Edukira joan

Iker eta eneko pou ð- Eskalatzaileak

«Antartida izan da egon garen tokirik politena edo desberdinena»

Eskalada

Iker eta Eneko Pou eskalatzaileak Ansotegin egon dira '7 pareta 7 kontinente' proiektua azaltzen; emanaldi goxoa eskaini dute anaiek.

eider mugartegi

El Niño, Zunbeltz, Bravo Les Filles, Totem Pole, Eternal Flame, Supercanaleta eta Azken Paradisua. Munduko zazpi pareta esanguratsu, eder eta zailenak eskalatu dituzte Eneko eta Iker Pouk (Gasteiz, 1974 eta 1977). 7 pareta 7 kontinente proiektuaren baitan gustuko dituzten bi gauza lotu dituzte: mendiak eskalatzea eta bidaiatzea.

Zelan aukeratu zenituzten paretak, eta ze zailtasun dauka bakoitzak?

Iker Pou: Proiektua ez zegoen eginda, beraz, guk aukeratu genuen zeintzuk pareta eskalatu behar genituen. Hiru parametro begiratu genituen hormak aukeratzeko: kontinenteko paretarik esanguratsuena izatea, eskalatzeko polita izatea eta kontinente horretako zailena edo zailenetarikoa izatea. Hiru parametro horiekin, kontinente bakoitzean paretak aukeratzen hasi ginen.

Paretak espero zenuten modukoak izan dira?

Pou, I: Guztietan izan dugu ezustekoren bat. Yosemitetik hasi ginen. Pareta hori zegoela bagenekien, hala ere, apur bat harritu egin gintuen arrokaren kalitateak, eta asko gozatu genuen. Apostu gogorra izan zen lehenengo pareta izateko, eta ondo atera zen. Hurrengo, Naranjo de Bulnesera joan ginen, eta Zunbeltz bidea aukeratu genuen. Espero genuena baino zailagoa gertatu zitzaigun. Pila bat denbora behar izan genuen, eta lortuko ez genuela ere pentsatu genuen. Gero, Madagaskarrera joan ginen. Leku ona eta bitxia. Ondo-ondo pasatu genuen. Totem Pole ere, Tasmanian, bitxia begitandu zitzaigun. Txikitan, biok logela berean egiten genuen lo, eta orratz horren posterra geneukan gelan. Betidanik nahi izan dugu hori eskalatu, beraz, proiektuagaz hasi ginenean bertara ere joan behar genuela erabaki genuen. Espero genuena baino politagoa izan da. Bosgarrena, Trango, uste baino gogorragoa izan zen. Denbora kaskarra izan genuen, dena dela, esperientzia on-ona izan zen. Patagonian ere eguraldi txarra eta eskalatzeko baldintza txarrak izan genituen, hala ere, haluzinatu egin genuen tokiagaz. Azkena, Antartida izan da, egon garen tokirik politena edo behintzat, desberdinena. Hotz handia, bakardadea eta paisaia ikaragarria.

Proiektua, orduan, paretak igotzea baino gehiago izan dela dirudi...

Pou, E: Argi zegoen proiektu honegaz gustatzen zaizkigun gauza bi lotu nahi genituela: mendiak eskalatzea eta bidaiatzea, eta hori nabarmena da, batez ere, Antartidaren kasuan. Eskalada oso gogorra izan da, baina eskalada baino aurretik sekulako abentura bizi izan genuen belaontzian egin genuen zeharbidean. Gauza horiek ere bilatu ditugu.

Beldurra pasatu al duzue hormaren bat eskalatzen?

Pou, I: Beldur pixka bat pasa dezakezu, baina beldurra badaukazu, azkenean ez dituzu paretak egiten. Hala ere, momentu askotan tentsioa egon da. Naranjo gogorra izan zen, Antartidan eskalada zaila izan genuen, baina beldurra beldurra... Kontrolatzen ez duzunik ez behintzat, bestela ez zara joaten.

Hormarik gaitzena?

Pou, E: Momentu latzak espedizio guztietan egon dira, baina, agian, abenturarik osoena Antartidakoa izan da. Bizitza arriskuan zegoela ikusten genuen momentu guztietan, belaontzian sartu ginenetik bueltatu ginenera arte, eta hilabete oso bat izan zen.

Eta momentu politenak?

Pou, I: Guztietan pasatu dugu ondo-ondo, baina Madagaskar izan daiteke politena. Barre pila bat egin genuen, eta klima ere ona izan zen. Oroitzapen onak ditugu.

