
Herri Arrantzaleen elkartean sartzea erabaki du Udalak
Udala
Kide diren udalerrietan itsas-turismoak daukan balioa suspertzea da elkartearen helburua; hamahiru herrik osatzen dute sarea.
edurne burgaña
Lekeitioko Udalak Herri Arrantzaleen elkartean parte hartzeko erabakia hartu du. Elkartearen helburuetako bat, kide diren udalerrietan itsas-turismoak daukan balioa suspertzea da. Kantauri Itsasoko eta Atlantikoko kostaldeko herriak batzen dituen sarea hamahiru kidek osatzen dute.
Lekeitiogaz batera, Bermeo, Getaria eta Hondarribiako udaletxeek ere Herri Arrantzaleen elkartean sartzea erabaki dute. Lau udalerriek duela hilabete batzuk jaso zuten udalerri sarean parte hartzeko gonbidapena, eta harrez gero, zenbait batzar egin dituzte elkartearen lana eta helburuak hurretik ezagutu ahal izateko.
Apirilaren 4ean, Lekeition egindako azken batzarrean, Herri Arrantzaleen elkartean sartzeko erabakia hartu eta sare horretako kide izateko bete behar dituzten baldintzak ezagutu zituzten lau udalerriek.
Ate berriak zabaltzen
Lau udalerri horietako ordezkariek zein aldez aurretik haiekin harremanetan egondako Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko ordezkariek ere «oso positibotzat» jo dute sustapen foro horretan parte hartzea.
Udalak azaldu duenez, elkarteko kide izateak ateak zabaltzen dizkio herriari: «Foro batzuetan udalerri mailan presentzia izatea konplikatua izan daiteke, eta Herri Arrantzaleen elkartea sustapen plataforma dugu. Esate baterako, sarearen babesak Europako merkatu eta ferietan parte hartzea ahalbidetzen du eta Madril edo Bartzelona moduko hirietan urtero ospatzen diren beste foro batzuetan parte hartzea errazten».
Herri Arrantzaleen elkartearen helburu nagusia bertan batzen diren udalerri guztietako itsas-bizitzari loturik dagoen turismoa sustatzea da. «Esperientzien trukaketa eta lankidetza sustatzera zuzendutako sarea da», adierazi du Udalak.
Abantaila gehiago ere baditu elkartean sartzeak: «Lurraldeen arteko lankidetza, eta Iparraldea, Frantzia eta Europako beste herrialde batzuetako udalerriekiko lankidetza akordioak bultzatzen ditu. Gainera, turismo eta garapen jasankorrari dagokion adierazpen, koordinazio eta kudeaketa bideratzea dauka helburu elkarteak», gehitu dute Lekeitioko Udaleko ordezkariek.
Antzeko baldintzak herrien artean
Sarea osatzen duten udalerri guztiek itsas mundua eta arrantzari lotutako giza-ekonomia errealitate antzekoa daukate. «Hain zuzen ere, elkarte horretako kide diren udalerrien faktore bereizlea, bateratzen dituen itsasoa eta hondartzak, kostaldea eta itsaslabarren mantentzea, turismo jasangarria bultzatzearen grina eta haien ondarea eta ingurumena zaintzeak osatzen dute», azpimarratu du Udalak.
Herri Arrantzaleen elkartea hamahiru udalerrik osatzen dute gaur egun: «Galizian: Baiona, Sanxenxo, Sada, Ortigueira, Viveiro eta Ribadeo; Asturiasen: Cudillero, Gijón, Ribadesella eta Llanes; eta Kantabrian: San Vicente de la Barquera, Santoña eta Laredok», azaldu du Udalak.
Hurrengo ekintzak
Feria eta merkatuetan parte hartzea, promozio eta produktuen giden argitalpena, eta gastronomia topaketak biltzen dituen ekintza agenda dauka sareak, besteak beste.
Izan ere, datorren apirilaren 22an Bartzelonako Juan Carlos I. Hotelean sarearen aurkezpena egingo zaie komunikabideei, eta horregaz batera, parte hartuko duten lurraldeetako sukaldariek gastronomia erakusketa bat eskainiko dute. «Jardunaldi horretan, elkarteko lau kide berrien aurkezpena ere egingo dute: Lekeitio, Bermeo, Getaria eta Hondarribiarena», eman du jakitera Udalak.
Herri Arrantzaleen elkarteak Ortigueirako Zelta Jaialdian parte hartuko du aurten. Espainiako zenbait feriatan ere egongo da; tartean, Zaragozako Expo jaialdikoan.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.