro ere Joseba Zengotitabengoaren egoeraren errunduntzat, eta «ausardia» eskatu zieten jeltzaleei. «Zuen alderdiaren beso armatuak atxilotu zuen gure Joseba, zuek miresten duzuen legedi espainiarrak kondenatu zuen gure Joseba, zuek erabiltzen duzuen biolentziak eroan zuen gure Joseba espetxera», adierazi zuten, besteak beste, Alamedan bilduta.
Hartara, «EAJren koldarkeriaren aurka, amnistiaren alde, Euskal Herriaren kontrako mota guztietako zapalkuntzaren aurka eta Euskal Herriarentzako marko demokratiko bat lortu asmoz» beharrean segitzeko konpromisoa erakutsi zuten AAMko kideek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.