
Egondako lapurreten ostean, kezka agertu dute taberna jabeek
Gizartea
Goitiko jatetxean birritan lapurtu dute joan den Aste Santuan; Oskar Bilbaok, tabernako jabeak, «inpotentzia sentitu ostean», alarma jartzea erabaki du.
edurne burgaña
Lekeitioko tabernetan lapurretak egin dituzte aurtengo Aste Santuan. Mantxua jatetxean, Gallo tabernan eta Goitikon sartu dira lapurrak; azken horretan gainera, birritan. Horren aurrean, herritarren kezka nabaria da, eta zer esanik ez tabernariena. Goitiko jatetxeko jabe Oskar Bilbaok alarma jarri zuen atzo bertan.
«Martxoaren 14tik 15erako gauean sartu ziren lehendabizi, eta gero, 23tik 24rako gauean. Baina ez da sartu diren lehenengo aldia izan», gogorarazi du Bilbaok. «2003an leiho batetik sartu ziren, eta burdin hesia jarri genuen. 2005ean ate nagusitik sartu ziren, atea bortxatuta. Aurten, goiko balkoitik sartu dira bietan, eta azkenekoan atzeko kalera ematen duen atetik atera ziren», azaldu du jatetxeko nagusiak.
Lapurretak egin diren gutxi gora-beherako ordua ere badaki Goitikoko jabeak: «Gu goizaldeko 01:00ak aldera arte egoten gara, eta garbitzailea 05:30ean hasten da beharrean. Beraz, hortxe tartean sartu dira lapurrak».
«Inpotentzia handia»
«Inpotentzia» da sentimendu nagusia. «Goizean, 06:00ak aldera, lanera etorri Ertzaintzaren abisua jasota, eta ordu bi egoten zara ezer egin barik. Ertzainak beharrean egoten dira arrastoak topatzen, eta zu ezer egin barik».
Baina, lapurretak berak baino, herritarren galderek min gehiago egiten dutela gehitu du Bilbaok: «Lapurretan egiten dutenean, gauza materialak eroaten dituzte, baina gero, herriko jendea galderak egitean hastean, inpotentzia handia sentitzen da, eta horrek mina ematen du».
Ustezko lapurrak
Lapurreten ostean, alkateagaz bildu zen Oskar Bilbao, Goitiko tabernako nagusia, eta herriko zaintzearen gainean berba egin zuten: «Alkateak azaldu didanez, herrian hamahiru udaltzain daude, eta planteatu izan dira gaueko txanda ere jartzea; baina antza, ez da hain erraza. Hala ere, gauez herrian nolabaiteko zaintza egon beharko litzatekeela uste dut».
Bestalde, udaltzainek ezin dute pistolarik erabili, eta beraz, lapurreta baten aurrean askorik ezin dutela egin uste du Bilbaok. «Baina, gutxienez, lapurrek udaltzainak ikusiz gero, lapurreta egiteko orduan traba izango litzateke».
Lapurretan egin dutenak «profesionalak» ez direla uste du Bilbaok: «Bi bider etorri, eta bietan makinetako dirua eroan dute, baina bigarrenean, janaria eta metxeroak ere eroan zituzten. Horrek esan nahi du gosea dutela».
Lapurrak, ustez, zeintzuk izan ahal diren ere badakielakoan dago Bilbao: «Drogekin arazoa duten batzuk daude herrian. Lehen Mutriku eta Markina-Xemeinen ere egon dira, eta handik, ia bota egin dituzte, eta hemen amaitu dute, Lekeition. Kanpokoak izanda, diru laguntzak dituzte, baina drogen arazoa edukita, lapurretan egiten dutenaren susmoa daukat», azaldu du.
Alarma
«Cazalisek ertzainen buru teknikoagaz egongo zela azaldu zidan herriko lapurreten berri emateko, baita udaltzainekin ere. Eta kontrolatzeko eskatuko zuela», esan du Bilbaok. «Baina nolabaiteko kontrola edukita ere, behin udaltzainen txanda edo ertzainena pasatu denean, lapurretan egin behar duenak kalkulatu egin dezake, gutxi gora-behera, noiz pasako diren berriro. Beraz, tarte bat dute lapurreta egiteko».
Hori horrela, atzo bertan alarma jarri zuen jatetxean Bilbaok: «Ertzaintzagaz konektatuta egongo da lehen urtean, eta gero aukera dago konexio hori kentzeko. Urtea pasatzen denean ikusiko dugu zer gertatzen den».
Zurea da hitza
Lapurreten aurrean, gaueko zaintza falta dela salatu dute
Manifestazioak egiten direnean bai, baina bestela, herrian ertzainik ez dela ibiltzen azpimarratu du irakurle batek.
irakurle bat
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ERAKUSKETA
Motorren erakusketa
MARKINA-XEMEIN, Uhagonen - 2008-11-21
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.