Edukira joan

soinuaren oihartzuna

Gizartea

Urrun ikusten dira soinujole baten inguruan batu eta dantzan pasatzen ziren domeka arratsaldeetako erromeriak.

BEÑAT DE LA FUENTE ETA IRAITZ LEGARRA

Lokalean daude Mikel eta Ane. Zapatu iluntzea. «Asper-asper eginda nago, Mikel.Goazen zerbait egitera edo norabait. Joango al gara taberna batera zerbait hartzera?». «Bai zera!», diotso Mikelek. «Goiz da oraindik. Inor ez da ibiliko kalean, eta gainera, zer nahi duzu ba, gauerdirako dirurik gabe egotea? Oraintxe datoz besteak. Litro batzuk erosi eta hauek edan ostean irtengo gara».

Portuan daude Pilar eta Miren. Zapatu goiza: «A ze nekea! ederra dago arrain pila gaurkoan!». «Ea horrenbeste mutil dabilen bihar erromerian!». Barre egiten dute biek. «Amak baiezkoa eman dit, baina aitak garbi utzi dit oraingoan afaltzera ez banaiz ailegatzen, belarriak moztuko dizkidala». «Lasai neska, neu ere berdin nago eta. Baltseo batzuk dantzatu, mutil gazte lirain batzuk ezagutu eta amaren legatza jateko etxean egongo zara».

Asko aldatu dira garaiak, eta eurekin batera baita parrandak ere. Atzean geratu dira domeka arratsaldeetan herriko plazetan ospatzen ziren erromeria alaiak, hainbeste bikote batzen zituztenak eta askorentzako lan ordu gogorretan aurrera jarraitzeko motibazio zirenak. Frankismo garai ilunetan, soinujotzaile baten doinu gozoen pean aurkitu zuten Lea-Artibai eta Mutrikuko aiton-amona askok euren parrandak botatzeko aukera. Bertoko herrietako plazek erromeria horietako ugari ezagutu zituzten; bertan herriko mutil zein neska gazte askok beste neska-mutilen gerria lehen aldiz laztantzearen zirrara sentitu zuten; lehen amodioaren begirada lotsatien, lehen dantza eskatzearen urduritasunen, lehen musuaren lurrikararen lekukoak dira.

Neska eta mutilen harremanen gora-behera horren lekuko dugu erromeria batzuetan ematen zen pegatina-ren kontua. Erromeria horietan parte hartu ahal izateko, pegatina bat erosi behar izaten zuten gizonezkoek, eta horregaz jasotzen zen dirua soinujotzailearentzako izaten zen. Pegatina horrek bistaz jota zuen neskagaz dantzan egiteko eskubidea ematen zion zeroanari. Horrela, neskak ere gustoko izanez gero, harreman eder baten hasiera izan zitekeen edota dantzaldi bat edo beste elkarregaz egin eta bakoitzak bere bidetik jarraitzen zuen.

Bitxia da konturatzea, zelan garaiak, formak, lekuak eta testuinguruak hainbeste aldatu arren, gizon eta emakumeen arteko harremanak horren finko bere horretan dirauten.

Sasoien aldaketa

Frankismoaren amaierarantz, Euskal Herria Europara zabaldu, industrializatu eta dirua sartzen hasi zen heinean, joerak ere aldatzen hasi ziren. Apurka-apurka tabernak eta dantzaleku handiak tokia jaten hasi zitzaizkien plazei eta erromeriei. Gutxika-gutxika, erromerietan instrumentu bat jotzen zuten artistek taberna eta dantzalekuetako musika aparatu eta DJ berrietan aurkitu zuten lekukoa.

Eskualdeko herrietan ere, taberna bereizgarri batzuk bezero ugari erakartzen hasi ziren. Ondarroan, 34 eta Antzomendi lehenengo eta Ametza hurrengo; Lekeition, Kabaua eta Jai Klub; Markina-Xemeinen La Amistad eta Kiss; Mutrikun, Venecia, Kai eta Mamu. Hasieran, dantzaleku horiek erromerien alternatiba modura agertu ziren.

Jaiaren planteamendua mantendu egin zen, domeka arratsaldeetan irteten jarraituz, baina dantzaleku horiek lekuen eta musikaren aldaketa ekarri zuten. Asko ziren erromerien jai estiloagaz apurtu eta beste era bateko parrandak bilatzen zituzten gazteak, eta taberna eta dantzalekuek erantzuna ematen zieten behar horri.

