
Funky ikastaroak arrakasta handia izan du bertokoen artean; ekainera arteko ikastaroa bada ere, gerora luzatu daitekeela esan du Uzuri Nieto dantza irakasleak.
Energiaz betetako dantza ikastaroa
a. alkorta
Hankak, eskuak, gerria eta burua askatu eta hezurrak mugitzeko prest zeuden hamabi neska batu ziren atzo, Berriatuko Zentraleko lehenengo pisuan. Denak arropa erosoekin jantzita, gorputz osoa musikaren erritmora astintzeko asmoz joan ziren. Izan ere, atzo, Uzuri Nieto dantzari berriatuarrak ematen duen funky ikastaroko klasearen ordua zen.
Lasai eta mantso hasi ziren hamabi neskak Nietoren azalpenei jarraitzen eta luzaketak egiten. Lurrean etzanda, gorputzeko atal guztiak luzatzen hasi ziren. Goitik begiratuta, denetariko irudiak osatzen zituzten dantzariak ziruditen aretoan bilduta zeuden pertsona guztiek.
Ekaina arteko ikastaroa
Hogei minutu inguru luzaketak egiten ibili eta gero, musikaren erritmoa arindu eta zein baino zein pauso modernoagoak egiten hasi ziren. Nietok erritmoa markatzen zuen bitartean, denak batera pausoak jarraitzen zituzten. Hori bai, ispiluari adi-adi begiratuz, ondokoek pausoak nola egiten zituzten ikusten zuten batzuek.
Ikastaroa orain gutxi hasi da martxan, eta ekaina ailegatu bitartean, astea joan eta astea etorri, funky-a nola dantzatzen den irakatsiko die Nietok izena emanda dauden ikasle guztiei. «Asko gustatzen bazaie, hurrengo ikasturtera ere luza daiteke ikastaroa», azaldu du Nietok.
Ikasleen grina
Berriatuarrak ez ezik, inguruko herrietako bizilagunak ere energiaz betetako dantza estilo hori probatzeko prest agertu dira. Arrakasta handia izan du, beraz, ikastaroak, eta dagoeneko ez dago lekurik jende gehiagorentzat.
Atzokoan, klaseak aurrera jarraitzen zuen bitartean, ikasleek dantza egiteko erakusten zuten energia handitzen zihoan. Musika gero eta biziago eta mugimenduak gero eta arinago; aretoa berotzen hasia zen klasea bere erdira ailegatu zenean.
Neke aurpegiak ikusten baziren ere, hamabi ikasleak gogor ahalegintzen ziren Nietoren erritmoa jarraitzen. Dantzaren aitzakiagaz, kirola egiteko aukera ere ematen du ikastaroak. Klasera joateko behar diren gauza bakarrak gogoa eta energia dira, besterik barik.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
MUSIKA KONTZERTUA
SANTA ZEZILIA EGUNEKO KONTZERTUA
MARKINA-XEMEIN, Kontzekupean - 2008-11-20
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.