
Denbora dena da. Bizitza da. Eta horretaz kontzientziatu beharra dagoela azaldu dute asteon 'Denboraren kudeaketa' izeneko ikastaroan. Antolaketa ona garrantzitsua da.
Orratzak beti doaz aurrera
irati urberuaga
Zuek erlojuak dituzue, guk, berriz, denbora». Nepalen-edo hori esaten dutela zioen lehengo egun batean batek. Ez zekiela ziur Nepalen bazen, baina esaldia gustuko zuela. Hain zuzen ere, kezka horrek bultzatuta-edo, Denboraren kudeaketa izeneko ikastaroan zeukan izena emanda.
Jaikitzeko ordutik lotara sartzeko ordura arteko prisek, askotan, ez dute uzten eguneko antolaketa egiten; ez dute uzten, azken batean, denbora kudeatzen. Horren arduragaz, eta batez ere, lanean ahalik eta gehien edo ondoen ekoizteko helburuagaz, dozena bat lagun ibili dira asteon Lea Artibai Ikastetxean antolatu duten ikastaro horretan.
Premia horren gerizpean edo, gero eta gehiago dira era horretako ikastaroetan izena ematen dutenak. Hala dio Esther Elezgarai ikastaroko irakasle gernikarrak. «Antzeman dugu gero eta eskari handiagoa dagoela, interesa dagoela. Gainera, Interneten gero eta gehiago begiratzen dute, denboraren kudeaketari buruzko informazioa gehitzen doa-eta, apurka-apurka».
Beharra, denboraren lapur handiena
Izena ematen duten asko estresatuta sentitzen direlako joaten dira horrelako ikastaroetara. «Eguneko jardunean helburu guztietara ezin izaten dutelako heldu edo bezperako lanak biharamunerako uzten dituztelako etortzen da jendea. Azken batean, ezintasunak dituztelako denbora kudeatzeko», azaldu du Elezgaraik.
Hala ere, beharrak eragindako kezkagaz joan arren, eztabaidatzen hastean, ikasleak konturatzen ei dira lan arloak besteak jan egiten dituela. «Horrek beti prisetan murgilduta egotea dakar. Ez dakigu nora, baina beti korrika goaz». Beraz, lan munduan hobekuntzak lortzeko helburua bizitzako beste arloetan ere aplikagarria dela konturatzen dira ikastaroko partaideak.
Baina ikastarora irtenbide bila doana ia-ia alferrik doala dio Elezgaraik. Ez dago-eta soluzio magikorik. Bai, ordea, gauzak hobetzeko egitekorik. Kontzientziazioa. Hori ei da lehenenengo gakoa. «Hitz batean esan beharko bagenuke, denbora bizitza da. Zelan kudeatu denbora pentsatzen zaudenean, bizitza zelan kudeatu pentsatzen zaude». Ezin jakin, ba, ze bizitza daukan bakoitzak aurretik. «Ahalik eta ondoen aprobetxatzea da kontua. Carpe diem. Aholku orokor bat ematekotan, hori esango nuke», adierazi du irakasle gernikarrak. Gauza asko daude berreskuratu daitezkeenak, baina ez da hori denboraren kasua. «Ezin da erosi, ezin da saldu eta ezin da luzatu. Ezin duzu gorde, ezta aurreztu ere».
Horregatik, horren kontzientziazio edukitzeaz gain, ahalik eta ondoen antolatzea garrantzitsua da. Plangintza on bategaz asko hobetu daitekeela dio Elezgaraik, eta hori lortu nahi dute ikastaroan. Beharrak familiari lekurik ez diotela kentzen sentiaraztea, adibidez.
Basoa
Denbora zer den galdetuta, baliabide bat dela uste du Elezgaraik, ez dela arerio modura hartu behar. Bizitza dela, eta amaitu egiten dela. Beraz, hori kudeatzerako orduan lehentasunak ondo markatu behar direla, ez bakarrik beharrean, baita eguneroko bizitzan ere.
Hori pertsona nagusiek hobeto egiten dutela dio. «Ikuspegi zabalagoa daukate. Dena gainetik ikusten dute, arranoek modura». Denbora erlatibizatu egiten ei dute, eta zertan gastatu eta zertan ez erabakitzen dutela dio gernikarrak. «Umeekin olgetako denbora hartzen dute, adibidez. Egia da ez daukatela etxetik kanporako beharrik, baina aitatutako ikuspegia irabazi egin dute urteekin».
Lehentasunak markatzen dituztela dio. Erlojuaren orratzak ez doazela alferrik aurrera, eta denbora zeri eskaini eta zeri ez ondo dakitela. «Gazteagook hainbat arbola ikusten ditugu, hainbat eginbehar. Baina nagusiek basoa ikusteko gaitasuna dute. Arbola horiek guztiek basoa osatzen dutela ikusten dute».
inkesta
«Badakit lanean denbora hobeto kudeatu daitekeela»
Fernando Gomez
Sestao
«Bizitzarako aplikagarria bada, ba hobeto»
Maitane Etxaburu
berriatua
«Denbora antolatzeko premia handitzen doa»
Nikolas Padilla
berriz
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.