Bide horretatik, lan orduak malguago eta pentsamoldeak irekiago egin ahala, gazte askok zapatu gauetara pasatu zuten parrandarako momentua. Eta ez bakarrik gauetara. Ohitura hartzen hasi ziren arratsaldez lagunekin irten, poteoa egin, pintxoak jan eta goizaldera arteko parrandak botatzeko. Jendea nahikoa mugitzen zen, eta Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemein moduko herriak giro handiko bilgune bihurtzen ziren asteburuero. Gaur egungo eredura hurbiltzen hasita zeuden garai hartan.

Baina urteekin, asteburuetako giroak beherakada handia jasan duenaren ideiagaz bat datoz gehienak. Beharbada, alkoholemia kontrolak, lokalen efektuak, alkoholaren garestitze basatiak, beste zaletasun batzuk eskuragarriago izateak ¬eskiatzea, bidaiatzea...¬ eta antzeko zenbait faktorek zerikusia izango dute gainbehera horretan. Aldaketa, behin- tzat, egon da. Garaiak ere aldatzen doazen erakusgarri. Hemendik aurrera zer etorriko den, ezin jakin. Ezin jakin noiz eta non izango diren parrandak, baina era batera edo bestera jendeak parrandak botatzen jarraituko du.



 




Domeka arratsaldeetako erromeriak ziren lehen lagunekin irten eta jaiaz gozatzeko uneak.

Herri bakoitzean, bertako taberna zehatz batzuetan kontzentratu da asteburuetako giroa.







 

«Lehen, jendea gehiago pasatzen zela uste dut»

jabi eta jose mari zubizarretað- Ametzako jabe ohiak

Ondarroa

Ondarrutar biek urte askotan egin dute beharra taberna ospetsu horretako barraren bestaldean.

I. legarra eta b. de la fuente



Jabi eta Jose Mari anaiak Ondarroako Ametza taberna zarratu aurreko azken arduradunak izan dira. Jende pila mugitzen zuen taberna horren barraren atzean, gertu-gertutik bizi izan dute parranden errealitatea eta bilakaera.

Nola hasi zineten Ametzan lanean?

Gurasoek zeroaten taberna, eta Ametzako mahai eta bezero artean hezi gara txiki-txikitatik. Edalontziak jasotzen eta antzeko lanetan hasi ginen oso gaztetatik, eta hortik barran lan egitera pasatu ginen.

Noiz zabaldu zen taberna?

1969an zabaldu zen. Bar-Restaurante erakoa zen, baina orduan ez zen gero izan zen moduko taberna. Jendea ibiltzen zen, baina beste era batera, ez zen zapatu goizaldeko parrandarako taberna.

Eta noiz eman zen aldaketa hori?

Batez ere, geuk hartu genuenean, 90ko hasiera inguruan. Musikari eta tabernaren estiloari buelta eman genion. Bakailaua-ren hasierak ziren, eta jendeak oso gustuko zuen musika hori zapatuetako parrandarako. Ordura arte, jendea beheko aldean ibiltzen zen parrandan. Baina Antzomendi itxi zutenean, apurka-apurka gorantz mugitzen hasi ziren, eta Ametza zapatuak irabazten hasi zen, urte askotan asteburuetarako parrandetako inguruetako elkargune garrantzitsuena bihurtzeraino.

Ametzan zerbitzari zenbiltzatenetik aldatu al da ezer parrandei dagokienez?

Zalantzarik gabe. Orain jende gutxiago ibiltzen da. Ametza itxi ostean, jendea berriro beheko tabernetara joaten hasi zen, baina beheko taberna horietako jabe batzuekin hitz eginda, ezin konpara daiteke Ametzan mugitzen zen jendea, eta orain mugitzen dena. Bestalde, lehen parrandak soziala- goak izaten ziren. Inguruetako jende pila batzen zen: markinarrak, berriatuarrak, mutrikuarrak... Eta horrek oso giro bizia eta alaia pizten zuen. Orain askoz gutxiago dira kanpotik datozenak, alkoholemia eta antzeko kontuak tarteko. Tragoak ere askoz garestiagoak dira orain. Gogoan dut Ametzan kubata bat 300-350 pta baino kobratzen ez genuen garaia, orain, 5 eurotik behera ia inon ez dagoenean. Orduan, jendea gehiago pasatzen zela uste dut, gainera. Ohikoa zen gazteak barra gainean dantzan eta bestelako erokeriak egiten ikustea. Egunotan ere pasatzen dira, nola ez! Baina orokorrean, nahaste handiagoa zegoela uste dut Ametzan lan egiten nuenean.

Zergatik itxi zen Ametza?

