Edukira joan

2002ko apirilaren 12an itxura aldatuta agertu zitzaion publikoari ordura arte Zine Alameda izandakoa; euskaldunen topalekua izatea helburu, ordundik hona bateko eta besteko ekimenak hartu ditu antzokiko agertokiak.

Elkartzeko plaza

larraitz ibaibarriaga

Arrazoi asko ematen ditu batzeko. Ehunka arrazoi elkartzeko. Sasoi batean plazak zeukan eginkizuna betetzea helburu, taberna baino askoz gehiago da Kafe Antzokia.

2002ko apirilaren 12a. Ondarroako Kafe Antzokiak ateak zabaldu ditu. Inoiz herrian ikusi den aretorik handiena da. Ezberdina. Bati baino gehiagori arraroa egiten zaio atea igaro eta aurrean daukana ikustea. Zine Alameda datorkie gogora. 2002ko apirilaren 13a. Benito Lertxundi dago agertokian.

Ordundik, sei urte pasatu dira. Eta urtemugetan gertatzen den modura, ehunka arrazoi ditu Zenbat Gara Elkarteak ospatzeko.

Hartara, «publikoak eskertuko duen ziurtasunagaz», Zea Mays egongo da kontzertuan bihar. Bilbotarrek Morphina euren azkenenengo beharra dakarte besopean. Kontzertuak ageri-agerian lagako du beste behin ere, taldearen eta Ondarroaren artean dagoen lotura berezia. Eta 2002an Lertxundik bete zuen gunea Markina-Xemein, Mutriku eta Lekeitioko bertsolariek hartuko dute, etzi, hilak 13. Bertso dema mundiala antolatu dute antzokikoek.

Gainean dauden ekimenak gogoan, urteak bete ahala, Ondarroako Kafe Antzokiak egokitu egin du eskaintza. Gorako eta beherako joerak tartean, azkenengo urte bietan ahalegin berezia egin eta kultur eskaintza handitu dute, «publiko- aren erantzunari erantzunda».

Bederatzi hilabete, 52 ekimen. Horrelantxerik laburbildu daiteke 2007ko eskaintza, «aurreko bi-hiru urteetakoa baino zatia handiagoa», Txomin L. Aramaio antzokiko kultur programatzaileak azaldu duenez.

Ia urtebete atzera eginda, Fermin Muguruzak bete zuen antzokiko plaza iazko uztailean, eta handik aurrerako ekimenek harrera «on-ona» eduki dute. «Muguruzak argi dauka berak zer edo zer daukan bakoitzean badatorrela», aitortzen du programatzaileak. Eta bera modura, gero eta talde gehiago dira iritzi berekoak.

Taldeak orain «erraz» datoz antzokira, eta publikoak ere gora egin du, bikoiztu egin da. «Jendeak erantzuten duenez, geu ere apustua handitzen goaz». Eta iazko eskaintza zabala izan bazen, aurtengoak gainditu egingo du. Iazko lehenengo lau hilabeteko hamar ekimenak txiki geratzen dira aurtengo 23gaz alderatuta.

Profila zabaltzen

Jende gazteari eta kontzertuetara ¬ gehienbat, rocka¬ mugatu du Ondarroako Kafe Antzokiak lehen urteetan, batez ere, eskaria, noiz edo noizko saio lasaiagoak eta herriko taldeen unean uneko saioak tartean. Eskaria, ondorioz, eskaintzari egokitu izan zaio, eta gazte jendea izan da antzokiko ikuskizunetara elkartu dena, batez ere.

Orain, sei urteko ibilbidea atzean, umeentzako gauzak antolatzen eta antzezlan gehiago ekartzeko erronkan sartu da Zenbat Gara, rock eskaintza eta herriko ekimenei lekua kendu barik. Horrez gain, publiko helduagoari tartea egin nahian, domeka iluntzetan hasi dira antolatzen kontzertuak, «lasaiagoak».

Ondarroa eta alboko herriak

Aspaldian egin duten beste ahalegin bat izan da Mutrikuko eta Lea-Artibaiko taldeak ekartzea. «Mutriku gaua egin zen, Markina-Xemeingo taldeak ekarri ditugu».

Izan ere, antzokia Ondarroan dago, baina ez da bakarrik Ondarroakoa. Eta hori igarri-igarria da. Datuak eskuan, kultur ekimenak ikustera doan publikoaren %75 ez da herrikoa, eta hortik, %25, gainera, Mutriku eta Lea-Artibaitik haratagokoak dira; herrikoak gutxi joaten dira antzokira. Salbuespena izaten da, baina, herrikoen ikuskizunen bat egotea. Orduan, bai, aurpegi ezagunez betetzen da aretoa. Eta askotan gertatzen den lantxerik, batzuetan «sasoi duzue zer edo zertan hasteko» lako esaldiak entzun behar... Ezjakintasuna ausarta da gero!

Aurrera begira, eta ez da ahaztu behar talde bat ekartzea ez dela errentagarria, pixkanaka-pixkanaka kanpoko taldeak ekartzen hasiko dira elkartekideak. Apustu horretan, La gossa sorda taldeak bisitatuko du Ondarroa laster, ska doinuekin. Ekainean «talde ikaragarri ona» dator, rumba katalana egiten duena. Manu Chao izan dute bidelagun euren diskoan, eta gazte-gazteak izanik, «itzelak» dira La Pegatina taldekoak.

Euskal Herrira buelta eginda, Ken 7 eta Doctor Deseo ekartzeko saiakera ere egingo du Zenbat Garak aurten.

Hurreragokoak ala aparteagokoak izan, taldeen jarreraz galdetuta, aho beteko «oso ona» datorkio Txomin L. Aramaiori. Horretan badaukate zerikusia aretoaren ezaugarriek. «Euskal Herrian ez daude horrelako areto asko». Horren adierazgarri, handik eta hemendik beharrean diharduen teknikari baten berbak. Penintsulatik areto onena legez deskribatu zuen Ondarroako Kafe Antzokia, sonoritateari aitamena eginda.

Horretan lehen zinea izateak ere edukiko du zer esanik. Ordundik, sei urtetik gora pasa dira.



 


6. urteurreneko egitaraua

Bihar, apirilak 12

22:30.

Zea Mays talde bilbotarrak bere azken diskoa aurkeztuko du. Sarrera: 5 euro, Kafe Antzokian eta Zurrumurrun; Zenbat Gararen lagunek: 3 euro.

Domeka, apirilak 13

19:00.

Bertso dema mundiala, Markina-Xemein, Mutriku eta Lekeitioko bertsolariekin. Doan.



 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.