
jon arrizabalaga ð- Meteorologia ikaslea
«Nire ustez, meteorologiari ezin diogu zehaztasun gehiago eskatu»
Mutriku
Madrilen dago Fisika ikasketak amaitzen, meterologiarekin lotura daukaten ikasgaiak han daudelako. «Atmosferaren sistema kaotikoa» ulertzen ahalegintzen da.
maribi ugarteburu
Isobara artean bizi da Jon Arrizabalaga (Mutriku, 1985). Kalkuluak egitea beti gustuko izan duen arren, jakin badaki meteorologian oso gutxitan gertatzen dela 2+2 lau izatea.
Meteorologia zein karrerarekin lotuta ikasten da, zelan doa?
Fisikarekin lotuta dago. Atmosferan gertatzen diren fenomenoen ikerketa da, eta gertaera horiek fisikoak dira. Ni Leioako Kanpusean hasi nintzen ikasten, baina han ez dago meteorologiarekin lotutako hautazko ikasgaiak hartzeko aukerarik. Horregatik, Seneca beka batekin, Madrilgo Complutense Unibertsitatera etorri naiz, urtebetez berton ikastera. Nahiko jende dabil horrela, beken bidez, beste lurralde batean unibertsitateko ikasketak amaitzen.
Aspalditik zeneukan argi hori ikasi nahi zenuela?
Beti moldatu izan naiz ondo matematika eta zientzietan, eta horien barruan fisika meteorologikoa izan dut gustukoen; akaso egunero ikusten diren fenomenoez ari delako.
Eta zein da fisikari baten lan aukera?
Enpresa askotako ikerketa arloan behar dira fisikariak. Irakasleek esaten digute ondo baloratzen den ikasketa dela, gogor lan egiten ohituta egoten garelako. Arloak, berriz, ba, denetik: materialak, nanoteknologia, astrofisika...
Eta zuk zeuk ikertzen ala klaseak ematen ikusten duzu zeure burua?
Nik meteorologia arloko lan batean sartzea nahiko nuke: eguraldi mapak sortzen, edo kutsadura arloan ikerketak egiten... Baina, ez dut baztertzen irakaskuntza arloa ere. Orain ere klase partikularrak ematen ditut, eta moldatzen naiz.
Meteorologiak ez dirudi oso zientzia zehatza...
Ez, oso sistema konplexua eta kaotikoa delako atmosfera. Guk ikusten dugun eguraldi maparen atzean lan asko dago, bai pertsona aldetik eta baita teknologia aldetik ere: eraikin osoa hartzen duten ordenagailu ikaragarriak erabiltzen dira kalkuluak egiteko. Nire ustez, meteorologiari ezin diogu zehaztasun gehiago eskatu. Oso konplikatua da leku zehatz baten gaineko aurreikuspenak egitea. Ez dut uste lortuko denik ere.
Zuek lantzen dituzue eguraldiaren aurreikuspenak?
Oraindik ez. Atmosferan parte hartzen duten fenomenoen azterketa egiten dugu, baina, unibertsitateko ikasketetan askotan pasatzen den legez, praktika aldetik pixkat herren geratzen dira. Lanean hasitakoan ikasiko dugu, benetan; beste ikasketetan bezala.
Kuarta-tenporak, ilargialdiak, animalien portaera... Aurreikuspen meteorologikoak egiteko baliagarriak al dira?
Tenporak ez dira inondik ere ulertzen fisikaren aldetik. Data zehatz batzuk hartu eta horietan egiten duen eguraldia hurrengo hilabeterako erreferentzia modura erabiltzen da tenporekin. Ez dago lege fisikorik hori azaldu ahal duenik.
Negurik ez dugu izan, eta udaberrian hotz eta euri... Zer ote dator orain?
Auskalo! Atmosfera sistema bizia eta kaotikoa da, eta ez dauka zertan egin urteko egun berean eguraldi bera, edo ezta antzekoa ere, urtetik urtera. Guk identifikatzen dugu uda eguzkiarekin edo negua euriekin, baina denetik egiten du.
Baina lurraren beroketa hor dago. Zein da zure iritzia gai horretaz?
Ikerketa asko egin dira, eta gure irakasleek ere, bakoitzak bere iritzia dauka... Lan askoren arabera bai ikusten dela egia dela klimak berotzeko joera erakutsi duela, eta neurri batean giza aktibitatearen eraginez dela. Betitik dakigu natura ez errespetatzeak arazoak ekar ditzakeela. Arazoa sortuta dago; orain neurriak hartzeko ordua da. Akaso beranduegi izango da buelta emateko, baina ondorioak leuntzea lor daiteke denon artean. Agintariak hasita, eta guztiok ere joera batzuk hartuta.
Euskaldunen gai totem-ak: janaria, politika, eguraldia.
Ados nago, bai.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
DEIALDIAK
Argazki zaharren erakusketa
LEKEITIO, - 2008-11-25
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.