Batez ere, auzokideen kexak zirela eta. Esan beharra dago Ametza 30 urte inguruan herriari zerbitzu bat eskaintzen egon den taberna bat izan dela, inolako kexarik jaso gabe. Eta gu jarri ginenean eta pixka bat musika aldatu genuenean, sekulako kexa zaparrada etorri zitzaigun gainera. Baimenak eta betebeharrak zorrozten hasi zitzaizkigun, eta eskatzen zizkiguten aldaketak egiteko dirurik ez geneu- kanez, itxi egin behar izan genuen.



 

«Gero eta gutxiago baloratzen da zuzenean piezak jotzea»

Jose Mari Esteibar ð- Soinujolea

Markina-Xemein

Txiki-txikitatik hasi eta egundaino oraindik plazetan soinua jotzen dihardu Esteibarrek.

b. de la fuente eta i. legarra



Esteibar eskualdeko erromeria asko alaitzen urte ugari daroatzan soinujolea da. Lehen pertsonan bizi izan du erromerien gainbehera.

Nola hasi zinen jotzen?

9 urte nituela ekarri zidaten nire lehen soinu txikia, eta harexegaz hasi nitzen jotzen. Hasieran, belarrira jotzen nuen; baina gerorantz, klaseak hartu nituen, eta partiturak izanda, asko erraztu zitzaidan bidea. Nik beti nahi izan dudana plazetan piezak jotzea izan da besterik gabe, jendea dantzan eta ongi pasatzen ikustea.

Zu gipuzkoarra zara. Nola ekin zenion Bizkaian jotzeari? Hemen falta zegoela-eta, jotzera etortzeko esan zidaten hamabost urte inguru nituela. Ziortzan jo nuela uste dut hemen lehenengoz. Orduan ez zegoen telefonorik, eta ikusi ahala, beste jai batzuetan jotzeko eskatzen zizuten. Horrela, apurka-apurka inguruko erromerietan jotzen hasi nintzen: Amallo, Larruskain, Erdotza... Neska Larruskaingoa aurkitu nuen, eta horrek ere honantz tiratu zidan.

Erromeriak ez dira lehen zirena. Nola bizi izan duzu aldaketa hori?

Lehen jende pila bat batzen zen. Oso pozgarria zen bikote pila bat dantzan ikustea norbere musikaren erritmora. Orain, ordea, izan dira erromeria batzuk hiruzpalau bikote baino ez zeudenak plazan dantzan, edota bikoterik ere ez, kasu txarrenean... Niri, jotzen daramatzadan urte guztiekin ere, sekulako lotsa ematen dit lehen pieza jotzeak, izotza hauste horrek. Eta noski, erromeriako giroa ona bada, norbera ere askoz erosoago sentitzen da.

Jotzeko lekuak aldatu al dira?

Bueno, herri eta auzoetako ermitetan ekitaldi kopurua jaitsi den arren, gutxi gora-behera antzera jotzen jarraitzen dut. Lehen ezkontzetan jotzen nuen asko. Sasoi batean, astean lau edo bost ezkontzatan jotzen nuen Itziarren. Iaz, ordea, hiru edo lau ezkontzatan baino ez nuela jo uste dut urte osoan. Bestalde, aspaldian asko deitzen didatenak kinto afarietakoak dira, 40 urtekoek eta hortik gorakoek. Baita erretiratuen egoitzetakoek ere. Oso jai atseginak izaten dira, jendeak jartzen dion intentzio eta umore onagatik.

Zerk ekarri du jende gutxitzea? Eta etorkizunera begira, zer?

Alde batetik, gizartea bera aldatu dela uste dut. Gaur egungo gazteek ez dakite dantzan! Baina, batez ere tabernek eta DJek eremua jan digutela uste dut. Gaur egun, ez da baloratzen jendaurrera irten eta instrumentu bat jotzen duen pertsona, eta niri horrek pena ematen dit. Orain, nahikoa da ordenagailu bategaz irten, memorian gordetako musika jarri eta Gora Euskadi erako bi oihu botatzeagaz. Hori dela eta, atzetik datozenei etorkizun iluna ikusten diet. Soinua eta antzeko instrumentuak jotzen ikasten dabilen batentzako ezinbestekoa da nonbaiten jendaurrean praktikatzeko aukera izatea, dirutxo bat irabaztearen gehigarria, jendaurrean zure talentua erakusteko aukera... Eta memorietako musikek eta playback-ek jendea erakartzen jarraitzen badute, eta zuzenekoek ez badute indarra hartzen, ez dakit nork jarraituko duen guk zabaldutako bidea.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ERAKUSKETA

Egurlanak erakusgai
ONDARROA, Udal Erakusketa Aretoan - 2008-12-04

ZINEMA


LEKEITIO, Azkue aretoan - 2008-12-05

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.