Pou, E: Antartidaren kasuan, momentu oso polita izan zen bost urtetako proiektu bat amaitzen genuela ikustea. Latza, ostera, Trangon gertatutakoa, adibidez. 12 gau pasatu genituen 5.000 metrotik gora, eta dendarik gabe. Bueltatzean, Ikerrek lau kilo gutxiago zituen, nik zazpi gutxiago eta gure kamarak bederatzi gutxiago. Denetarik egon da espedizio guztietan, baina mendizaleok momentu latzak azkar ahazten ditugu.

Kamarekin eta zelan moldatu zarete?

Pou, I: Lan handia izan da. Bidaia guztietan gu biok eta beste talde bat mugitu gara. Espedizio guztietan, lehenengoan ezik, gugaz etorri da Jabi Baraiazarra, pareteko kamara, eta guztietan sufritu du guk modura. Espedizio askotan egon da baita Gotzon Arrivas, beste baten Eduardo Batiato etorri zen. Jende asko izan dugu laguntzen, eta azkenean, uste dut lana ondo atera dela.

Zuen maila lortzeko egunero joan behar da eskalatzera?

Pou, E: Urte osoan ia egunero eskalatzen dugu, zazpi egunetatik seitan. Baina proiektuagaz hasi ginenetik ez dugu asti askorik izan. Antartidatik bueltatu eta lan handia egin behar izan dugu. Entrenatzera joaten ginen, baina arrokara oso gutxi. Panelean entrenatu behar izan dugu, eta guri ez zaigu barruan eskalatzea askorik gustatzen. Bestalde, espedizioak daudenean mendira joaten gara, korrika egin eta bizikletan ibiltzen gara, baina batez ere, eskalatu egiten dugu.

Hurrengo proiekturik?

Pou, I: Orain ez dugu beste espedizio luze-luzerik prestatuko, baina kanpora goaz. Maiatzean AEBra goaz eskalatzera, berriro Yosemitera. Gero, beste leku batzuk errepikatuko ditugu. Eskalatzen ibiliko gara kanpoan, baina aurten, lasaiago.

Lea-Artibai eta Mutriku ezagutzen al zenuten?

Pou, E: Markina-Xemeinera etortzen ginen gazte ginenean, koadrila geneukan eta daukagu,baina orain ez gara asko etortzen. Urte askotan etorri gara Markina-Xemeingo jaietara. Bestalde, Mutrikun uda asko pasatu ditugu. Menditik etorrita beti joaten ginen Mutrikura hogei egun edo pasatzera.

Hemendik badago lekuren bat eskalatzeko?

Pou, E: Hondartza onak bai, baina eskalatzeko leku gutxi dago, arroka txikiak... Araban askoz hobeto. Bertokoek kanpora joan beharko dute eskalatzera.

Horrenbeste abentura bizi izanda, anekdotarik ez zaizue faltako...

Pou, E: Espedizio bakoitzeko anekdotaren bat dago. Yosemiten egon ginenean, animaliekin izan genituen arazoak esate baterako. Urte beroa zen, eta bidean gindoazela, kriskitin sugeekin susto ederrak hartu genituen, bitan edo hirutan zapaltzekotan egon ginen. Bestalde, hartzekin ere izan genituen arazoak. Hartzek ez dituzte pertsonak erasotzen, baina eroaten duzun janariaren bila hurreratzen dira. Egun baten, eskalatzen geundela, italiar bi etorri ziren gu geunden ingurura. Petatea utzi, eta zuhaitz baten azpira joan ziren jatera. Guk hartza zetorrela ikusi eta deitu egin genien. Italiar bat lasterka hasi zen petaterantz, eta beste aldetik hartza ere aringa-aringa zihoan bertarantz. Justu bata bestearengandik bost metrora zeudela, biak elkarri begira geratu ziren bost segundoz. Bat-batean, biak kontrako norabidean hasi ziren aringa-aringa.

Pou, I: Yosemiten beste gauza bat ere gertatu zitzaigun. Azken egunean buelta eman zigun hamakak. Berandu iritsi ginen, nekatuta, hamakak muntatu genituen, baina ez oso ongi, eta gauerdian, 900 metro beherago, ohiuka eta segurtasun sokatik zintzilik esnatu nintzen. Buruz behera geunden.

Pou, E: Antartidara sei pertsona joan ginen belaontzian, Gotzon Arribas, Jabi Baraiazarra, Iker eta ni eta bi tripulanteak. Gu laurotatik, belaontzietan esperientzia zuen bakarra Jabi Baraiazarra zen, getxoztarra, aurretik ibilitakoa. Aholkuak ematen ibili zen, zer egin behar genuen, zelako pastillak hartu... Eta lehenengo egunean, belaontzian sartu eta gaizki jarri zen, eta bost egun jarraian gelan sartuta egon zen.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.